Trinketean banaka eta eskuz binaka txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 15a, 01:00

Julen Loitegi senior mailan eta Aitor Aldunberri jubenil mailan txapeldun dira eskuz banaka nahiz binaka. Pala motzean galdu egin dute Udaberriko finala Iribarrek eta Garagorrik, txapelketa gazi-gozoa biziz.

Emozioz eta pozez beteriko asteburua izan da UKE taldeko pilotariena. Hiru final jokatu dituzte, eta horietatik bitan gailendu dira urnietarrak.

Gipuzkoako eskuz binakako trinketeko Txapelketan, senior mailan, Garikoitz Arizmendik eta Aitor Aldunberrik irabazi dute Tolosa eta Aurreraren aurka (40-29). Partida guztian zehar 8 tantu aurretik joan ziren urnietarrak. Inflexio puntu txiki bat izan zuten 34-28 tantuan, tolosarrak geroz eta hurbilago ikusten baitziren. Garaipen horri esker Aldunberrik bitan jantzi du txapela, eskuz banaka eta binaka, alegia.

Senior mailako UKE taldekoak ere fin ibili dira. Villabonako Behar-Zana taldearen aurka irabazi dute Julen Loitegik eta Eñaut Esnaolak (40-10). Aurrelari den Loitegik erritmo bizia ipini zion partidari aurkariak arnasestuka utziz; eta Esnaolak soiltasun eta segurtasun handia erakutsi zuen partida osoan zehar aurrelariari lagunduz. Loitegik ere bi txapela eskuratu ditu, eskuz banaka eta binaka. UKE-k zoriondu nahi izan ditu bere pilotariak egiten duten esfortzu eta ahalegin guztiagatik.

Udaberri Txapelketako finala
Udaberri Txapelketaren amaiera gazi-gozoa eduki dute Urnietako pala motzeko Ekain Iribar eta Xabier Garagorri pilotariek. 0-8 irabazten joan ostean, altzatarrak martxa hartu eta markagailuan gora egin zuten (40-27).

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!