"Bertso saio goxoa eta gertukoa da Basterokoa"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 23a, 01:00

Andoainen bertso irakasle den Unai Muñoa lasartearrak aitortzen du igandekoa ez dela bere saiorik ohikoena, baina daukan guztia emateko prest agertu da.

Zenbatgarren parte-hartzea duzu Sahararen aldeko bertso saioan?
Esango nuke azken lau urtetan etorri naizela Basterora.

Nola ikusten duzu Bastero bertso leku gisa?
Oso areto goxo eta egokia da bertsolariarentzat. Bildua da, 200 pertsonentzat tokia daukana. Entzulea gertu-gertu sentitzen duzu, erabat erne kantatuko ditugun bertsoekin. Gertutasun horrek energia handia transmititzen dio bertsolariari. Pertsonalki, oso ohituta ez nagoen formatuan kantatzea egokituko zait. Bazkari, afari eta antzeko saioak dira normalagoak nire bertsokerarentzat, eta Basterokoak oholtzan egoteko modu diferentea eskatuko dit; eguerdian izateak ere bere apartekotasuna dauka. Umorera jotzeko, esate baterako, burua ondo jarri beharko dut lanean.

Bestalde, aipatu behar dut Basteroko aretoak esanahi berezia daukala niretzat. Bertan estreinatu baikenuen antzerkia, bertsoa, poesia eta musika uztartzen zituen Ez naiz Palestinaz ari ikuskizuna.

Saioa kausa zehatz baten alde izateak, berezitasunik eransten al dio saioari?
Sahararen auziak beti eragin izan dit sinpatia, baina ez dut gehiegi bizi izan, eta ez da nire egunerokoan presente dagoena. Horrexegatik, igandeko saioa baliatzen dut Hurria-Sahara taldeko kideekin egoteko, Saharako herritarren bat edo beste ezagutzeko… Aberasgarria egiten zait eguna; Saharari buruz aurrez nekiena baino gehiago jakinda itzultzen naiz etxera.

Nola harrapatzen zaitu igandeko saioak, egun, bertsolari gisa?
Asentatuta nago bertsolari gisa. Kontziente naiz ez daukadala ikaragarrizko mailarik. Badakit zer eman dezakedan eta zer ez, eta ez daukat garai batean plazak irabazteko eduki nezakeen anbizioa. Emankorragoa naiz testuinguru informaletan, protokolo tradizionalera lotu gabeak diren bertso-saioetan, lehen esan bezala, eta horietan ikasi dut bertsoarekin eroso moldatzen eta gozatzen. Jakina, horrek ez du esan nahi, inondik ere, igandeko saioak ez nauenik motibatzen. Alderantziz, pizgarri zait daukadan guztia eman dezadan ahalegintzeko. Are gehiago nirekin batera kantatzekoak diren bertsolari pusken mailan jartzeko.

Lasartearra zara, baina egunaren erdia Andoainen pasatzen duzu kasik…
Iraganean, Andoain Lasarteren ondoan zegoen herria zen niretzat, ez gehiago. Egun, bertso irakaslea naiz La Sallen, Aita Larramendi ikastolan eta Ondarretan, eta guztira hamabost talderekin lantzen dut bertsoa; hogei bat urte daramat eginkizun horretan, eta jakina, gazte belaunaldi ugari ezagutzea egokitu zait. Horrez gain, helduen bertso eskolako irakaslea ere banaiz. Uler daitekeenez, lotura sendoak egin ditut Andoaingo herriarekin. Andoaindarra ere banaizela esateko moduan nago!
Gainera, jakin dut nire ikasle izandako gazte batzuk, orain bertso eskolan ari direnak, gai jartzaile gisa ariko direla Ion Belokiri lagunduz. Horrek ederki poztu nau!

Nola ikusten duzu Andoainen bertsolaritza eta zaletasuna, egun?
Zaletasuna badago, Basteroko saioak eta urtean zehar antolatzen diren beste hainbatek adierazten duten legez. Zabalkunde eta transmisioaren arlotan, Udalak eta Gipuzkoako bertsolari eskolak bere garaian asmatu egin zuten bertsoaren hazia irakaskuntza arautuan ereiterakoan. Esango nuke Andoainen hazten joan dela zaletasuna, eta egun Ion Beloki, Eskudero anaiak, Arkaitz Lasarte…, badira zenbait pertsona serio ari direnak sustapen lanean, motor gisa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!