Negu langilea, aurtengoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 24a, 01:00

Asteartean bukatu zen aspaldiko negurik hezeena, otsaileko azken egunean elurte historikoa utzi zuena, baina jendeak uste duena baino samurragoa. Dagoeneko udaberrian sarturik gaude.

Andoni Urbistondo

Bukatu da 2017/2018ko  negua. ‘Eskerrak’, esango dute askok, kaleko herritarren sentsazioa aspaldiko txarrena, gaiztoena, hotzena izan dela baita. Ohikoa ere bada, eguraldia goizeroko hizketagai bihurtu baitzen aspaldi. Igogailuan, kafetegian, lanean zigarroa erretzeko bost minutuko tartea hartzen dutenen artean… Gurasoak kexa dira: “Nahikoa da, ea bero pixka bat etortzen zaigun”. Kirolariak ere: “Arrabolan ibiltzeaz nazkatuta nago!”. “Ihartuta nago, eguzki minez”, besteek. Neguak, baina, ezer gutxi eduki du berezitik, eta asko arruntetik. Bizi garen txokoan neguak hezeak eta euritsuak baitira.

Euria barra-barra egin du. Marka historiko batzuk gainditu ere bai. Urtarrila bereziki hezea izan zen, 25 euri egun. Imanol Fernandez andoaindarrarena da datua: “768 litro jaso dira urtarriletik asteartera arte, 67 euri egun. Alegia, 3 egunetik bitan euria egin du. Iazko neguan, esaterako, 27 euri egun baino ez ziren izan”. Eta euriak freskura ekartzen du, eguraldi grisa, iluna, etxerako modukoa. Eta jendea tristetu, kopetilun jarri. Baina gauza ezberdin bi dira euria eta negu gordina.

Joan den negua ez baita hotzagatik gogoratuko. Datu soil bat, konparatze aldera. Iaz, Urnietan, 14 egunetan jaitsi zen tenperatura 0 gradutik behera. Negu honetan, erdia baino gutxiagotan, sei baino ez. Batez bestekoa 10-12 izotz egun izaten da. Izotz egunen aurpegi gozoa da, hotzaren ostean eguzkiak bazterrak goxatzen dituela, eta jakina, eguzkiak bestelako sentsazioa sortzen du jendearengan, urtarrileko eguzki epela izanda ere.

Elurte historikoa
Joan zaigun negua otsailaren 28an bota zuen elurte latzagatik gogoratuko da luze. Berezia izan zelako, eta lodi bota zuelako. Berezia, hegotik etorri zelako, baina Siberiatik etorritako hotz masa batek Euskal Herria besarkatuta zuela. 4 ordutan 18-20 zentimetro bota zituen, eta errepideetan sekulako anabasa eragin, izotza ere egin zuelako. Etorri bezala joan zen elurra, hego haizeak txistu batean eraman zuelako hotz masa. Jonathan Lopez meteorologia zaletuarena da hausnarketa: “Hiru bat urte generamatzan Urnietan elurrak ez zituela kaleak zuritzen, eta egun horretako elurteak ekarri du jendeak negua oso gogorra izan dela pentsatzea”. Aintzat hartzeko moduko beste datu bat: Adarramendi egun askotan egon da zuri-zuri, 40 bat egun. Normalean ez du hainbestetan zuritzen, baina herrian euria izan denean, sarri elurra egin du mendian, eta iraun, tenperatura hotz mantendu delako.

Negu langilea
Andoni Aizpuru ETBko eguraldia saioko aurkezleak ‘negu langilea’ erabili zuen joan berri den urtaroa definitzeko. Ezin egokiagoa: euritsua, grisa, ohikoa baino epelxeagoa, eta eguzki gutxikoa. Euskal Herriko negua. Indartsu agurtu zen, gainera, udaberriari bide emateko, astearte goizaldean urnietarrak asaldatu zituen burrunba eragin zuelako tximista indartsu batek. Argia eta internet zerbitzuak eten zituen udaberriak negua uxatu arte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!