Klarinetearen soinuak nagusi Andoainen, asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 21a, 01:00

Arrakastatsua izan zen Basteron larunbatean ospatu zen Laukoteen Klarinete jaialdia. Hemezortzi laukote igo ziren Basteroko oholtzara, Andoaingo Udal Musika Eskolak eta Sapere Aude Sinfonetta elkarteak lankidetzan eta Andoaingo Udalaren laguntzarekin antolatu zen jaialdian zehar.

[Argazkiak] [Bideoa]

Andoaindik ez ezik, Bera, Lezo, Errenteria, Irun, Gasteiz, Zumaia eta Tolosatik heldu ziren klarinete jotzaileak, eta jaialdi ederraz gozatzeko aukera izan zuten Basterora bertaratu ziren musika zaleek.

Hemezortzi laukoteetatik, sei Andoaingo Udal Musika Eskolako ikasleek osatu zuten:

- Klariando Quartet (2 tangos): Maddi Elizasu, Aizpea Oria, Leire Barquero eta Xabier Ucin.

- Kuarteto Kalabera (The froggy day): Oier Moreno, Alex Castro, Iosu Mujika eta Axel Arrikarte.

- Hasi Berriak (Ni euri tanta banintz): Oihane Telletxea, Ane Escribano, June Lizartza eta Martin Sanchez.

- Friends Taldea (Norwegian dance): Ekiñe Lasa, Maitane Urkola, Unai Ulanga eta Urko Lizaso.

- IEPA Quartet (An irish stew): Euder Iturriondobeitia, Patricia Nistal, Irene Requeijo eta Aizpea Oria.

- Lautan Quartet (Alfonsina y el mar): Claudia Alduncin, Arantxa Irigoras, Jose Luis Perez eta Josu Otxandorena.  

 Itxierako ekitaldian, hiru taldek Aipamen Bereziaren ziurtagiria eta 200 euro jaso zituzten, Ana Uharte, Jesus Castillejo eta Igor Ruiz musika irakasleek osatu zuten epaimahaiak hala erabaki eta gero. Honako hiru taldek jaso zuten saria: Andoaingo Hasi Berriak (Oihane Telletxea, Ane Escribano, June Lizartza eta Martin Sanchez); Gasteizko Guridi Gazteak (Pablo Lopez, Enara Yiyoan, Noa Basterra eta Irene Divar): eta, Lezo, Errenteria Zumaiako LEZ laukoteak (Nahikari Martin, Oihan Espina, Andone Martiarena eta Claudia Alduncin). Azken talde horrekin Alduncin andoaindarrak jo zuen.

Ekitaldiari amaiera distiratsua emateko, Klarinet.eus taldeak emanaldia eskaini zuen. Euskal Herriko musika eskola eta kontserbatorioko klarineteko irakaslez osaturiko ensemblea da Klarinet.eus. Kalitate handiko taldea da, eta oso aldarte bakanetan biltzen da jendaurrean kontzertua eskaintzeko. Hernaniko Musika Eskolako zuzendari den Roberto Pachecok zuzendu zuen taldea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!