“Sentsazio gozoak eragin dizkit Zumarragako zentroak”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 23a, 01:00

Carmen Ruiz Zumarragako adin txikiko lege-hausleentzako zentroko langilea izan da bederatzi urtez. Zentroaren premia aldarrikatzen du, nahiz eta polemikarekin lotu izan den gehiegitan

Nolaz izan zara Ibaiondo egoitzako irakasle?

Hezkuntza publikoko irakaslea izan naiz EAEn. Plaza eduki gabe lan turismoa egin duen horietakoa; alde batetik bestera ikastetxez ikastetxe ibili naizela, alegia. Andoaingo Leizaran eta Ondarretatik ere pasatakoa naiz. 2008ko irailean hezkuntza sailetik hots egin zidaten, zentro berezi batean irakasle izateko proposatuz, nahi banuen. Zumarragako Ibaiondo zen zentro hura, Euskadin adin txikiko lege-hausleentzat dagoen erregimen itxiko zentro bakarra, gehienezko segurtasunekoa. Ordurako ondotxo nekien zer zen ingurune gatazkatsuetako ikastetxeetan ibiltzea (Errenteria, Bidebieta-La Paz…), eta argi neukan lan erraza ez zela izango hura. Gainera, nire lan bizitzako azken urteak ikastetxe lasaiagoetan eta etxetik gertuago igarotzeko aukera neukan. Baina erronka pertsonaltzat hartu, eta baietz erantzun nien!

  

Zein baldintza bete behar da bertako irakasle izateko?

Egoitza ireki zenetik bertan irakasten aritu zirenak lizentziatuak ziren, ez irakasleak, eta horrela, nonbait, ez zuen funtzionatu. Asko zekitenak baino gehiago, pedagogian zailduak nahi zituen zentroko zuzendaritzak. Horrexegatik deitu gintuzten hezkuntza saileko maisu-maistra batzuei. Egin behar da kontu han dauden mutikoen maila akademikoa oso baxua dela; ikasketa porrota baino gehiago, ikasketa-absentismoa jasaten dute askok. Oinarri-oinarrizko ikasketen premian dira han; irakurtzen, idazten, matematiketako lau arauak… Ni matematiketako irakaslea izan nintzen, bederatzi urtez.

Justizia sailaren esku dago egoitza, baina bertako irakasleak hezkuntza sailaren menpekoak dira. Ez daukate autoritaterik han barruan, bakar-bakarrik irakasle partikularren antzera aritzen dira.

 

Zer nolako diziplina ezartzen zaie bertan bizi diren gazteei?

Berrogei bat mutiko egoten dira, gehienez. Nik, gelan, zazpi-zortzi edukitzen nituen. Han, zenbait arau bete behar izaten dituzte derrigor. Irakasleek, banan-banan eta egunez egun baloratu egin behar dituzte, baikorki ala ezkorki, irizpide jakin batzuk kontuan hartuta; hala nola, errespetua, jarrera, errendimendua… Egunaren amaieran, irakasle guztien balorazioak batzen dira, eta nahikoa da ezkor bat edukitzea, puntu jakin batzuek gal ditzaten.

 

Adin txikiko gazte horiek delitugileak
–edo ustez– direla kontuan hartuta, nola moldatu zinen?

Egiari zor, nahiko ondo. Gehienezko segurtasuneko zentroa da, eta irakaslea, atea blindatuta eta giltzaz itxita daukan ikasgela batean egoten da giltzaperatuta, gazteekin. Buska bat eramaten du gainean, egoera larriren bat piztuz gero alarma jo ahal izateko. Nik behin bakarrik erabili behar izan nuen alarma; bi ikaslek, mutil galantak, ika-mika sutsuari ekin ziotenean izan zen hura. Bestelakoan, behin baino gehiagotan egokitu zitzaidan bi gazteren erdian jarri eta bakea egiten ahalegindu beharra. Jakina, indarkeriarekin bizitzera ohitu diren mutilak daude han sartuta… Beste gauza da aztertzea zerk eraman dituen hara.

 

Zer moduzko bizipena izan duzu bederatzi urteotan?

Oso aberasgarria izan da niretzat, maila pertsonalean zein profesionalean. Harro esan dezaket zentroak ase egin ninduela bokazioaren ikuspegitik. Dena esatera, adinez hango irakaslerik zaharrena izateak ere lagundu egin zidan pixka bat. Ama baten antzera ikusten ninduten bertako mutiko askok.

Hori bai, ni neure bizipena adieraztera mugatzen naiz. Izan ere, zenbait irakasleri latza egin zaie hango bizimodua eta utzi egin behar izan dute, zentroan gizarteko miseriak eta gabeziak islatzen baitira. Beraz, haiek bestelako bertsioa eman dezakete.

 

Zein izan da aplikatu duzun formula, jakin baldin badaiteke?

Matematiketako irakaslea nintzen, baina klase konbentzionalak eman beharrean, aurrean nituen mutilak nire semeak balira bezala jokatu nuen. Giza-balore batzuk transmititu nahi izan nizkien, hala nola: enpatia, errespetua... Nik argi uzten nien soldata irabaztera joaten nintzela hara, baina elkarri errespetatuz jokatzen bagenuen, denok irtengo ginela irabazle. Bizitza gogorraz nik ere zer edo zer banekiela adierazten nien; izan ere, 30 urterekin banatu, eta harrezkero, lau urte eta zortzi hilabeteko bi seme-alaba neuk bakar-bakarrik hezi behar izan nituen.

Maitasun eta berotasun pittin bat helarazten nien, horietatik falta izugarria baitzeukaten. Huskeriak diruditen detaileei garrantzi handia ematen nien maiz; konparazio batera, beren urtebetetze egunean abestea, emozionalki lur jota zeudenean besarkatzea, ikasgelan amorruz beterik agertzen zirenean barruak husten laguntzea…

Izaeraz tenple onekoa naizela iruditzen zait, eta horrek lagundu zidan asko. Jakina, tarteka sortzen ziren egoerak neure onetik ateratzen nindutenak, eta halakoetan jenio bizia erakusten nuen. Ikasgelako mahaiari kolpe ederrak eman izan nizkion ukabilarekin! Egin kontu, bederatzi urtetan, kolpez kolpe, azpian zeukan torlojurik gabe geratu zen mahaia!

 

Sinesten al duzu zentroaren funtzio bergizarteratzailean?

Bai, eta ez. Konplikatua da gaia, eta azalduko dizut zer dela eta kontraesan hori. Ibaiondo egoitza hezitzailea da, eta horretara bideratzen ditu bere ahaleginak, baina zoritxarrez, bere eskuetan ez daude makina bat faktore benetako bergizarteratzea gerta dadin. Horrela, mutilak behin kaleratzen direnean, gehienak iraganeko egoerara itzultzen dira, inguru sozial eta familiar berbera topatzen dute, eta aurreko bizimodua errepikatzen hasten dira. Azkenean, mutiko asko zentrora itzuli egiten dira. Eta bestela ere, zenbaitetan, epaileak epaitu gabeko kausekin agertzen dira…

Familiatik hasi eta erakunde publikoetaraino, kate oso bat dago ez duena behar lukeen bezala funtzionatzen, ez duena asmatzen mutiko horiei erantzun edo tratamendu egokia emateko orduan. Sistema oso baten biktima ere badira, azken batean.

 

Azken aldian auzitan jarri da zentro horren funtzioa, are gehiago Bilbon Ibon Urrengoetxea gaztearen eta adineko bikotearen hilketak gertatu zirenetik…

Bai, badakit. Egia da esaten denean berrogei bat mutiko bideratzeko berrogeita hamar langile dauzkala zentroak, igerilekua eta barbakoa daukala eta beste hainbat kontu. Baina hori errealitatearen zati bat besterik ez da. Ezjakintasun handia dago Ibaiondoren gainean, erakusleiho hutsarekin geratzen da jendea. Iritzi ezkorra adierazten duten horiei ez zaie burutik pasa ere egiten euren familiako kideren batek amaitu dezakeela han. Ibaiondo existitzen bada, geure gizarteak arazoak dituen seinalea da.

 

Besteak beste, dirua etorkinekin xahutzea leporatzen zaio…

Magrebiarrak, hegoamerikarrak, ekialdekoak edo ijito etniakoak izan dira gehien-gehienak orain arte; datu hori ez dago zertan ukaturik, baina gero eta bertako gehiago ingresatzen ari dira han. Eta ez gizarteko behe-behe mailakoak! Harrituko ginateke zein familietatik datozen… Gizartean dagoen aurre iritzietako bat apurtzeko moduan!

 

Noiz hartu zenuen erretiroa?

2017ko abuztuaren 14an izan zen. Sentimendu kontrajarri batekin utzi nuen egoitza. Batetik, bokazio espirituak bertan jarraitzea eskatzen zidan; baina bestetik, argi neukan buruak eta gorputzak merezia zeukatela patxada, hainbeste urte irakaskuntzari eskaini ostean. Egoitzako megafoniatik abestuz agurtu nintzen mutiko, irakasle eta gainerako langileengandik. Beti identifikatu izan naiz Ibaiondoko proiektuarekin, eta jubilatuta egon arren, hango langileei hots egiten diet noizean behin, jakiteko zer moduz dabiltzan eta mutikoek zer nolako eboluzioa daramaten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!