"Klarinetearekin maiteminduta gaude"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 16a, 01:00

Aizpea Oria, Irene Requeijo, Eider Iturriondobeitia eta Patricia Nistalek Iepa Quartet osatuko dute. Larunbat honetan Klarinete jaialdian parte hartuko dute.  

An irish stew joko duzue...
Patricia Nistal: Irlandako bi abesti tradizionalen konbinaketa da. Erritmo lasaian hasi eta gerora bizitu egiten da, jendea dantzan jartzeko moduan ia. Klarinetearen soinu goxora egokitu dugu guk.

Jendaurrean urduritasunik sentitzen al duzue?
Irene Requeijo: Nire kasua berezia izan da. Umetan, publikoaren aurrean aurreneko aldiz jotzea tokatu zitzaigunean, oholtzara igo ezinik geratu nintzen, blokeatuta. Harrezkero normaltasunez jo izan dut. Egia esan, urduritasunik handiena oholtzara igo aurretik sentitzen da. Inoiz galdu behar ez dena tentsioa da; premiazkoa da edozein instrumentu ondo jotzeko.

Zer dauka klarineteak beste instrumentuek ez daukatena?
Eider Iturriondobeitia: Orain zazpi-zortzi urte aukeratu genuen, eta berarekin maiteminduta segitzen dugu. Oso instrumentu berezia da, doinu goxoa duena. Edozein musika banda entzuten dugunean, gure belarriak bertan jotzen ari diren klarineteetara joaten dira.

Zuk, Ander, azken unean jakin duzu ezingo duzula parte hartu…
Ander Otxoa: EGAko azterketa eta jaialdia batera egokitu zaizkit! Ilusioz nengoen, batez ere orain gutxi heldu diodalako klarinete baxuari. Gainera, antzeko jaialdietan parte hartu izan dugu, eta beti dago zer ikasia beste eskoletako klarinete jotzaileei ikusita.

Zu, Aizpea, Ander ordezkatzera etorri zara.
Aizpea Oria: Klariando Quartet taldearekin jo ostean, Anderren hutsunea beteko dut; bi laukoteekin igoko naiz oholtzara, beraz. Eider, Patricia eta Irenekin batera entsegu bakarra egin ahal izan dut, gaurkoa hain zuzen; abestia ezaguna egiten zait eta ondo moldatu naiz. Taldearen izenarekin ere ez dago arazorik; izan ere, “Iepa” taldekideen izenen lehen hizkiekin osatu baitzuten.

Duzun eskarmentuagatik, zer nolako zailtasuna dauka laukote batek?
Mikel Emezabal: Laukotea lau ahotsetan banatzen da, bakoitzak bere rola dauka eta erabatekoa izan behar da euren arteko koordinazioa. Mikrobanda bat da, azken batean. Musika banda batean bezala, une jakin batean instrumentu batek hartzen du protagonismoa, eta orduan besteei laguntzea (armoniak, erritmoak…) dagokie.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!