Argazki erakusketaz gozatzeko azken egunak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 5a, 02:00

“Herria herri bilakatu zuten Andoaingo emakumeak” izenburuko argazki erakusketa apirilaren 14ra bitarte ikusi ahal izango da, Basteroko erakusketa gelan. Zabaldu zutenetik, erakusketak ikusmin handia piztu du andoaindar askoren artean.

Andoaingo emakumeen lanbideen inguruko argazkiak eta informazioa biltzen du Basteroko erakusketak. XX. mendean zehar Andoainen izan ziren zenbait denda eta taberna, eta horien ardura zeramaten emakume ezagunak ditu aztergai, eta ikusle gehienen oroitzapenak piztea lortzen ari da.

Izan ere, makina bat istorio txiki bezain hunkigarri biltzea lortu du Itxaso Mendiluze erakusketaren antolatzaileak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Herriko eta auzoko bizilagunen topagune izaten ziren negozio horiek, gertu-gertuko tratua eskaini eta bizitza soziala sustatzen zutenak.

Egun Aingurasutegi, Ancoras iraganean
Elkarren ondoan dauden Aingurasutegi eta Kaleberriko komertzioak eta euren dendariak dira istorio horietako protagonistatakoak. Hain zuzen, Consuelo, Benigna eta Maria Luisa Garatek, hiru ahizpek, Kale Berrian zegoen Exkerranea tabernaren ardura eramaten zuten. Andoaingo hainbat lekukoren arabera, aparteko taberna behar zuen izan; barrua egurrezko egiturazkoa, barra handia eta pianoa eta guzti zeukana. Erakusketan irakur daitekeenez, “famatua zen bermutak eta garagardo botilak kolpez irekitzeko ohitura. Baserritarren topagune ere izaten zen, bertan jasotzen baitzuten Tolosara enkargatutako orturako landarea”.

Martina Albizu da erakusketak azpimarratzen duen beste emakume dendari horietako bat. Bere familiak Kale Berrian zeukan sagardotegian hasi zen lanean, eta gero, denetariko denda ireki zuen Kale Berrian bertan, parean, Aingurasutegi kaleko kantoian. Gerora, bere alaba Manoli Orbegozok segida eman zion dendari. Egiari zor, Manoli, sagardotegian oso gaztetan hasia zen jendeaurreko zereginetan.

San Cristobal taberna, Jauregi drogeria
Aingurasutegi kalea aztergai hartuta, San Cristobal taberna eta Jauregi drogeria azpimarratzen dira argazki bilduman. San Cristobal taberna 1969an ireki zen eta Vicenta Nogales izan zen bere arduraduna. Igandetako meza ostean bertan zerbitzatzen ziren txibiak jendeak oso gogoan dituela adierazten da erakusketan.

Drogeria, berriz, Sotera Aristegik ireki zuen eta bera izan zen bertako saltzailea urtetan; halako batean, bere alaba Fani Jauregik hartu zion lekukoa, eta honek gaur egun irekita mantentzen du denda. “Amak irakatsitakoak eta berak amari begira ikasitakoak tentuz betetzen ditu. Aurpegi txarrik ez da bertan eta hizketaldi xamurrak dendaren bizitzaren lekuko dira”, hala dio argazki baten azpiko testuak Fani dendari gisa deskribatzerakoan. Andoainen, egun, belaunaldiz belaunaldi familiaren baitan transmititu ostean bizirik dagoen denda bakanetakoa izango da Fanirena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!