Gure Esku Dago ekimenak Euskal Herrian egin den mobilizaziorik jendetsuenean parte hartzera animatu nahi ditu euskal herritarrak. Datorren ekainaren 10ean, eskuz esku, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu nahi dituzte eta, horretarako, 100.000 lagun beharko dituzte. 2014an egin zen giza-kate erraldoiarekin alderatuta, oraingoan 75 kilometro gehiago gehitzea erabaki dute (Durango eta Iruñea lotu zituzten 126,9 kilometroetan zehar). Beraz, aurtengo giza-katearekin 201,9 kilometro lotu nahi dituzte.
Aurtengo plangintzan gainera, ekimenak erabakitzeko eskubidearen aldeko 2019 arrazoi bilatuko ditu Euskal Herriko herri ezberdinetan zehar. Hori posible izateko, hiriburuetan mahi-inguruak antolatu dituzte, eta baita zenbait herritan solasaldiak ere.
Deialdi berezia urnietarrei, ekimenean parte har dezaten
Ekimen horien aurrean Urnietako Gure Esku Dago taldeak aukera polita ikusi du herria batu eta denen artean giza-katea osatzeko beharrezkoa den parte hartzea lortzeko. Zehazki, Urnietatik datorren 250 pertsona beharko dituzte ekainaren 10erako.
Gauzak horrela, Urnietako Gure Esku Dago taldeak deia zabaldu nahi du. Beste herrietan egin diren ekintzak ikusita, Urnietak ere Gure Esku Dagoren dinamika ezberdinen bitartez, erabakitzeko eskubidearen aldeko apustua egiteko aukera eskaini nahi die herritarrei.
Bilera Lekaion, astelehenean 19:00etatik aurrera
Datorren martxoaren 12an, Lekaio kultur etxean bilera deitu dute arratsaldeko 19:00etan hasita. Horra Urnietako Gure Esku Dagoko kideen gonbitea: "Urnietarra bazara eta Euskal Herrian egin den mobilizaziorik handienean parte hartzeko intentziorik baduzu, gerturatu eta parte har ezazu".