Euskara Zizurkilen, datuz datu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 25a, 01:00

Euskarak Zizurkilgo kaleetan duen presentzia neurtu du Galtzaundi elkarteak. Datuak aurkeztearekin batera, Euskaraldiaren inguruko berri ere eman dute.

Joan zen astean aurkeztu zituzten 2017an egindako kale-neurketek utzitako datuak. Galtzaundi elkarteko Igor Agirre eta Mikel Artola izan ziren datuak aurkeztu eta azaltzeko ardura izan zutenak. Bertaratutako herritarrek, noski, euren iritziak eman eta datuak interpretatzeko aukera ere izan zuten.

Bi talde nagusitan banatuta eskaini zituzten euskararen inguruko datuak. Batetik, mapa soziolinguistikoak utzitako datuak; “datu aitortuak dira hauek, jendeari galdetu eta haien erantzunetan oinarritutakoak. Euskararen ezagutza maila da, batik bat, datu horiek jasotzen dutena”. Bestetik, kale-neurketako datuak aurkeztu zituzten; 2017ko zenbait egunetan, Zizurkilgo kaleetan entzundako elkarrizketatan jasotakoak.

 

Ezagutza, gora

Zizurkilen, euskararen %76eko ezagutza indizea jasotzen da. “Euskara dakitenak, eta ulertzen dutenen erdiak hartzen dira kontuan indize hori kalkulatzeko garaian. 1986an ere jaso zuten datu hori, eta Zizurkilen, 18 puntuko igoera izan du euskararen ezagutzak. Tolosaldeako herri gehienetan, datu hori jaitsi egin da eta zenbait herritan oso nabarmen gainera”. Arrazoi bat baino gehiago ikusten dute Zizurkilen 1986tik 2017ra euskararen ezagutza igo izanari: “1960ko hamarkada inguruan gertatutako emigrazioaren eragina oso nabarmena izan zen Zizurkil bezalako herrietan, eta antzeko fenomenoa bizi izan duten herrietan, euskararen ezagutza igotzen ari dela nabaritu dugu”.

 

Etxean, euskara gutxi

Euskara etxean lehen hizkuntza gisa jaso dutenen kopurua, etxean euskaraz egiten dutenena, %41,9koa da Zizurkilen. “Horren ondorio nagusia hauxe da: ezagutza %76koa bada, eskolan jaso du euskara jende askok”. 1986an jasotako datuekin alderatuta, jaitsiera jasan du datu horrek. “%46ko zen, orduan, euskara etxean jasotzen zutenen kopurua”.

 

Kale-erabilera

Galdeketatan oinarritutako datuak dira orain arte azaldutakoak. Kale-erabilera datuak ere aurkeztu zituzten jarraian: “2001 eta 2006 urteetan ere egin zituzten neurketak, baina 2017ko prozesua ezberdina izan da, metodologia berria erabili baita. Orain arte ez bezala, Zizurkil goian eta behean egin dira neurketak eta datuak bereizita jaso dira”. Zizurkil goian bizi da herriko biztanleen %15a eta behean biztanleen %85.

Erabilera, ezagutzaren
azpitik

Guztira 1042 elkarrizketa jaso dituzte Zizurkilgo kaleetan barrena. 3000 pertsona baino gehiagoren arteko solasaldiak, alegia. “Ordu eta toki ezberdinetan egiten dira neurketak eta aurrez ez da jakinarazten neurketa egiten ari denik. Ikertzaileak kalean barrena ibiltzen dira, eta jendeak erabiltzen duen hizkuntza behatzen dute”. Datuek erakutsi dutenez, Zizurkil Goian %72,8ak egiten du euskaraz, eta Zizurkil behean, %58ak. Ezagutzaren azpitik dabil, beraz, erabilera.

 

Adinka

Adinaren araberako datu bilketa ere egin dute Galtzaundiko kideek. Hamar urtetik beherako haurren artean, elkarrizketen %80 euskaraz dira Zizurkil goian, %71 behean. 25 urte arteko gazteen artean, %98ak egiten du euskaraz goian. Zizurkil behean aldiz, elkarrizketen %50a da euskaraz adin tarte berean. Helduen artean, %64 aritzen da euskaraz Zizurkil goian eta %48a behean. Adineko biztanleak dira euskaraz gutxien aritzen direnak; %59a goikoen artean, %56a behean.

 

Haurrak

Haurrak ardatz hartzen dituen datuak ere bildu dituzte. Zizurkil goian, haurrak euren artean ari direnean, euskaraz aritzen dira elkarrizketen %75an. Behean datu hori handiagoa da eta ia haurren arteko elkarrizketa guztiak dira euskaraz. Haurrak eta nagusiak elkarrekin dauden kasuan, nagusien %75 aritzen da euskaraz Zizurkil Goien, eta %47,8ak behean.

2001, 2006 eta 2017an egin izan dira kale-neurketak. “Datuak ez dira guztiz konparagarriak, metodologia ezberdinak erabiliz egindako neurketak direlako. Interesagarria izango da, datozen urteetan neurketak egiten jarraitzea, konparaketa egin ahal izateko”.

 

Arnasguneak

Euskararen arnasguneen garrantziaz ere aritu ziren Zizurkilgo aurkezpenean. “Ikuspegi soziolinguistikotik begiratuta, hizkuntza batek biziraun dezan, ezinbestekoa da arnasgune horiek izatea. Bizitza hizkuntza horretan egiten duten guneak behar-beharrezkoak dira”. Arnasgune horiek babesteko beharra azpimarratu zuten, beraz, Galtzaundiko kideek. Izan ere, Tolosaldeko herri txiki askotan, euskararen ezagutza zein erabilera jaitsi egin baitira azken urteotan.

 

Galtzaundi

Galtzaundi euskara taldeak eman zituen Zizurkil naiz Tolosaldea osoko euskararen erabilera datuak. Tolosako euskara talde gisa jaio zena, Tolosaldeko euskaltzaleen bilgune gisa gorpuzten ari da. Herri guztietako euskalzaleak bildu nahi ditu jardun horretarako. www.galtzaundi.eus atarian aurki daiteke informazio osatua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!