Ekaineko giza-katea, motorrak berotzen hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 24a, 01:00

Gure Esku Dago ekimenak giza-kate erraldoia osatzeko deia egin du datorren ekainaren 10erako. Dagoeneko zabalik da izena emateko aukera.

2014ko giza-katea herritar askoren buru eta bihotzetan gordeta geratu zen. Aurten, egun hartako indar eta gogoa piztu nahi du berriz ere Gure Esku Dago dinamikak. Dagoeneko hasi dira antolaketa lanetan. Hilabeteotan, “Herritarron ituna” osatzen ari dira, hori baita urte honetarako Gure Esku Dago ekimenak finkatu duen helburu nagusienetakoa. Itun hori osatzeko, erabakitzeko eskubidearen aldeko 2019 arrazoi bildu nahi ditu herritarren artean. Prozesu hori euskal hiriburuetan abiarazi dute dagoeneko, mintegi ezberdinak eginez. 

 

Mintegiak

Uxoa Elustondo billabonatarra Gure Esku Dago dinamikan ari da bolondres gisa eta, azaldu duenez, “erabakitzeko eskubidearen inguruan solasteko, lau ardatz nagusi hartu dira kontuan: Kultura, ongizatea, amalurra eta lurraldetasuna. Lau ardatz horiek oso zentzu zabalean hartu behar dira; kultura arloan sartuta daude, esaterako, euskara edota baita hezkuntza ere. Hegoaldeko lau hiriburutan egin dira mintegiak, eta hiriburu bakoitzean ardatz jakin baten ingurukoa izan da solasa”. Donostiako mintegian, kulturaren inguruan aritu ziren.

Prozesuak, herri txikiagotan izango du jarraipena datozen asteotan: “Hiriburuetan egindako mintegi horietan 400 arrazoi baino gehiago bildu ziren dagoeneko. Herrietan barrena egingo diren solasaldi horietan osatuko dituzte 2019 arrazoi. Zenbaki hori sinbolikoa izango da, eta arrazoi gehiago ere bilduko direla sinestuta nago”.

Herritarrei hitza emateran garrantzia azpimarratu du Uxoak: “Herritarron itunarekin, haiei eman nahi zaie hitza, esan dezatela zergatik nahi duten erabakitzeko eskubidea, zergatik iruditzen zaien garrantzitsua”.

 

Giza-katea

2019 arrazoi horiek izango dira ekainaren 10erako deituta dagoen giza-kate erraldoiaren funtsa. Donostia eta Gasteiz elkartuko dituzte herritarrek, “Herritarron itunak” bilduko dituen 2019 arrazoi horiek Gasteizko Parlamenturaino eskuz esku irits daitezen.

201,9 km-ko giza-kate erraldoia izango da 2018ko ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz elkartuko dituena. 2014an egindako giza-kate erraldoiak 123 kilometro izan zituen guztira, Durango eta Iruñea batuz. Aurtengo erronka, beraz, handiagoa izango da.

2014ko giza-kateak utzitako irudi ikusgarriak errepikatzea da ekainaren 10eko helburua. “Aurrekoan, herri txiki askotan barrena pasa zen katea. Aurtengoan berriz, populazio handiagoko guneak zeharkatuko ditu. Horrek irudi ikusgarriak utziko dituela uste dugu”, azaldu du Uxoak.

Aiztondok, bi kilometro

Oraindik zenbait hilabete falta bada ere, giza katea osatzen hasteko lanak martxan dira dagoeneko. Tolosaldeko herritarren artean giza-kateko 9 kilometro osatzea aurreikusi dute antolatzaileek. “Guri, Aiztondo bailarako herritarroi, bi kilometro osatzeko eskaera iritsi zaigu; kilometro bat Amasa-Villabonako biztanleen artean, eta beste kilometro bat Aiztondoko gainerako herrien artean”.

Giza-kateko kilometro bat osatzeko, bostehun pertsona inguru beharko dituztela aurreikusi dute. “Eskuz esku lotuta, pertsona bakoitzak bi metro osatzen ditu, gutxi gorabehera. Ekainaren 10ean 100.000 pertsona inguru beharko dira giza katea osatzeko. Dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera eta pixkanaka, horretan jarriko dugu gure indarra”, azaldu du Uxoak.

 

Izen-ematea

Hamasei urtetik aurrerako herritar orok eman dezake izena giza katerako. “Haurrek ere eman dezakete izena, baina datuak zehaztu gabe. Izena emateko momentuan hamasei bete gabe dituztenen daturik ezingo dugu jaso. Horrek ez du esan nahi, ordea, ezingo dutenik giza-katean parte hartu”, azpimarratu du Uxoak. “Izena emateko garaian, bost euro ordaindu beharko dituzte herritarrek, eta trukean, Gure Esku Dagoko zapia jasoko dute. Zapi hori ekainaren 10a arte ondo gordetzea eskatuko diegu herritarrei, giza-katean erabiltzeko modua izan dezaten”.

 

Mendaron

Ekainaren 10ean, 12:00etan hasiko da festa erraldoia. Mendaro inguruan izango dira ordurako Aiztondo bailarako hainbat herritar, izan ere, puntu hartako kilometroak betetzea egokitu baitzaio bailarari. “Oraindik lotzeko dagoen arren, hara joateko autobus zerbitzua antolatuko dugu. Horixe izango da guztiontzat erosoena eta errazena: autobusa hartu, eta zuzenean giza-kateko kilometroa egokitu zaigun puntura iritsi, autoa aparkatzeko ardurarik hartu gabe”. Datozen aste eta hilabeteetan joango dira antolaketaren inguruko xehetasun gehiago jakinarazten.

Amasa-Villabonan, larunbat goizero zabalduko dute izena emateko aukera, apirilaren 11tik aurrera. “Malkar plazan jarriko dugu mahaia, 11:00etatik 13:00etara, herritarrek izena emateko aukera izan dezaten”.

 

Internetez

Internet bidez izena emateko aukera ere zabalduko dute epe laburrean. www.gizakatea.eus helbidean klik eginda, datuak utzi eta ordainketa egiteko modua izango da. “Hala egitea erabakitzen dutenei, egunean bertan banatuko zaizkie zapiak”.

Bestelako material salmenta ere bideratuko dute Gure Esku Dagoko kideek. “Bi koloretako kamisetak izango dira aukeran: Dagoeneko ekimenarekin lotzen dugun kolore berde horretakoak, eta txuriak”.

 

Bolondres bila

Giza katea antolatzen joateko, hainbat herritarren laguntza beharko du Gure Esku Dagok. “Batetik, ekainaren 10eko ekitaldian parte hartzeko prest dagoen jendea bildu behar da. Saretzaile figura sortu da horretarako. Saretzaile horiek euren inguruko jendea mugiarazteko ardura hartzen dute. Bestalde, giza-kateko egunean bertan hainbat antolaketa lan ere egin beharko da…, hori guztia bideratzeko jendea behar dugu”. Era batera edo bestera laguntzeko prest dagoen herritarrak, honako helbidera idatz dezake mezua: gizakateaamasabillabona@gmail.com. Bilera eta antolakuntzan lagunduz, larunbatetan jarriko duten mahaian egonez…, laguntzeko modu ezberdinak egon daitezke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!