EH Bildu, Beertokiren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 5a, 02:00

Beertoki azoka Bearzana pilotalekuan egiteko erabakiaren inguruko prentsa oharra igorri du Amasa-Villabonako EH Bilduk:

UDALAK ATZERA EGIN ONDOREN, BEERTOKI AZOKA

BEHAR ZANA FRONTOIAN EGINGO DA

Gaur jakin dugu atzo arratsaldean PNVko militante batek eta udal arduradunek Beertoki azokako antolatzaileekin egindako bileraren ostean, azkenik udalak artisau garagardoen azoka Villabonako frontoian egiteko baimena eman duela.

Lehenik eta behin, honakoa oso albiste ona dela adierazi nahi dugu. Udalak bere lehen erabakiarekin ekintza hau arriskuan jarri bazuen ere, Beertoki azoka frontoian, antolatzaileek aspalditik prestatuta zuten moduan (inolako beldurrik gabe) egin ahal izango da larunbat honetan, eta hori pozgarria da.

Nabarmen geratu da afera honetan udal gobernuak atzera egin behar izan duela, udaleko plenoan eta komunikabideetan hainbeste defendatu zuten erabakia guztiz aldatzeraino iritsiz.

Hau ez da udalaren eskuzabaltasunari esker izan; inposizio eta debekuaren aurrean isilik edo geldirik geratu beharrean, Beertoki azokako antolatzaileek erreakzionatu, erantzun eta beren eskubidearen alde borrokatu dutelako gertatu da. Hau izan da PNVko arduradunek gogoz kontra atzera egitearen arrazoi bakarra. Horregatik Beertokiko antolatzaile taldea zoriondu nahi dugu, tinko eusteagatik eta udalaren debekua gaindituz, dagokiena irabazteagatik.

Tristea eta tamalgarria da herriko espazio publikoan ekintzak antolatu nahi dituztenek, (horretarako eskubide osoa izanik) udalaren konplizitatea eta laguntza izan beharrean, udal gobernu honek hartutako jarrera debekatzaile eta oztopatzailearen aurka borrokatu behar izatea.

Bukatzeko, zalantza garrantzitsu bat geratu zaigu argitu gabe eta horregatik galdera zuzena egin nahi diogu Maite Izagirre alkateari eta PNVko udal gobernuari: Aurrerantzean herriko elkarte eta eragile ezberdinek Behar Zana frontoia erabili ahal izango dute? edo Beertoki azokarekin hartutako erabaki hau salbuespen bat da?

EH Bildutik gai honetan posizionamendu eta erabaki garbi bat hartu eta zabaltzea exijitzen diogu udal gobernuari. Elkarte eta eragileek frontoia erabili dezaketen edo ez argi geratu behar da, momentu honetan dagoen ziurgabetasunarekin behin betirako amaituz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!