Oroitzapenez beteriko erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 15a, 01:00

Andoaingo Udalak, Itxaso Mendiluzeren bitartez, emakumeen lanbideen inguruko erakusketa antolatu du Bastero kulturguneko erakusketa gelan. “Herria herri bilatu zuten Andoaingo emakumeak” izenburupean, ikusmin handia piztu du.

Martxoaren 9an ireki zituzten erakusketaren ateak eta jendeak gogotsu hartu zuen. Andoaindar asko gerturatu zen bertara eta argazkiz beteriko bi paretak askoren oroitzapenak azaleratzeko balio izan zuten. Baita ahaztutakoak berriz ere gogora ekartzeko ere. Gainera bertara gerturatu zirenak, argazkietara gerturatu eta ingurukoen istorioak entzuteko aukera ere izan zuten. Erakusketak izan duen harrera ona dela eta, zabalik izango da datorren apirilaren 14ra bitarte.

Martxoaren 8a hizpide
Basteroko irekieran hainbat emakumek bezperako greba deialdia hizpide izan zuten. Adin tarte ezberdinetako emakumeak baturik ikustea hunkigarria izan dela dio Amaia Agirrek. Mariaje Otamendik mugarritzat hartu zuen aurtengoa, herrian inoiz ikusi gabea izan baita.

 

{{IMG-40376}}

Amaia Agirre
“Erakusketa zoragarria iruditu zait. Horrelakoak guztioi gogoko zaizkigula esango nuke eta gertuko adiskide zein senideak ikusteko aukera izanik, zer esanik ez. Gainera momentu batean batzuengana gerturatu eta beraien historioa entzuten egon naiz, eta oso polita izan da”.

{{IMG-40382}}

Mariaje Otamendi
"60 urteak atzean utzi ditugunok izugarri disfrutatzen ari gara gure haurtzaroko esperientziak gogoratzean. Zumea plazan jaiotakoa naiz eta Itxasok laguntza eskatu zigunean gure esku hartze apala eskaini genion. Izugarri disfrutatu genuen prozesu horretan".

{{IMG-40381}}

Ana Mari Aranburu
"Niretzat oso erakusketa erakargarria izan da. Herritar asko etorri zaizkit gogora. Argazki batean gainera nire jaiotetxea agertzen da eta polita izan da erakusketan hura ikustea".

{{IMG-40380}}

Nati Prieto
"Ardo saltzaile baten bulegoan lanean ibili nintzen eta erakusketan ere azaltzen naiz. Polita da horrelako erakusketa bateko parte izatea. Gauza asko gogoratzen ditut eta oso garai onak izan ziren haiek".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!