Beertokiko kideak azokarekin gertatutakoaz mintzatu dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 5a, 02:00

Beertokiko kideak frontoiaren parean bildu dira asteotako gertakarien berri emateko herritar, elkarte eta eragileen aurrean.

Beertoki garagardo artisauak eta musikak batu gaituen lagun talde bat gara. Herriari bizia eman eta azoka bat egiteko asmoz elkartu ginen lagun talde bat. Gero eta gehiago gara, eta azokaz gain, beste hainbat ekimen antolatzen ditugu urte osoan zehar herriko hainbat tokitan.

Aurten azokaren hirugarren edizioa ospatuko dugu.

2016an ospatu zen lehen aldiz. Apirilaren 2an, urtero bezala astesantu ondorengo asteburuan. 2016ko urtarrilean jarri ginen Udalarekin kontaktuan, azoka eguna baino hiru hilabete lehenago. 24 ordu baino gutxiago falta zirela iritsi zitzaigun baimena.

2017an, berriz, azokarako hiru aste falta zirela Udalak segurtasun eta higiene proiektu bat eskatu zigun, arkitekto batek sinatuta. Kostata eta gure aurrekontuak gaindituz, hau da, gure poltsikuetatik dirua jarriz, lagunen laguntzaz eta ate asko joaz, proiektua garaiz aurkeztea lortu genuen Udalaren exigentziak beteta.

2018an azken uneko ezusteak ekiditeko asmoz, eskaria inoiz baino lehenago egin dugu, abenduaren 1ean. Urteroko eskari berbera: pilotalekuaren erabilerarako baimena, mahai era aulki gutxi batzuk, zakarrontziak...

Azokarako hilabete falta zela, martxoaren 8an, espero gabe, baimena ukatzen digun gutun bat jasotzen dugu. Azoka pilotalekuan egiten diren kirol jarduerekin bateraezina dela argudiatuz. Pilota partidak zeudelakoan, Behar Zanarekin harremanetan jarri ginen, baina hauek partidarik ez zegoela ziurtatu ziguten. Harridura, Udalari bilera bat eskatu genion. Martxoaren 12an alkatearekin bildu ginen eta erabaki horrekiko gure desadostasuna azaldu genion.

Gu, rekapazitatu eta baimena emango zigutelakoan geunden, baina martxoaren 19an, baimena ukatzen zigutela berretsi ziguten. Alternatiba bezala Txermingo ikastola jartzen zigutelarik. Guk beste bilera bat eskatu eta ukatu egin ziguten (denborarik ez zutela eta erantzuna ez zela aldatuko esanez).

Beertokiko kideok, haserre, martxoaren 21eko plenora azaltzea erabaki genuen, Udalaren erabakiarekiko gure desadostasuna eta preokupazioa adierazi genien, bi aste faltan, azoka kolokan ikusten genuelako. Baina hane ere ez genuen erantzun positiborik jaso.

Egoera horren aurrean, herriko eragileen babesa jasotzen hasi ginen, gai honek ez gaituelako guri bakarrik eragiten. Sinadura bilketa bat jarri dugu martxan, dagoeneko herriko 20 eragile baino gehiagok eta 300 bat herritarrek sinatu dute.

Hau ikusirik, Udalak beste bilera batera deitu gintuen martxoaren 26rako, goizeko hamaiketan.

Lau langile gazte gara, ezin dugu gure lanpòstua edozein momentutan utzi, al duenak jai eta ordu batzuk libre hartu behar izaten ditu, beste batzuk ezinezkoa dugu gure lanpostua uztea. Gainera, gure jaiegunak galtzen ditugu. Proposamena telefonoz egiteko eskatu genien, baina pertsonalki biltzea nahiago zuten. Dena konponduko zelakoan, ahala zuenak lanetik atera eta pertsonalki bildu ginen Beertokiko bi kide, Udaletxeko bi ordezkarirekin. Bilera hasi baino lehenago ohartarazi genien momentuan ez genuela erantzunik emango, bertan egon ezin izan zuten beste kideekin batera erabaki behar genuelako. Udalaren proposamena berbera izan zen, Txermingo ikastolan ospatzea azoka. Haserre, ezertarako lanetik ateratzeagatik, mahaitik altxa eta joan egin ginen. Herrian zurrumurrua zabaldu da. Komunikabideak gaiari buruz ari dira, herritarrak, eragileak...

Guk ez dugu amore eman argumentu sendoak ditugulako.

Pilotalekua publikoa da eta honek erabilera anitzak izan behar dituela aldarrikatzen dugu. Ados gaude pilotak lehentasuna izan behar duela, eta betebehar batzuk adostu behar direla pilotalekua egoera onean mantendu dadin.

Gure lana ahalik eta zuzenen eta egokien saiatu gara beti. Gure betebeharrak betez, eskariak garaiz eginez, denborak ondo neurtuz. Udaletxeak exigitutako guztia bete dugu beti. Seguroa, segurtasun eta higiene proiektua... Garbiketaren aldetik, ez dugu inoiz inolako kexarik jaso ez Behar Zanaren aldetik, ez bizilagunen aldetik, ezta Udaletxearen aldetik ere. Are gehiago, iaz alkateak berak pertsonalki deitu zigun garbiketagatik zoriontzeko.

Irailean hasten gara astesantu ondorengo azoka antolatzen, garagardogileekin kontaktatu, diru laguntzak lortu, seguroa egin, materiala prestatu, edalontziak, kartelak... eta beste hainbat gauza. Hilabete faltan dena egina dago. Eta bai, oporretara joaten gara, baino lana eginda, azoka antolatuta.

Honek udalaren kritikek diotenaren aurka seriotasuna adierazten du. Eta azken momentuan, presupuestoak itxita, proiektu berri bat eta seguroa berriro egiten hastea txermingo ikastolarako ez. Hori ez dela serioa.

Atzo, apirilaren 4an, azoka baino hiru egun lehenago, udalak beste bilera batera deitu gintuen. ORAINGOAN BAIMENA EMAN DIGUTE. AZOKA PILOTALEKUAN OSPATUKO DA.

Udalak gure argumentuak ulertu ditu, eta aurten Beertoki azoka Behar Zana pilotalekuan ospatzea baimendu du. Eta urtean zehar pilotalekua erabiltzen dugun herriko eragileak bilera batera konbokatzeko asmoa ere adierazi digu.

Pozik gaude, baina zuhurrak gara. Zapore gazi-gozoz atera ginen atzoko bileratik. Udalak eragileen hitza kontuan hartuko duela esan digu, baina argi ikusi dugu udalak pilotalekuaren erabilerak mugatu nahi dituela. Guk ordea, pilotalekuaren izaera publikoa eta honek erabilera anitzak izan behar dituela aldarrikatzen jarraituko dugu. Honenbestez sinadura bilketarkin aurrera jarraituko dugu. Gure ekimena baimendu dute, bai, baina honek ez du ziurtatzen, aurrerantzean, beste ekimen batzuk baimentzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!