EH Bilduren oharra, merkatalgune handien inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 19a, 01:00

EH Bilduko udal taldeak mozio bat osatu eta ofizialki erregistratu du udalean: Mozio hau datorren martxoaren 21eko osoko bilkuran aurkeztu, eztabaidatu eta bozkatuko da.

Oharra eta mozioa:

"Iniziatiba berri honekin Amasa Villabonako EH Bilduko kideok Gipuzkoan eraikitzekoak diren merkatal-gune handi berriei, merkataritza eta lurralde plan sektoriala onartu bitartean, baimenik ez ematea eskatzen dugu. Gure ustez, merkataritza sektoreak bizi duen egoera delikatua kontuan izanda, Amasa-Villabonako udalak ezin du afera honetan geldirik eta beste alde batera begira geratu. Ondorioz, martxan dauden plan horiek aztertzeko eskatzen diogu Amasa-Villabonako udal gobernuari, beti ere gure herriko merkataritza sektorea babesteko helburuarekin.

 

Azken aldian maiz iristen zaizkigu merkataritza-gune handiei buruzko albisteak. Gune berrien proiektuak nonahi sortu dira. Donostia inguruan, ekialdetik mendebaldera, ez dira gutxi proposatu diren egitasmoak: Zaldunborda, Illunbe, Garbera, Belartza, eta beste hainbat. Gutxi gorabeherako estimazioa eginda, esan daiteke horiek gauzatuz gero beste 210.000m² gehiago okupatuko liratekeela merkataritza-gune handietarako.

 

Paradoxikoki, mekatal-gune handiak ugaritu eta hazteko joera hori ez dator bat mundu zabalean, eta guregandik gertu ere, nabarmentzen den ereduaren krisiarekin. Gaur egun, merkataritza-guneak ixten ari dira. Joera orokorra da, bestelako eredu batzuek (bereziki online merkataritzak) hartu duten indarrarengatik.

Egoera honetan, proiektu berri ugarien presakako tramitazioek desestabilizazioa ekarri dute. Ondorioz, Amasa-Villabonako EH Bilduren ustez Inoiz baino beharrezkoagoa da sektorea erregulatzea, udalez gaindiko planifikazioa, eta neurriz kanpoko handitze-eskaera horiei muga jartzea. Inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza, kontsumo eta bizi-ohiturak zaintzea, eta gure herrietako izaera eta bizitza babesteko.

 

Amasa-Villabonako EH Bilduko udal-taldetik, PNVren udal gobernuak arduraz jokatzea espero dugu eta mozio hau onartuta, Eusko Jaurlaritza garatzen ari den merkataritza-gune handien antolamenduari buruzko aurrerakinaren azterketa eta berrikuspen sakona egitea. Gure herriko merkataritza sektorea babesteko beharrezkoa ikusten dugu gune handi berriei mugak jartzea eta espero dugu PNVk ere ikuspegi hau konpartitzea".

EH Bilduk aurkeztutako mozioa:

MERKATARITZA-GUNE HANDIAK ETA LURRALDE-PLAN SEKTORIALA

Gure lurraldearen antolamenduan berebiziko garrantzia dute merkataritza-ekipamenduek. Sektore estrategikoa da, ekonomiari bete-betean eragiten diona, eta gure kontsumo eta bizi ohiturak errotik baldintzatzen dituena.

Azken aldian maiz iristen zaizkigu merkataritza-gune handiei buruzko albisteak. Gune berrien proiektuak nonahi sortu dira. Donostia inguruan, ekialdetik mendebaldera, ez dira gutxi proposatu diren egitasmoak: Zaldunborda, Illunbe, Garbera, Belartza, eta beste hainbat. Gutxi gorabeherako estimazioa eginda, esan daiteke horiek gauzatuz gero beste 210.000m² gehiago okupatuko liratekeela merkataritza-gune handietarako. Donostialdea, de facto, korridore komertzial handi bat bihurtuko litzateke.

Paradoxikoki, handitzeko joera hori ez dator bat mundu zabalean, eta guregandik gertu ere, nabarmentzen den ereduaren krisiarekin. Gaur egun, merkataritza-guneak ixten ari dira. Joera orokorra da, bestelako eredu batzuek (bereziki online merkataritzak) hartu duten indarrarengatik.

Honetaz gain, herrietako merkataritza txikiaren egoera gero eta zailagoa da eta milaka lanpostu galdu dira azkeneko hamarkadetan Gipuzkoa osoan. Gainbehera honek, eragin ekonomikoa izateaz gain, gure hiri zein herri ereduan izugarrizko eragina du ikuspegi sozial, energetikoa, edo eta mugikortasunari dagokienez.

Egoera honetan, proiektu berri ugarien presakako tramitazioek desestabilizazioa ekarri dute. Inoiz baino beharrezkoagoa da sektorea erregulatzea, udalez gaindiko planifikazioa, eta neurriz kanpoko handitze-eskaera horiei muga jartzea. Inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza, kontsumo eta bizi-ohiturak zaintzea, eta gure herrietako izaera eta bizitza babestea.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aurkeztua du “Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Jardueretarako Lurzoru Publikoa Eta Merkataritza Ekipamenduak Sortzeko Lurralde Plan Sektorialaren Berrikuspen Partzialaren Aurrerakina, Merkataritza-Gune Handien Antolamenduari Dagokionez” izeneko dokumentua. Dokumentu horrek aukera eman behar luke merkataritza-guneen ugaritzea eta handitzea arautzeko edota mugatzeko, udalerriz gaindiko ikuspegi batetik.

Horrenbestez, honako puntu hauek onartzea eskatzen diogu Udalbatzari:

1- Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aurkeztu duen merkataritza-gune handien antolamenduari buruzko aurrerakinaren azterketa eta berrikuspena egingo du Amasa Villabonako Udalak, eta dokumentu horri ekarpenak aurkeztuko dizkio, sektorearen gaindimentsionatzea geldiarazteko eta merkataritza-eskaintza ez desorekatzeko.

2- Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari eskatzen diogu merkataritza-gune handien antolamenduari buruzko lurralde plan sektoriala behin-betiko onartu arte ez ditzala baimendu tramitazio-bidean dauden eskaerak eta Gipuzkoa ekialdeko udalei eskatzen diegu ez aldatzea egungo planeamendua horrelakoei bide emateko. Izan ere, sektorea erregulatzeko prozedura martxan dagoen bitartean, guztiz kaltegarria da ekimen berriei bide ematea.

3- Erabaki honen berri helaraziko zaio Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.

 

 

Amasa Villabonan, 2018ko martxoaren 16an

EH Bildu udal-taldea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!