Beertoki, Euskal Herriko artisau garagardogileen erakusleiho

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 23a, 01:00

Apirilaren 7an izango da Beertoki Artisau Garagardo Azoka Villabonan. Berrikuntza gisa, artisau garagardoa nola egiten den erakutsiko dute Mikel eta Aritz Amondarain andoaindarrek.

Jon Ander Artola, Aitor Otegi, Igor Fernandez eta Eneko Calvo billabonatarrak daude Beertoki Artisau Garagardo Azokaren atzealdean. Apirilaren 7an jarri dute zita aurtengoan, eta azokaren funtzionamendua betikoa izango den arren, makina bat berrikuntza gehitu dituzte, 11:00etatik hasita. Igor Fernandez Beertoki Elkarteko kideak adierazi duenez, “herriko eragile ezberdinekin kolaboratzea bilatzen dugu”. Hori horrela, herriko sukaldariz eta musikariz gozatzeko tartea ere egongo da.

17 GARAGARDO ETXE EZBERDIN

Bi garagardo etxe lehen aldiz egongo dira Beertokin. Batetik, Biarritzetik datorren La Superbe, eta bestetik, Gernikatik etorritako Basque Oak. Gainontzekoek ezagutzen dute azoka, eta errepikatu egingo dute: Gross, Urbar Beer, Mattinada, Saltus, Mala Gissona, Xorta, La Chica de la Cerveza, Byra, Morlaco, BorBor Brewery, Brew&Roll, Boga, Pagoa, Baobeer eta Gar&Gar. Garagardoak dastatu ahal izateko beharrezkoa izango da kristalezko edalontzia erostea.

Azokara etortzen diren garagardogileentzat, Beertoki beren garagardoak ezagutzera emateko erakusleiho ederra dela adierazi dute Beertokiko antolatzaileek. “Bakoitzak 3-4 garagardo mota ezberdin ekartzen ditu azokara, eta guztira 60 garagardotik gora topa daitezke ”, azaldu du Aitor Otegi Beertokiko kideak. Horiek guztiak saski batean bildu, eta zozketa antolatuko dute. Azokan bertan egongo dira txartelak salgai..

19 garagardogilek eman dute izena, 17 garagardogilerentzako adina toki dago, ordea, azokan, eta antolatzaileek zozketa bidez egin dute aukeraketa. Bestalde, Zarautz Beer Companyk ezin izango duetorri eta bere ordez dator Mala Gissona. Bestalde, Mikel eta Aritz Amondarain andoaindarrak artisau garagardoa nola egiten den erakutsiko dute.

 

GASTRONOMIA ETA MUSIKA

Goierriko taloez gain, herriko sukaldari gazteek prestatutako mokadutxoak dastatzeko aukera egongo da garagardo azokan.

Musikari dagokionean, 11:30etan Loatzo Musika Eskolako Anakruxa taldeak emanaldia eskainiko du. Azoka amaitzean kontzertuak egongo dira herriko tabernatan: Tokan 2 LaPolla taldea Rainbow-en; DjZ eta Gatxet Errekan eta DJ Lanbretta Apatx-en. Gainontzeko orduetan, Beertokiko antolatzaileek girotuko dute azoka beraiek aukeratutako “pub” giroko abestiekin. Herriko giroa suspertzeko, hilabetero ekimenen bat antolatuko dute Beertokiko kideek.
 


Etxean egindako garagardoa
{{IMG-40444}}
Aritz Amondarain, Aitor Otegi, Igor Fernandez, Mikel Amondarain,
Jon Ander Artola eta Eneko Calvo (ezker-eskuin, goitik hasita). 

Artisau garagardoa ekoiztearen afizioak batzen ditu Mikel eta Aritz Amondarain andoaindarrak. Ingelesezko homebrewer deitura erabiltzen dute garagardo ekoizleak direla adierazteko. Norberak bere etxean artisau garagardoa egin, eta lagunartean dastatzen dituzte askari eder baten laguntzaz ,Beertokiko lagunekin. Afizio horri buruzko xehetasun guztiak kontatzeko, Irrintzi Elkartean bildu ginen beraiekin, eta baita Beertokiko lagunekin ere.

 

Nolatan hasi zineten garagardoa egiten?

Mikel Amondarain: Egun, informazio ugari dago Interneten garagardoaren inguruan. Blog-etan errezeta ugari dago, oso modan jarri da. Gargardozale amorratua naizenez etxean egiten hasi nintzen. Hautsekin egin nuen nire lehen garagardoa, hasierako beldurrak kentzeko. Pixkanaka, afizio bihurtu eta orain lagunartean dastatzen ditugu egindako garagardoak.

 

Nondik ekartzen dituzue osagaiak?

M. A.: Orain arte Nafarroatik ekarri izan dizkigute lupulu mota bat edo bi. Hala ere, aukera handiena Estatu Batuetan dago. Artisau garagardoa ekoizteko fabrika duten lagunak ditut, eta beraien bitartez lortzen dugu lupulua.

300 lupulu mota inguru daude. Batzuk, garagardoari aroma emateko erabiltzen dira, eta beste batzuk, zaporea emateko, baita mikaztasuna emateko ere.

 

Gustura al zaudete lortutako emaitzekin?

M.A.: Hasieran hanka sartze handiak egiten genituen. Inoren garagardoa ez zegoen ona [kar kar kar], baina, pixkanaka, geroz eta hobeagoak ari zaizkigu ateratzen, eta bat bera ere ez da aurrekoaren gustu berekoa irteten.

Aitor Otegi: Bakoitzak bere tresnak eta trikimailuak ditu garagardoa egiteko. 20-30 litro ekoizten ditugu aldi bakoitzeko, eta ondoren elkarrekin dastatzen ditugu prozesua nolakoa izan den komentatzen dugun bitartean. Azkena egin genuen bazkarian nahiko kalitate altuko garagardoak egon ziren. Pixkanaka ikasten goazen seinale.

Aritz Amondarain: Oinarrizko osagaiak lau dira: ura, lupulua, legamia eta zereala. Hortik aurrera osagai gehiago bota daitezke lortu nahi den garagardo motaren arabera, esaterako, eztia, fruitu lehorrak... 6 ordu inguru behar dira garagardoa ekoizteko, eta ondoren ontzen utzi behar da. Prozesua egiteko moduak emaitza ezberdinak emango ditu.

 

Azokaren batean erakutsi al dituzue inoiz zuen garagardoak?

M.A.: Iaz, Andoaingo Goiburu auzoko jaietan egon ginen Aritz eta biok. Artisau garagardoa egiten zuen herriko jendea bildu eta azoka txiki bat egin nahi zutelako deitu ziguten. Hasi berriak garenez, ez nien ziurtatu kalitatezko garagardoa emango genuenik, baina ondo atera zen. Oso esperientzia polita izan zen. Bertaratutakoak oso gustura egon ziren, eta dena edan zen. Hurrengo jaietan ere joatekoak gara.

 

Azken urteetan taberna gehiago animatu dira artisau garagardoak eskaintzera, eta beste askok proba egin eta ez dute saltzerik lortu. Zer dela eta izan daiteke hori?

A.O.: Arazoa da tabernetan garagardo industrialen tratu bera ematen zaiela artisau garagardoei, eta horrek alferrik galtzera eramaten du artisau garagardoa. Industrialek kontserbagarri ugari dituzte, eta tenperatura aldaketa handiak pairatu arren zaporea ez da galtzen. Artisau garagardoak delikatuagoak dira. Tenperatura aldaketa handiekin edota argi ugarirekin alferrik galdu egiten dira. Taberna askok etzanda edukitzen dituzte, eta horrek hondatzera eramaten du artisau garagardoa. Prezioan ere bada aldea; artisau garagardoak garestiagoak dira.

M.A.: Ardoarekin edo sagardoarekin barneratuta dugu baldintza jakin batzuetan egon behar dutela ez hondatzeko. Garagardoarekin oraindik ez dugu pentsamendu hori lortu.

{{IMG-40445}}

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!