Aiztondoko Gutun Lehiaketa, abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 25a, 01:00

Zabalik da Aiztondo Gutun Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Apirilaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak.

Ekairi gutuna’, horixe izango da aurtengo lanetan jorratu beharreko gaia. Duela aste batzuk Ondarrun bere buruaz beste egin zuen gazte transexuala zen Ekai eta hari zuzendutako gutunak idaztea eskatu dute aurtengo lehiaketan.

 

Lau maila

XI. edizioa beteko du aurten Aiztondoko Gutun Lehiaketak. Irakurzaletasuna eta idazteko ohitura sustatzeko asmoz jaio zen ekimena, eta adin guztietako herritarrei zuzendutako deialdia izan ohi da. Sei urteko haurretatik hasi, eta helduak bitarte, lau maila ezberdinetan banatzen dute sariketa.

Parte-hartzaile bakoitzak bi lan aurkez ditzake eta, gehienez, bi orrialde hartuko ditu gutun bakoitzak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, epaimahaiak kontuan hartuko ditu estiloa, kontatutakoaren garapena, aurkezpena eta originaltasuna eta eskuz idatzitako lanak diren kasuan, baita kaligrafia ere.

 

Chrysallisekin elkarlanean

Transexualitatearen gaia jorratuko denez, Chrysallis elkarteko kideekin harremanetan dabiltza lehiaketako antolatzaileak. Haur eta nerabe transexualen gurasoen elkartea da Chrysallis. Aiztondoko Gutun Lehiaketako epai-mahaian parte hartzeko proposamena luzatu zieten elkarteko kideei, eta gogotsu onartu dute gonbita. Apirilaren 23a baino lehen aurkeztutako lanen arteko onenak zeintzuk diren erabakitzeko ardura izango duen taldean izango dira, beraz.

 

Gutunak igortzeko

Gutunak aurkeztu ahal izateko bide ezberdinak daude aukeran:

 

1. Posta arruntez: Egilearen datuak kartazal txiki batean sartu ondoren, kartazal txikiari izenordea jarri, gutunarekin batera kartazal handiago batean sartu eta honako helbidera bidali:

Aiztondo XI Gutun Lehiaketa

Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko Bulegoak

Muñoa kalea, 36 behea

20159 Zizurkil

2. Posta elektronikoz bidaltzeko, gutuna fitxategi batean bidaliko da, ‘izen ordekoa’ izenarekin eta egilearen datuak ‘egilea’ izena duen beste fitxategi batean. Helbide honetara bidali beharko dira lanak: aiztondokogutunak@gmail.com.

 

Sariak

Ekainaren 8an egingo dute sari-banaketa ekitaldia, Alkizako Kultur aretoan. Maila bakoitzeko gutun onenek jasoko dute saria eta nabarmendutako gutun guztiak irakurriko dituzte ekitaldian zehar. 6 eta 8 urte artekoen mailako irabazleak zein bigarren postuan sailkatzen denak diploma eta oparia jasoko dute eta berdin 9 eta 11 urte arteko mailako bi onenek. 12 eta 16 urte artekoen mailan, diploma eta 100 euro jasoko ditu irabazleak, diploma eta 50 euro bigarren sarituak. 17 urtetik gorakoen mailan, diploma eta 300 euro jasoko ditu irabazleak, diploma eta 150 euro bigarren sarituak. Horrez guztiaz gain, Aduna, Alkiza eta Larraulgo idazlerik onenak bi pertsonentzako afaria eskuratuko du.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!