2.441.315 euroko aurrekontua izango du Asteasuko Udalak 2018rako. Horixe da momentuz aurreikusi duten kopurua. Pili Legarra alkateak azaldu duenez, “zuhurtzia handiz jokatzen dugu aurrekontuak osatzerako garaian. Guztiz ziurtatu gabeko diru-sarrerarik ez dugu aurrekontuetan sartzen. Zenbait dirulaguntza eskatuta dugu dagoeneko, baina onespenik jaso gabe, ez dugu aurrekontuetan sartu nahi izaten. Nolanahi ere, baliteke eskatutako dirulaguntza horietakoren bat jasotzea, eta horrek aurrekontu handiagoa izatea ahalbidetuko liguke, inbertsioetarako tartea handituz”. Zerbitzuen atalak ekartzen dio Asteasuko Udalari gasturik handiena, 1.118.600 euro guztira. “Gure herriaren tamainarako, kopuru handia da hori”, azaldu du Pili Legarrak.
Plaza, oinezkoentzat
Inbertsioen atalari dagokionez, plaza oinezkoentzat egokitzea izango da ekimenik garrantzitsuena: “Asteasu Batuz Udalean sartu zenetik, hainbeste buruhauste eman dizkigun plazaren egokitzapena jorratzen ari gara. Aurreko urtean lehen lanak egiteko partida sartu genuen aurrekontuetan: beharreko azterketak egin ondoren, proiektua landu zen 2017an zehar. 2018ko aurrekontuetan, inbertsioetarako partidarik garrantzitsuena plazaren oinezkotzera bideratuko dugu. Hauxe da gure proiektu izarra”.
2019rako amaituta
Bi fase izango dituzte plazako lanek. 2018an gauzatuko da lehen fasea. “310.000 euro inguruko aurrekontua izango dute lan horiek. 2019rako, lotuta utziko dugu beste 360.000 euroko partida bat, lanak erabat bukatu ahal izateko. Horrekin gauzatu ahal izango da plazako proiektua”, azaldu du Pili Legarrak.
Kopuru handiak dira plazako eraberritzeak eskatuko dituenak eta kopuru horiei aurre egin ahal izateko, “aurrezten aritu gara aurreko urteotan. Ez dugu mailegurik eskatu nahi, eta hori lortzeko, 2016 eta 2017 urteetan utzitako soberakina erabiliko dugu. Ahalegin berezia egin dugu soberakin horiek gorde ahal izateko”. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza eskaera ere egin dio Asteasuko Udalak. “Hori ere bideratuta dago, baina Udalak bere kabuz proiektu osoari aurre egiteko finantziazioa izan zezan bermatu nahi genuen. Dirulaguntza emango baligute, boltsa handia utziko liguke beste zenbait lan egin ahal izateko”.
Parte-hartze prozesua
Asteasurentzat eta bertako herritarrentzat horren garrantzitsua izango den ekimena denez, parte-hartze prozesua zabalduko dute datozen asteotan. “Aurreproiektua landuta dago dagoeneko, baina horren ekimen garrantzitsua izanik, herritarren iritziak ere bildu nahi ditugu, noski”. Apirila edo maiatza inguruan abiaraziko dute parte-hartze prozesu hori eta bilera sorta egingo dute herritarrekin. “Landutako aurreproiektua erakutsiko diegu lehenik. Aukera bat baino gehiago dago aurreikusita, eta hori guztia mahai gainean jarri ondoren, herritarrei emango diegu ahotsa. Ideia berriak sor daitezke bide horretan eta aberasgarria izango dela iruditzen zaigu”. Prozesu hori amaitzean eta herritarren iritziak jasota, behin-betiko proiektua gauzatuko du Udalak.
Saihesbidea
Plaza oinezkoentzat egokitu ahal izateko, Errekabailara aldera joateko sahiesbide berria ere eraiki beharko du Udalak. “Saihesbide horren zati bat eraikita dago dagoeneko, baina lan horiek bukatzeko daude. Proiektua dagoeneko idatzita dago eta urtean zehar pauso gehiago ematen joango gara. Aurrekontuetan dagoeneko sartuta dago eta gaia bideratzen ari da dagoeneko”.
Udazkenean hasi
Plazako lanen inguru xehetasun gehiago ere eman du Pili Legarrak. Lanak hasteko data eta epeei dagonionez, “udan behin-betiko proiektua idatzi eta gero, lanen esleipena aterako da. Urtearen azken lau hilabetetan hasiko lirateke obrak, eta 2019an amaitu. Gastuei dagokienez, 2018ko aurrekontuetan sartu dira batzuk, eta 2019koetan sartuko dira beste batzuk, baina horrek ez du esan nahi lanetan etenik egongo denik. Dirulaguntzak eskatzeko garaian berezi garrantzitsua da bi fase horiek ondo bereizi eta gastu bakoitza dagokion Udal aurrekontuan sartzea. Horregatik egin dugu bi urtetan bereizita”, azaldu du Pilik. Bi fase ezberdinetan egingo dira, beraz, plazako lanak. “2018an azpiegituren berrikuntza egingo da; saneamendu eta argindarrerako hoditeria berria…, telekomunikazio aldetik, bestalde, plaza inguruko hiru eraikinak elkartu nahi ditugu; udaletxea, kiroldegia eta kultur etxea”. 2019an zoladura, altzariak, zuhaitzak…., plazari itxura berria emango dioten lanak egingo dituzte. Datorren urtearen erdialderako lanak guztiz amaituta izatea espero dute.
Plaza handiagoa
Oraingo plazak baino zabalera handiagoa hartuko du berriak. Kale Nagusira arteko gunea zoladura bera jarriko da, eta oinezkoek izango dute lehentasuna. “Kale Nagusian sartzeko aukera izango dute zenbait autok, baina mugatuta. Orain baino eremu zabalagoa hartuko du plazak”.
Inbertsio gehiago
Plazako proiektu handiaz gain, ordea, beste zenbait inbertsio txikiago ere aurreikusi dituzte aurrekontuetan. “Erreka ondoko hesia oso zaharkituta dago puntu batzutan, eta berritu egin behar da. Pleguak onartuta daude, eta enpresa ezberdinen aurrekontuen zain gaude. Muskerraren bidean ere beste hesi bat jarri beharra dago, eta bi lan horiek epe laburrean egingo dira”.
Elizmendi auzoan autoak aparkatzeko sortzen diren arazoei irtenbidea emateko, aparkaleku txiki berria egiteko lanak ere bideratuko ditu Udalak. “Elizmendin etxebizitza berriak egiteko ekimena ere badago. Ekimen pribatua da, eta hori ere martxan dago dagoeneko”.
Herri-bideak txukundu
Herri-bideak berritzeko lanak ere egitekoak dituzte Asteasun: “Urtero-urtero bide bat konpontzen dugu. Modu horretan, urte batzuren buruan herribide guztiak txukunduta egongo lirateke. Aurten ere izango da partida bat horretarako”. Zabale baserrietako bidea izango da aurten berrituko dutena: “Nahiko egoera kaskarrean dago eta premiazkoa da lan horiek egitea. Ahal badugu, beste bideren batean ere egingo ditugu txukunketak, baina ezin dugu ziurtatu”.
Azken urteotan herriko argiteria Led sistemara aldatzeko prozesua martxan izan dute Asteasun, eta aurten, amaitutzat emateko moduan izango dira: “Oso gune gutxi falta dira argiteria sistema berrira pasatzeko. Sostengarritasun ildoari jarraituz jarri genuen martxan sistema aldaketa eta dagoeneko amaitzear dago. Energiaren Euskal Erankundeari dirulaguntza eskatzen diogu urtero, eta aurten ere eginda dago dagokion eskaera”.
Zorra, txikituz
Udalak duen zorraren inguruan alkateak azaldu duenez, “aurten kitatuko dugu duela hamabi urte eskatutako mailegu bat, eta bakarra geratuko zaigu ordaintzeko. 600.000 euroko mailegua da geratzen zaiguna. Alde horretatik, jaitsiera nabarmena izan da izan ere, 2011n bi milioi eurotik gorakoa zen zorra”.