Kalean kartelak jartzeko ordenantza berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 23a, 01:00

Martxoaren 21ean onartu zuten propaganda jartzeko ordenantza berria. EAJ eta PSEren aldeko bozkekin eta EH Bilduren  kontrakoekin onartu zuten ordenantza.

Asteazken honetan, martxoak 21, ospatu zen batzar orokorrean, EAJ-PNV taldeko 6 zinegotzien eta María Luis Arija zinegotzi sozialistaren bozkekin, hemendik aurrera Amasa-Villabonako gune publikoetan publizitatea eta propaganda jartzeko araudia onartu zen. EH Bilduko zinegotzi taldeak kontra bozkatu zuen.

Ideologia desberdina duten beste udal batzuetan (Soraluze, Donostia, Irun, Andoain, Tolosa) aurrera ateratako praktika eta arautegietan oinarrituriko araudia da, eta paskin, kartel, pankarta, etab. nola jarri behar diren arautzen du bi helburu argirekin: herritarren bizi kalitatea hobetu eta norbanakoaren eta taldeen adierazpen askatasuna bermatu herriko ondarea mantenduz eta zainduz.

Interbentzioen garaian, Eneko Urdangarin, EAJko zinegotziak, Amasa-Villabonak kale eta gune publiko garbi eta txukunak edukitzeko eskubidea aldarrikatu eta defendatu zuen: “gure herriak garbitasunaren lehen lerroan egon behar du, baita eraikinen eta ondarearen mantenu egokian ere, denon errespetua merezi du eta”. PSE-ko zinegotziak, María Luisa Arijak, gobernuaren proposamena babestu eta modu berdinean hitz egin zuen.

Aurrekoa kritikatuz, Xabat Laborde, ezker abertzaleko bozeramaileak, ordenantzari “Ley Mordaza” deitu zion, askatasun aldarrikapenaren kontra doala argudiatuz, eta “herriko fatxadak denonak dira eta nahi dugun moduan erabili ditzakegu” esanez.

Akusazio horri EAJk honako erantzuna eman zion: “Zer gertatzen da? Akaso Andoainen eta Amasa-Villabonan praktikatzen den askatasun adierazpenak desberdina izan behar al du? Andoainen (EH Bilduk gobernatua) kaleak garbi egon daitezke eta gure herrian ez ala?”

Alkatearentzat desengainu handi bat izan da EH Bilduren aldetik ezezkoa jasotzea eta arlo honetan akordio zabalago bat ez lortzea: “guztion adostasunera iristeko ahalegin guztiak egin ditugu: proiektua orain dela hiru hilabete baino gehiago aurkeztu zitzaien, plenoa hilabete atzeratu genuen ezker abertzaleak gaia ondo lantzeko denbora eduki zezan, hitz egiten eta negoziatzen saiatu gara, baina EH Bilduren ezezko borobila jaso dugu momentu guztian erantzun bezala. Hau gutxi balitz, proiektuari boikot egiten saiatu dira hasiera-hasieratik. Beraiek jakingo dute zergatik”.

Hurrengo egunetan, herriko puntu desberdinetan propaganda jartzeko panel bereziak jarriko dira, eta momentu horretatik aurrera, ezingo da propaganda panel horietatik kanpo jarri, gaizki jarritako elementu haiek zuzenean kenduko direlarik. Maite Izagirrerentzat “alkate baten eginbeharra bizikidetza sustatzen duten arauak bultzatzea da eta herri eremua txukun mantentzea, ordenantza berri honek helburu hori lortuko duelarik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!