“Andoaingo merkataritza sustatzen saiatzen gara”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 22a, 01:00

Bizpahiru urte dira Andoainen Outleta antolatzen hasi zela Salkin Elkartea. Sandra Viera Salkin Merkatari Elkarteko dinamizatzaileari egin diogu elkarrizketa.

Nolakoa izango da aurtengoa?
Merkatari bakoitzaren araberakoa da, baina normalean saldu nahi diren produktuak kalera ateratzean datza. Salkinen kolore diren urdin eta horidun puxikak ipiniko ditugu saltokien ateetan, Outleta eskaintzen ari direla argiago gera dadin.

Zer motatako dendak hartzen dute parte ekimenean?
Normalean ehungintza alorrekoak: moda eta osagarriak, esaterako. Baina burdindegi batek ere parte hartuko du.

Zer motatako eskaintzak aurki ditzakegu bertan?
Hainbat produktu beherapenetan, edota beste batzuk denboraldietako produktuak prezio merkeagoan ipinita.

Azken urteetan Salkin elkarteak bizitasun handiagoa hartu du. Zer dela eta?
Jarduerak biderkatu ditugu, herri barruko denda eta merkatalguneak ezagutzera emateko. Saltokiak egoera zaila igarotzen ari dira, eta hori dela eta ekimenez bete dugu egutegia.

Horrelako outletak egitea garrantzitsua dela esango zenuke, beraz.
Bai, baina urtean zehar gehiegi egitea ere ez zait onuragarria iruditzen. Normalean urtean bi egiten ditugu; udaberriaren hasieran bat eta irailean bestea.
Eguraldiak erabat baldintzatu dezake outletaren arrakasta. Aurreko urteetan Aste Santuaren aurreko ostiralean egin genuen eta, arrakastatsua izateaz gain, saltzaileak ere oso gustura geratu ziren. Hori horrela izanik, aurten ere data bera erabiltzea erabaki dugu.Ea eguraldi txarrak ez duen jardunaldiaren arrakasta baldintzatzen!

Zein helburu duzue outlet honekin?
Gure helburu handiena herritarrak herriko saltokietan erostera ohitzen saiatzea da. Horregatik garrantzitsua iruditzen zaigu Andoainen horrelako ekintza ezberdinak antolatuz herriko saltokiak ezagutaraztea. Saltokirik gabeko herria ez baita herri.
Tolosa begiratu besterik ez dugu. Saltokiz eta biziz beteriko herria da.
Ostiralerako antolatu dugun ekimen ezberdin txikiekin Andoainen ere berdina egiten saiatzea da gure asmoa.
Beraz, ostiral honetan andoaindarrak kalera atera eta, herriari bizia emanez, herriko merkataritzari laguntza ematera animatu nahi ditugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!