Kalejira alaia, hunkigarria eta aldarrikatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 13a, 01:00

Kale jira jendetsua, alaia eta hunkigarria egin da Andoaingo kaleetan zehar, eguardian. Rosi Agirre, Goyita Zubillaga eta Marisol Fernandez; Miren Erkizia; Izorne Tena eta Miren Dominguez; Susana Cencillo, Ainhoa Zabala eta Ihintza Oiartzabal; Maite Olmeño; Marta Diez; eta, Nora Mendizabal izan dira aurtengoan lelukoa eramateko izendatu dituzten emakumeak, martxoaren 8ko nazioarteko egunaren harira.

[Argazkiak] [Bideoa]

Kalejira Bastero Plazan hasi da eta Goikoplazan egin den ekitaldiarekin amaitu da.

Hona zeintzuk diren adierazi diren arrazoiak, izendatuek protagonismoa har zezaten aurtengo ekitaldian:

Rosi Agirre, Goyita Zubillaga eta Marisol Fernandez: “”Zentroa” emakume andoaindarren erreferentzia izan da ia hiru  hamarkadetan. 60ko hamarkadan jaio zen Rosi bezalako emakumeen bultzadaz, eta Joxepi Orbegozo zuzendariaren eta beste hainbat emakumeen eskutik egin zuen bidea, eta bitarteko baliagarria suertatu zitzaien emakume andoaindarrei, jasaten zuten gizarte matxistarekiko loturak hautsi zitzaten”.

Miren Erkizia. “Non beharra, han Miren. Eskatu egin gabe pauso bat aurrera ematen duen emakume horietakoa da. Auzoan, herrigintzan, elkartasunean lanean beti, lanetik kanporako orduetan ere. Berea bezalako historia txikiek egiten dute historia handi. Miren bezalako emakume onek osatzen dute, Andoaingo historia ere”.

Susana Cencillo: “Soinuak musika eskolako sortzaile. Ekintzaile eta kulturaren bultzatzaile nekaezin. Enpresari eta ama. Laguntzaile ezinbesteko Andoaingo herrigintzan. Denak batera egiten ditu eta denekin batera ari da Susana herria eta berdintasuna musika soinez jazten".

Maite Olmeño: “Irribarre bat, hitz lasaigarriak, gertutasunezko keinu bat… Baldintzarik gabeko babesa eta erreferentzia Andoainen ginekologiako zerbitzua erabili duten emakume guztientzat. Emakume andoaindarrek egin zuten borrokari esker lortu zen zerbitzu hori; bertako langileek profesionaltasun handiz egin dute lan bertan, eta orain, jubilazioa hartzera doan Maitek adierazi digun bezala, geuri egokitzen zaigu defendatzea”.

Izorne Tena eta Miren Dominguez. “Ohituraren kontra egin dute. Aitarengandik semeenganako lotura inertziazkoan esan dute eurek ere hor daudela eta ez dagoela zertan bereizketarik egin behar. Eta libre erabaki dute, beraien aisialdian nahi zutena egitea: ehizan aritzea. Berdintasuna jo puntuan jarrita".

Ainhoa Zabala eta Ihintza Oiartzabal: “Enpresari txikia eta ama handia. Janari denda martxan jarri, lana eman eta lan lotuari emana. Oso baldintza gogorretan ama izatea erabaki du berak. Aita espetxean urruti zegoela ekarri du Ihintza txikia. Ez da txikia bizkar gainean daraman zama. Pisutsua da, baita ere, Ihintzak daraman motxila”.

Marta Diez: “Borrokalaria. Beste makina bat emakumeren adibidea da, minbiziaren aurka borroka egin behar izan dutenena, gazteak izanik. Zapia buruan, bere ingurukoen babesa, bere ume txikiak hazteko erabaki sendoa… eta irribarre bat. Horietxek izan dira bere borrokarako tresna, eta hementxe daukagu geure artean, inoiz baino biziago”.

Nora Mendizabal: “Kirolaria eta pilotaria. Andoaingo pilota eskolako neska bakarrenetarikoa. Zaletasuna eta gogoak eraman zuen txikitatik frontoietara eta horretan jarraitu du tinko, bere inguruan neska bakarra izan denetan ere. Duen indarragatik eta batez ere, indar horrek sekula huts egin ez diezaion bultzatu nahi dugu emakumezko andoaindarrok, indartsu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!