Ia-ia A-15 autobidearekin batera, urnietarroi ezaguna egin zaigun eraikina altxa zuten Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren alboan: HK10 hotela. Bere izenak dioen bezala, Donostiatik 10 kilometrora egotea da bere amu emankorrena, baina ez bakarra: enpresa bilerak, sagardotegietako jendea, kirol klubak…, bezero asko eta ezberdinak erakartzen ditu. 2012-2013an urte zailak ezagutu ostean, abiada hartu eta sendotzen ari da. Maite Alkain da hoteleko gerentea (Donostia, 40 urte), eta negozioa gidatzeaz bat, urnietarrengana gehiago hurbiltzea da esku artean daukan erronkarik potoloena.
Zenbat urte daramatzazu HK10 hoteleko kudeatzaile jardunean?
Hotelak bost urte eta erdi ditu, eta nik urtebete gutxiago daramat gerente lanean. Ez nintzen hasieratik egon.
Eta, zein balantze egiten duzu?
Gogorra da, baina edozein negozioko gerente jarduna bezalaxe. Batez ere hasiera izan zen zaila. Pixkanaka zure lanak fruituak ematen dituela ikusten duzu, eta kemena irabazi, lanean jarraitzeko. Nire lanean oso garrantzitsua da pertsonen gestioa. Arazoetan, baina baita satisfakzioetan ere. Niretzat langileak gustura egotea funtsezkoa da, bezeroak atetik sartzen direnean langilea gustura dagoela sumatu behar duelako, beti aurpegi ona eman. Eta ez da erraza: ordutegiak gogorrak dira, hotela urte osoko egun guztietan baitago irekia, 24 orduz egunero. Geroz eta zailagoa da asteburuetan edo gauez lanean ari nahi duen jendea topatzea, eta daudenak motibatzea ere ez da erraza. 20 bat langile gaude, eta oso pozik nago. Beraiengatik ez balitz izango, hotela ez litzateke martxan egongo. Langileak ezinbesteko piezak dira, eta ni orkestrako beste pieza soil bat naiz, kontzertua ona izaten laguntzen duena.
Nolakoa da zure egunerokoa?
11 eta 8 urteko bi ume ditut, eta haiek ikastolara eraman ondoren etortzen naiz, goizeko 09:00ak aldera. Bulegoan beti dago zer konpondu, zer atenditu. Posta elektronikoz egiten dut lan batez ere, taldeen erreserbak-eta nire ardura dira. Orain fibra optikoarekin borrokan gabiltza, hotelean eta industrigunean momentuz ez daukagulako, eta badakizu, egun, Wifi ona eta azkarra eskaintzen ez baduzu, jai duzu bezeroak erakartzeko.
Zer moduz doa negozioa?
Ondo. 2016a oso ona izan zen, Donostia Europako Kultura Hiriburua izan zelako, eta guk, neurri batean, Donostiak hartzen ez duen, edo hartu ezin duen bezeroa hartzen dugulako. 2017a ere txukuna izan zen, ez aurrekoa bezain ona. Kezkatuta gaude orain, Donostian hurrengo urteetan 2.000 ohe gehiagoko eskaintza egin nahi dutelako. Apartamentu turistikoen kontuak ere arduratzen gaitu. Arduratu, diot, ez bainago aurka. Araututa egotea nahi dut. Ni ere erabiltzailea naiz. Hotel batek sekulako arau mordoa bete behar ditu, hainbat tramite osatu…, ba apartamentuek ere antzera egitea eskatzen dut.
Betetze datu bat eskatuko banizu?
%70 ingurukoa esango nuke, batez beste.
52 gela dituzue, ez da datu txarra.
Gehiago nahi nuke, jakina, baina dena ez da betetzea.
Zenbat ordaindu behar da, HK10 hotelean lo egiteko?
Aldatzen da prezioa, goi-denboraldia, edo behe-denboraldia izan, baita logelen arabera ere, baina orokorrean, 60 eta 100 euro artean gela bikoitza.
Nolakoa da hotelera etortzen den bezeroa?
Sagardotegietako bezero asko etortzen dira, apirila bitarte. Larunbat eguerdian etorri, eta igande goizean joaten dena. Talde asko, ezkongabeen despedidak… Urritik ekainera bitarte enpresetako bezeroei esker egiten dugu aurrera. Gero eta gehiago etortzen dira, zorionez, ekipamendu ona dugulako haientzat.
Autorik gabe datorrenari ere mesede egiten dio, garraio publikoak, tarte txikian Donostian zaudelako.
Bai, hori ere egia da. Atzerritarra, edo Donostia ezagutzen ez duena ez da autoz joango Donostiara. Guk trenean joateko gomendioa ematen diegu, autoarekin badaude ere, autoa geltokian utzita. Bestela autobusean. A-15 autobidea gertu edukitzeak ere mesede handia egin digu.
Esan duzu, Donostiako eskaintzarekin asetzen ez den jende dezente etortzen dela…
Bai, hala da. Batez ere uztaila eta abuztuan etortzen diren turistak. Donostian ohe guztiak agortzen dira udan, edo akaso garestiegia da, bezero jakin batentzat, eta hiriko kanpoaldera etortzea erabakitzen dute.
Kirol klubak hartzen espezialistak bilakatu zarete.
Bai. Hasieran izotz-hockeyko klubekin hasi ginen. Ez dira asko, baina ahoz ahokoari esker, klub bereko beste kirol taldeek jakin dute eurentzat baldintza egokiak eskaintzen ditugula: saskibaloia, eskubaloia… Mesede handia egiten digute Gipuzkoako klubek, kanpoko taldea hona datorrenean, hemengoari galdetzen diotelako non hartu dezaketen ostatu, eta gure erreferentzia ematen diete. Iaz Madrileko talde pilo bat etorri ziren: Navalcarnero, Majadahonda… 2. B mailakoak.
Lehen Mailako talderik ez duzue hartu, momentuz.
Ez, ze euren ‘katxe’-a handia da, eta bidaiaren bat egiten dutenean ohitura bitxiak dituzte: lauzpabost egun blokeatzeko eskatzen dute, badaezpada, ondoren gau bakarra pasatzeko. Jatetxean ere eurek bakarrik egon nahi izaten dute… Gurea 200 logelako hotela balitz, onartuko genuke, baina ezin dugu ostaturik eskaini baldintza horietan.
Nongo jendea etortzen da gehien?
Katalunia eta Madrildik, zalantzarik gabe. Zaragozako jendea ere bai, gertutasunagatik. Sagardotegi garaian bizkaitarrak, eta atzerritik, ba frantziar asko. Ingelesak eta alemaniarrak ere.
Ze mezu uzten dizkizute bezeroek?
Wifia hobetzeko!!! Oso hotel atsegina dela, logelak oso erosoak, gosaria ere ona dela...
Zein da, zure ustez, HK10 hotelera etortzeko arrazoi nagusia?
Sukaldea. Orain, hotel askotan, joera logela eta gosaria bakarrik ematea da, kudeatzeko askoz errazagoa delako. Hoteletan jatetxea jartzea minbiziaren parekoa dela diote, baina gu kontrara goaz. Janari ona eskaintzeko erronka hartu genuen, hotela independentea eta jatorri familiarrekoa delako. Hotelaren jabeek beti izan dute sukalde onarekiko zaletasuna, gustua, tradizioa, eta horrek jarraipena izan du. Kirolarien aldetik eskertza mezu asko jasotzen ditugu. Egia da haien janariak ez daukala konplikazio handirik, nagusiki pasta, arroza, oilasko-bularkiak eta beste jaten dutelako, baina ezberdina da halamoduz egindako pasta edo arroza eskaintzea, edo landutakoa. Hainbeste bidaiatzen duen jendeak eskertzen du janari goxoa eskaintzea.
Urnietan katalogazio handiena daukan hotela da HK10. Ze ekarpen egin dio hotelak Urnietari? Urnietako herritarrek ba al dute hotelaren berri?
Ba agian Salesiar ikastetxeko aldaparengatik da, baina ematen du badagoela halako horma bat herria eta hotelaren artean… Hotelaz gain, kafetegia eta jatetxea ere badugu, baina urnietarrak baino, Andoaingo jende gehiago bertaratzen dela esango nuke. Autokritika egin behar dugu, komunikazioan ez baigabiltza fin. Musika zuzenean jartzen dugu ostiraletan, sare sozialak, kartelak jarri… baina, ezin. Semeei entzunda jakin dut, jendeak zera galdetzen duela: ‘baina hor jendea ibiltzen al da?’. Ekonomikoki, Urnietan aportazio handia egiten dugula esango nuke.
Herriarekiko urruntasun hori murrizteko modurik sumatzen al duzu?
Beno, publizitatearekin, edo aktibitate jakin batzuk babestuz, saiatzen gara. Baina bost urte bakarrik daramatzagu, eta hori ere eragozpen handia da. Urteak aurrera egin ahala, herrian gero eta gehiago integratuko garela uste dut. Begira Oialumeren adibidea… Gu baino urrunago daude, baina arrakasta handia dute. Arrazoia? Ezagunagoak dira. Baina tira, 40-50 bat menu ematen ari gara egunero, 13 euroko salneurrian, eta ea ba, urnietarrak kilometro erdi ibili eta guregana ere etortzen diren. Irudipena daukat jendeak ez dakiela menua ematen dugunik… Hotelek askotan halako beldurra sor dezakete, eta lau izar baditu gehiago: ‘Buf, lau izar, astindu ederra emango didate…’, eta ez da hala.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Egunaren arabera… Donostiako 2000 oheen kontuak arduratzen nau, Lasarte-Orian ere beste hotel bat eraiki nahi dute… Egoera ekonomikoa dezente hobetu da azken bi urteetan. 2012an, hotela ireki genuenean, krisi betean geunden. Gaur poztasun gehiago sumatzen da, enpresetako bezeroak-eta gorantz doaz. Bezero batzuk esaten digute, nolatan altxa genuen halako hotel puska, industria poligono batean, eta lau izarrekoa. Denbora arrazoia ematen ari zaigu, lau izarrekoa izanda nahiko prezio erakargarriak eskaintzen ari garelako. Hiri handietako bezeroek ere mendi ingurunean gaudelako eskerrak ematen dizkigute (barrez). Kafetegian inguruko baserritar edo langileak, eta jantzi garestiak daramatzaten enpresa-gizon dirudunak elkartzen dira, eta horrek harro sentiarazten nau. Jende guztiarentzat irekita dagoen hotela da gurea.