111 Akademia Sariko finalistak iragarri dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 22a, 01:00

Maddi Zubeldiaren 'Deserria haurtzaro' eta Uxue Alberdiren 'Jenisjoplin' idazlanen artean erabakitzeko aukera zabalik izango da, datorren apirilaren 8ra bitarte. Sari banaketa ekitaldia maiatzean izango da, Andoainen.

Iaz argitaratutako lanen artean  111 Akademiaren Saria nori eman erabakitzeko, Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko akademiak amaiera eman dio bigarren bozketa txandari, otsailaren 16an martxan jarri eta martxoaren 15era arte zabalik izan dena. Alaine Agirreren Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama, Maddi Zubeldiaren Deserria haurtzaro, Alberto Ladron Aranaren Jainkoen zigorra, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Iñigo Urdinagaren Surflaria eta paradisua izan dira lehian bigarren txanda horretan, lehenengo bueltan boto gehien jaso zuten bost obrak, alegia.

Bost idazle lehen bozketan, bi azken bozketan
Bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen %40a lortu duen lanik ez da izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak aurtengo finalera pasatu dira: Maddi Zubeldiaren Deserria haurtzaro eta Uxue Alberdiren Jenisjoplin. Bi lan horien artean hautatu beharko dute sariduna akademiakideek apirilaren 8ra bitartean.

Sari banaketa ekitaldia, maiatzean Andoainen
Akademiak apirilaren amaieran emango du ezagutzera 2017ko 111 Akademia Saria, eta sari banaketa maiatzaren hasieran egitea aurreikusten du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!