AP-8 errepidean Irunen sarbide berria egiteko lanak hasiko dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 20a, 01:00

[Albiste berezia]

AP-8 Autobidetik Irunerako sarbide berria egiteko lanak hasiko dira urtea amaitu aurretik. Hiriaren hegoaldeko, hau da, Donostitatik eta Donostiarantz dauden sarrera irteerak erraztuko ditu errepideak.

Obraren aurrekontu zenbatetsia 6,5 milioi eurokoa da, eta lanak urte amaierarako hastea eta 15 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da.

Lotune erdia Lapize auzoan egingo da, autobidearen 4,3 kilometro puntuaren parean, Behobiaren eta Irun-Barrerako ordainlekuaren artean. “Sarbide berriak hirigunearekin zuzenean lotzea ahalbidetuko du, eta modu nabarmenean hobetuko du irundarren mugikortasuna”, aurreratu du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak. “Irunek 60.000 biztanle ditu, eta gaur egun bi lotune ditu autobidearekin, hiriaren bi muturretan, bat Behobian eta bestea Katean, eta horietatik ibiltzen da Hondarribia helmuga edo abiaburu duen trafikoa. Lotune erdi honen bitartez, herrigunerako sarrera-irteera bat emango diegu herritarrei”, erantsi du Olanok.

Bestalde, Bide Azpiegituretako diputatuak zehaztu du, aurreikuspenen arabera, lotune erdi horrek eguneko 2.500 ibilgailu hartuko lituzkeela; beraz, horrek, hiri erdirako mugikortasuna nabarmen hobetzeaz gain, Irungo eta Hondarribiko trafikoak biltzen dituen GI-636 errepideko zirkulazioa arinduko luke.

“Gipuzkoako Foru Aldundiak gauzatuko du proiektua Bidegiren bitartez, eta AP-8 autobideko lotune berri honekin beteko dugu obra hori egiteko konpromisoa, Bidegiren kaudimen ekonomikoari eta banketxeekin uztailean berritutako kontratuari esker”, gehitu du diputatu nagusiak.

Proiektuan errepide bikoitzaz gain, biribilgune bat, zubibide bat eta autobideko sarrerako eta irteerako erreiak eraikitzea sartzen da. Lotura berria Oinaurreko biribilgunean hasiko da, Elizatxo hiribidetik metro gutxira, hain zuzen ere hirira sartzeko ardatz nagusietako batean, non Arabatenea eta Jostun kaleek bat egiten duten. Bide berria 50 metroko kanpo diametroa izango duen biribilgune batera iritsiko da. Biribilgune horretatik abiatuko da sarbide berria, autobidearekin lotura egingo duena aldapan, Donostiako noranzkoan. Biribilgune horretara iritsiko da, halaber, autobideko irteerako bidea. Irteerako bide hori ere maldan egingo da, eta AP-8 autobidearen gainetik igaroko da 47 metroko altueran.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bidegi lanean aritu dira azken hilabete hauetan zenbait zerbitzu elektrikoren afekzioak kudeatzen, eraikuntza proiektua idatzi ahal izateko. Proiektu honek bat egingo du udal eskumenekoa den Irungo hegoaldeko ingurabidearekin.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!