Aste Santuan herrian geratuko diren gazteentzako tailerrak eta irteerak antolatu ditu Urnietako Gaztelekuak, martxoaren 26tik apirilaren 6ra bitartean. 11 eta 16 urte arteko gazteentzako pentsatutako ekintzak dira, hau da, LHko 6. mailatik, DBHko 4. maila bitarteko ikasleentzat; horiek baitira Gaztelekuko instalazioak erabili ohi dituztenak.
Garazi Jauregi eta Beñat Alonso dira Gaztelekuko arduradunak, eta hortaz, ekintza guztien antolakuntzan dabiltzan pertsonak. Garazi Jauregik azaldu duenez, "hiru ekintza mota antolatzen saiatu gara: Gazteleku barruan, esaterako, sukaldaritza eta eskulan tailerrak; herrian zeharreko ekintzaren bat, kasu honetan, altxorraren bila jokoa, eta hirugarrenik, irteerak". Irteera baikotzean 24 lagunentzako lekua dago, eta gazte gehiagok izena eman badute, zozketa egingo da martxoaren 23an.
Gaztelekutik kanpo
"Elkarren artean erlazionatzen laguntzeko balio dute irteerek eta tailerrek", adierazi du Alonsok. Gazteen gustuen eta interesen arabera osatu da programazioa, beraiek proposatutako ekintzekin, hain zuzen. Ekintza guzti horien helburua "esperientzia esanguratsuak" sortzea dela azpimarratu du hernaniarrak. Urtean zehar gune itxian, Gaztelekuan, egon ohi dira, eta oporrek gazteekin egun osoz kanpora joateko aukera ematen dietela gehitu du.
Zinemara ere opor egunak dituztenero joaten dira, Errenteriako Niessen zinema aretora, zehazki. Gazteek gustura hartzen duten ekimena dela esan dute. Hala ere, irteera arrakastatsuena Irrisarriland abentura parkea dela azpimarratu dute.
Bestalde, hilabetean behin ekintzaren bat antolatzeko asmoa dutela adierazi dute Gaztelekuko arduradunek. Oraindik ezer zehaztuta ez badago ere, hilabetero zerbait antolatuko dela ziurtatu dute.
Gurasoekin bilera
Gaztelekura joaten hasi berri diren gazteen gurasoentzat bilera informatiboa antolatu dute aste honetan. Bide batez, udaberrirako antolatu diren tailerren berri emateko. Gazte Informazio Puntuak eta ludotekak, bestalde, tailerrak antolatu dituzte apirilaren 6an, 13an eta 20an. Lehena, Lappa musika taldearekin.