Duintasunaren aldeko gizarte olatua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 17a, 01:00

Gipuzkoako pentsiodunen elkarteek manifestazioa antolatu dute Donostian, larunbat honetarako; Alderdi Eder parketik arratsaldeko 18:00etan abiatuko da. Andoaingo eta Urnietako pentsiodunek gizarte osoari agertzeko deia luzatu diete.

Pentsio duinen aldeko elkarretaratze jendetsua egin zuten Andoaingo Goikoplazan, joan zen astelehenean. Andoaingo pentsiodunek ez dute etsitzen, eta asteleheneroko 12:00etako hitzorduari eusten diote. Era horretan, astez aste, geroz eta herritar gehiago dira pankartaren atzean biltzen ari direnak, Espainiako gobernuari eta politikoei bizimodu duinago bat merezi dutela aldarrikatzeko.

Elkarretaratzeak Espainiako estatuko herri askotan azken hilabeteetan gertatzen ari den fenomeno sozialari erantzuten dio. Astelehenero, argazki berbera errepikatzen ari baita: pentsiodunak mobilizatzen ari dira, kalera ateratzen ari dira pankartaren atzean jarrita, murrizketen eta prekarietatearen aurka eta duintasunez bizi ahal izatearen alde.

Larunbatean, Donostian manifestazioa

Gipuzkoako pentsiodunen elkarteek manifestazioa antolatu dute Donostian, larunbat honetarako; Alderdi Eder parketik 18:00etan abiatuko da. Deitzaileek “Denok batera erretiro-pentsio duinengatik” lema zabaldu dute. Izan ere, helarazi nahi duten mezua da pentsio baxuen arazoa ez dagokiela soilik pentsiodunei; egun langile eta gazte direnei ere eragingo diela etorkizunean. 

Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunen elkarteek pentsio duinak eskatzen dituzte. Besteak beste, Europako Gutun Sozialak zehazten duen gutxieneko kopurua ezartzea (hots, 1.080 euro), gobernuak aplikatutako murrizketen erruz azken urtetan galdutako eros ahalmena berreskuratzea, eta pentsioak KPI-aren arabera gaurkotzea.

Andoaingo elkarretaratzearen bultzatzaileek eta Duintasuna elkarteak bat egin dute Donostiako manifestaziorekin. Urnietako Dena Berri elkarteak ere bazkideak animatu ditu Donostiara hurbil daitezen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!