Pentsioak hizpide izan zituen Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 23a, 01:00

Pentsioak, 1936ko kolpe militarra eta Errepublika eta Gautena izan zituzten hizpide batik bat, ia ordu bete iraun zuen osteguneko udalbatzan.

Pentsioen inguruko mozioa

Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Duintasuna elkarteak bost puntuko mozioa aurkeztu zuen, eta bere kide den Xabier Etxeberriak irakurri zuen. Besteak beste, moziak eskatzen zuen Udalak arbui zezan %0,25 egoera “ziztrina” eta erreklama zezan eros ahalmenari eustea; 1.080 eurotako gutxiengo pentsioa ezartzeko eskatzea txirotasun egoerari aurre egiteko, eta hori gauzatu bitartean, Eusko Jaurlaritzari eskatzea aipatu kopurua ezar dezan pentsiodun guztiek hilero eskura dezaten behar den osagarria; eta, Euskal Euskal Herrirak Babes eta Gizarte Segurantza eskatzea.

EAJ-PNVk bederatzi puntu zituen mozio alternatiboa aurkeztu zuen. Espainiako gobernuari zuzentzen zitzaizkion eskaera gehienak: besteak beste, pentsioen eros ahalmena bermatzea, Gizarte Segurantza-Sistemarako gastu desegokiak ezabatzea eta iruzurra eta enplegu irregularraren kontrako borroka areagotzea, eta gestio arloko eskuduntza transferitzeko tramiteak hastea. Halaber, mozioaren bitartez zera nahi zen, Udalak har zezala konpromisua Sistema Publikoa Ongizatearen oinarrizko lau zutabeetako bat bezala defendatzeko bere borondatea agertzea, eta, Gizarte Segurantzaren sistemako finantzaketa sarrerak handitzearen aldeko apustua egitea. 

Lehen mozioa onartu zen, EH-Bildu, Ganemos, Irabazi eta atxiki gabeko zinegotziaren aldeko botoekin. PSE-EEk abstentziora jo zuen, EAJk kontrakoa botoa eman zuen.  

 

Kolpe militarra eta Errepublika

Irabazi eta Ganemoseko bi zinegotziek Errepublikarekin eta 1936ko kolpe militarrarekin lotuta aurkeztu zuten mozioa onartu zuen Udalak; EH-Bilduren eta atxikitu gabeko zinegotziaren aldeko botoa jaso zuen, PSE-EEren abstentzioa eta EAJren ezezkoa.

Era horretan, Udalak gaitzesten du 1936ko demokratikoki hautatutako II. Errepublikaren kontra uztailaren 18an burututako kolpe militar faxista; Udalak aitortzen du herriek daukaten eskubidea nahi duten sistema politikoa erabakitzeko; Udalak, balio errepublikanoen alde bizia eman zuten gizonezko eta emakumezkoak aitortuz, apirilaren 14an Errupublikako bandera jarriko du udaletxeko balkoian.

 

Udaletxea urdinez argiztatzeko eskaera

Azkenik, Gautena elkarteak egindako proposamena aztertu zen. Hain zuzen, apirilaren 2an, autismoaren sentsibilizaziorako nazioarteko eguna ospatzen da, eta horrekin lotuta, munduko eraikin desberdinak urdinez pizteko ekimena jarri da martxan, autismodun pertsonei ete beren familiei laguntzeko keinua eginez. Aldi berean, autismoa duten pertsonekin lan egiten duen Gautena elkarteak, Urdinduz izeneko autismoaren aldeko ibilaldi solidarioa antolatu du; maiatzaren 20an izango da, Donostian. Udalak bat egin zuen udaletxea urdinez jartzea apirilaren 2an.

Gaur egun, Gautenak 26 andoaindarrei eskaintzen die laguntza. Bi gela egonkor kudatzen ditu Ondarreta eta La Salle ikastetxeetan. Urtero, udaleku irekien taldetxo bat antolatzen du bestelako programetan parte hartzeko zailtasun handiak dituzten haurrentzat. Herriko zenbait familiek esku hartzeko programaren bat jasotzen dute Donostiako bulegoetan, eta bestalde, zenbait heldu Gautenak kudeatzen dituen eguneko zentro eta etxebizitzetara joaten dira.  

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!