Bertso saio bikaina Sahararen alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 3a, 02:00

Bastero lepo jarri zuten bertsozaleak asetzeko moduko saioa eskaini zuten Oihana Iguaranek, Unai Muñoak, Unai Agirrek, Beñat Gaztelumendik, Aitor Mendiluzek eta Sustrai Colinak igandean. Sahararen aldeko urteroko ekitaldia izan zen, Andoaingo Sahara-Hurria elkarteak antolatuta.

[Argazkiak]

[Bideoa]  Aitor Mendiluze

[Bideoa] Unai Muñoa gainerako guztiekin

[Bideoa] Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze

[Bideoa] Oihana Iguaran

Ion Beloki gai jartzaile zutela, egoera ugariri egin behar izan zioten aurre bertsolariek, eta makina bat pertsonen larrutan sartuta kantatu behar izan zuten. Gogoetarako bidea ematen zutenak izan ziren gai batzuk, umoretik gehiago zutenak besteak. Hona zenbaitzuk: Gabriel txikia topatzen saiatu ziren boluntarioak, elkarretaratzera doan pentsionista eta bere biloba, Saharatik Euskal Herrira etortzeko itxaropena duen umea, oporretatik itzuli eta zein ondo pasa duten adierazten saiatu behar duten bidaiariak, sagardotegian bazkaldu ostean Hernaniko kaleetan udaltzainek txisa eginez harrapatutakoak…  

Puntu erantzunen ariketarako, Haritz Mujika bertsolariak gidatzen duen Andoaingo gazteen bertso eskolako bi ikasle aritu ziren gai jartzaileen paperan; Iñaki Lopez de Muniain eta Eneko Uria izan ziren horiek.

Ekitaldian zehar, berriki azoka solidarioa egin duten Aita Larramendi ikastolako seigarren mailako ikasleek 505 euroko saria eman zieten Sahara-Hurria elkarteko kideei. Bizkotxoak, tortilla pintxoak eta esku muturrekoak salduz lortu dute biltzea txantxetakoa ez den kopuru handi hori.

 

 

Zenbait bertsoaldi

 

* Gaia Oihana Iguaranentzat:

Ikusiko zenituzten kalean kartelak 130 harrera familia behar direla adieraziz. Oihana, zu, Saharako haurra zara. Zergatik etorri nahi duzu hona?

Oihana Iguaran:

Hiru senide gara etxean

beti ezkaude batera.

bi anai zarrak joan izan dira

Euskal Herriko partera.

Gure bizitzan berdetasun hau

gure ametsen parte da.

Nik ere nahi det behingoagatik

basamortutik atera,

orain artean ez baitet izan

ume izateko aukera.

 

Nere ilusio bat egina det

Anai batek kontatuta.

Nola pizinan ibil daitekeen

bat bihurtuta txalupa.

ta ur freskoa irentsi leiken

grifo batetik zurrupa.

Gogoa daukat hara iristeko

nere ametsak hartuta,

ze handik bueltan etortzen dira

bi zentzutan indartuta.

 

Ja bederatzi urte beteta

unea heldu zait sikira,

eta horren zain jarria nago

begiratuz urrutira.

Nere anaien hitz soil batetik

antzematen det diztira.

Izena eman det ta emateko

izango al dute desira.

Nik segiko det nere hareazko

erloju honi begira.

 

* Gaia Aitor Mendiluzerentzat:

Pasa zen Euskal Herriko txapelketa; bukatu ziren hama mila eta hamalau mila entzuleko saioak; bukatu ziren bertsolaritzaz mintzo ziren iritzi artikulu eta telebistako saioak. Non da bertsolaritza egun? Nondik jango du bertsolaritzak hurrengo lau urteetan?

 

Milaka lagun final haundian

edo pantailei begira,

batzuk pentsatuz ai! betirako,

bertan egongo balira!

Baina aparra pasata ura

badoa bere tokira.

“Bertsolaritza non egongo den”

galderak entzuten dira.

Gaur eta orain hemen dago ta

gure bidea hori da.

 

Lau urtean behin izaten baitu

halako aparraldia.

Duela gutxi azkena eta

aparra pasa da ia.

Herririk herri plazarik plaza

pizten da orain argia.

Hori da gure ibilbidea

badaukagu non aria.

Plaza txikiek egiten dute

bertsolaritza haundia.

 

Beraz herritan eta auzotan

segiko du martxa bera

urte askotan jarraitu duen

bidearen arabera.

Baina lengoan geratu gabe

egin dezala hobera.

Lau urte azkar pasatzen dira,

testigua da norbera.

Berriz helduko da olatua,

ta igo egingo gera.

 

* Gaia Unai Muñoarentzat:

Hiru izar Michelin dituen jatetxeko jabea zara. BCCeko bost bekario hauen (atzeko bertsolariak) kurrikulumak bidali dizkizute. Esan zein lanetan jarriko dituzun.

 

Unai Muñoa:

Nik uste dut gure Aitor

sukaldean txarra dela,

eta bestek egindakotik

gehiagotan jan duela

Baina altua ta zabala da

eta begirada itzela.

Aitor, hartu, hartuko nuke

Baina portero bezala.

 

Aitor Mendiluze:

Beraz sukaldari txarra

omen naizela iritzi.

Ezagutu gabe ia

ene! zenbat juzgu itxi.

Ba nik jendea bidaliko det

nahiz eta hobenean iritsi.

Zure hitzak jango dituzu, Unai

eta jatetxea itxi.

 

Unai Muñoa:

Unairi begira jarri

eta zenbat buru hauste.

Bere doaiak agian

hemen esango nituzke.

Baina ondoan behar dudanik

ez dut horren argi uste.

Bestientzako sukaldatu ta

erdiak jango lituzke.

 

Unai Agirre:

Nahiz eta haundia naizen

nere gorputzean zihar.

Langiletikan asko det

bai mami eta bai gihar.

Aizu, Muñoa, hartzen banauzu

ni gaur, etzi edo bihar

Zure jatetxe onak ez luke

konposterorikan behar.

 

Una Muñoa:

Ez nabil zurikeritan

eta ari naiz ondadru.

Beñat, asko maite zaitut

eta ezintuzket ba nahi galdu.

Baina halare jatetxerako

ez dauka hainbeste gradu,

Ze hain gorputz fina dun pertsonak

sukaldari txarra behar du.

 

Beñat Gaztelumendi:

Ez omen dezu ikusi

ni bezain mutil iharrik.

Ez omen det mitxelinik

ezta ez omen det giharrik.

Honek arrazoi on bat du, Unai,

ez dago esan beharrik:

ni sukaldean aritzen naizela

besteentzako bakarrik.

 

Unai Muñoa:

Sustrairen gorputza ere

noski ez da berriketa.

Sekula ez det ikusi

bere gerria beteta.

Beraz etzaitut nerekin behar

eta eman zazu buelta.

Aitonai paga eskatzen dionak

alperra behar du eta.

 

Sustrai Colina:

Zu zara la creme de la creme,

aho sapaien kapritxo.

Ni berriz potro zorri bat

tabernan gehiegi mintzo.

Bada, soldataz hitz egin nahi nun

ai! Lasarteko Martintxo.

Nornahik ez ditu kobratzen eta

ehun euro hiru pintxo.

 

Unai Muñoa:

Oihanak sukalderako

ez dauka itxura txarrik,

berekin ez dut beharko

ziur laugarren izarrik.

Aspaldi hontan ez det ikusi

eta begi pare ederrik.

Nere ondoan hartuko nuke,

eta ez sukaldean bakarrik.

 

Oihana Iguaran:

Tripa zorriak dauzkazu

eta igual ez bakarrik tripan.

Nere platerak ez zaitu,

nonbait, jarri inbiditan.

Baino etorri naiz sukaldaritza

estudiatzeko irrikan,

ta igual zure proposamena

doa kontrako eztarritikan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!