Hitzarmenaren sinadura ekitaldian, Zelaia Añarbeko lehendakariak erakundeen arteko elkarlana nabarmendu nahi izan zuen: "Mankomunitatea herrialde ezberdinen artean elkarlanean aritzeko sortu zen, eta hitzarmen honekin ere elkarlana sustatuko da Añarberen eta Urnietako Udalaren artean.".
Ingurumena izan zuen hizpide, jarraian: "Oria, Urumea eta Oiartzun ibaiak Añarbeko mankomunitatean zehar igarotzen dira eta ibai horien berreskurapenean lan handia egiten ari gara. Hitzarmenarekin saneamendu sarea hobetzeko aukera dugu. Ergoien industriguneko ur zikinak Lekun errekara doaz, eta helburua ur zikin horiek Donostiako Loiolan dagoen araztegira bideratzea da". Egitasmo hori potolo samarra da, Ergoien industrigunetik Erratzu aldera igaro behar baitira ur zikinak, eta tartean errepidea dago. Hori dela eta, lan horien kostua handi samarra izango da. Zehazki, milioi bat eurokoa. Añarbeko mankomunitateak ia bere osotasunean ordainduko du, kostu osoaren %83a bere gain hartuz.
Pagolak esker ona adierazi zien, "akordioarekin, ur sarea hobetu eta zabaldu egingo baita. Etorkizun batean populazioaren %98ak Añarbeko ur edangarria kontsumitu ahal izango du. Eskertza ere Ergoienen aspaldikoa zen arazoari irtenbidea emango zaiolako. Obra konplexua da, obra zaila, Iparlaten dugun lotunearekin bat egin behar delako". Perforazio bertikala delako teknika erabiliko dute, Añarbeko Ercillak adierazi zuenez.