Apirilean apustua dago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 25a, 01:00

Hurbiltzen ari da Ereñotzuko Rosario Pikabeak eta Andoaingo Jon Arizmendik hitzartu duten apustuaren eguna. Apirilaren 21ean aizkoran eta korrika arituko dira nor baino nor, Galarreta pilotalekuaren ondoko Jauregi jatetxearen zelaian.

Bi herri kirolariak Hernaniko Jauregi jatetxean martxoaren 6an bildu ziren, aizkora eta lasterketa uztartuko dituen apustua hitzartzeko. Datorren apirilaren 21ean Galarreta ondoko zelaian indarrak neurtzekotan geratu ziren. Honako baldintzak jarri zituzten, desafiorako: aizkoran, 45 ontzako lau enbor eta bi kanaerdiko ebaki beharko dituzte; lasterka, berriz, 7 kilometro egin beharko dituzte, hots, 70 itzuli 100 metroko eraztunari. 10 euroko sarrera jarriko da, eta bildutako dirua gastuak ordaintzeko izango da. Herri Kirolen Federazioak zuzenduko du norgehiagoka.

Hernanikoa da Pikabea eta Andoaingoa Arizmendi. Ez zuten elkar ezagutzen, orain dela hilabete batzuk Pikabeak Arizmendiri telefonoz hots egin eta apustuaren kontua proposatu zion arte.

Pikabea, mendi-gizon zaildua
Herri kirolen eta apustuen zale dela aitortu du Rosario Pikabeak: “Mendirako joera eduki dut beti, ardiekin, ahuntzekin..., eta basoan lanean aritutakoa naiz. Beti pentsatu izan dut mendiko gizona naizela, kaletar izatetik gutxi daukat. Gaur egun ere basozaina naiz ogibidez”. Bere bizitzan bizpahiru apustuetan parte hartutakoa da. Eta horietako bat korrika eta aizkoran izan zen, Jon Larrañagaren aurka orain bederatzi urte Ereñotzun bertan jokatu zutena. Bi kirol jardueretan badauka eskarmentua, beraz, Ereñotzukoak.

Nolanahi ere, horiek nahiko kontu zaharrak direla azpimarratu nahi izan du “beti ibili izan naiz herri kiroletan eta lasterka, baina azkenean aspertu eta dena utzi nuen. Orain urte batzuk gihar bikien haustura eduki nuen, eta dena utzi behar izan nuen. Kostatzen ari zait berriro ere erritmoa hartzea; urteak aurrera doaz eta gorputzak ez du lehen bezala erantzuten”. Entrenamenduetan laguntzaile gisa, Oiartzungo Joxe Arbelaitz hartu du Pikabeak.

Arizmendi, aizkoran hasiberria
Pikabeak, urtetan dezente gazteagoa den aurkariarekin neurtuko ditu indarrak. Jon Arizmendi hasiberria da herri kirolen munduan. Asko ez dela, lankide duen Jose Otaegi aizkolariarekin desafioa jokatu zuen. Orduan hasi zen serio hartzen aizkora, eta berehala, azken bi urtetan, bi txandatan atera izan da plazara, enborrak ebakitzera. Biak ere Andoaingo Santakrutzetan; Egoitz Gorostegi Txatarras eta Unai Etxeberria herriko gazteen aurka. Nagusitasunez menderatu zituen biak, eta aizkoran aritzeko dohainak badituela erakutsi zuen. Harrezkero, entrenatzen ari da bizitoki duen Goiburun, Merdillegi baserrian.

Nolanahi ere, plazan ez dauka probatuta aizkora eta lasterketa bi modalitateak uztartzearen kontu hori, eta horrexegatik, apustuak errespetua eragiten diola aitortu du: “Niretzat erabat berria da bi kirol jarduera bata bestearen segidan egitea. Eta ez naiz korrikalaria izan inoiz, orain hasi naiz entrenatzen, lagun batek gidatuta. Egia esanda, jauzi galanta da niretzat. Batzuetan galdetu izan diot nire buruari ba ote dakidan non sartu naizen. Gainera, Pikabea plazan lanean ikusi duen lagun batek baieztatu dit kirolari handia dela. Kontua da erronka pertsonal gisa hartzen dudala apustua, eta horrek animatzen nau gogor entrenatzera eta apustua ilusioz hartzera. Gerra emateko pronto azalduko naiz”.

Giroa sortu nahian
Jauregiko zelaia makina bat apustuen lekuko izan da herri kirolen historian. Pikabea zein Arizmendi sinetsita daude desafioek herri kirolen inguruko zaletasuna hazten laguntzen dutela. Hala dio Pikabeak: “Apustuak jende ugari mugiarazten du, izan baserri girokoa, izan kale girokoa. Bata bestearen aurka lehiatze horrek bizitasuna ematen die herri kirolei, eta pena izango litzateke mundu hori galtzen uztea. Guk biok ahaleginak egingo ditugu hori gerta ez dadin”.  

Pikabeak, euren antzeko kirolari apalek herri kirolei eman dieizaieketen bultzada aldarrikatu nahi du: “Aizkoran, esate batera, elitean dabiltzanak plaza guztiak jaten dituzte eta gu bezalako amateurrentzat gero eta toki gutxiago geratzen ari da”.

Apustura hurbiltzeko deia
Arizmendik dionez, “emozioa izango dela iruditzen zait eta ikusleak lehia polita ikusiko du. Ea Buruntzaldeko zaletuak animatzen diren! Pertsonalki, nahi nuke lehendik ere Santakrutzetan lanean ikusi nauten andoaindarrak mugituko balira”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!