111 Akademia Saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 10a, 01:00

Saria erabaki ahal izateko, literatur akademiak bost hautagai aukeratu ditu: Agirre, Zubeldia, Ladron Arana, Alberdi eta Urdinaga. Martxoaren 15a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa.

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak sustatzen du literaturzaleen 111 Akademia ekimena. Irakurleek, urtean zehar argitaratu diren lanen artean, liburu bat saritu ohi dute. Saridun izan dira, besteak beste, Kirmen Uribe, Ramon Saizarbitoria, Miren Agur Meabe, Lourdes Oñederra, Koldo Izagirre edota Anjel Lertxundi.

Beterri-Buruntzan oinarri duen lehiaketa da, nahiz eta Akademiak Euskal Herri osoko kideak dituen. Aurtengo saria erabakitzeko lehen urratsak eman dituzte. Bost lan hauen artean erabakiko da saria:

• Alaine Agirre: Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama.

• Maddi Zubeldia: Deserria haurtzaro.

• Alberto Ladron Arana: Jainkoen zigorra.

• Uxue Alberdi: Jenisjoplin.

• Iñigo Urdinaga: Surflaria eta paradisua.

Lehenengo bozketa txandan, 83 akademiakidek eman dute botoa. Urtero bezala, bigarren eta, halakorik balego, hirugarren txandetan kopuru horrek gora egitea espero dute Akademiako arduradunek, bozketek aurrera egin ahala handitzen joaten baita irakurketan eta ondoriozko bozketan parte hartzen dutenen kopurua. Sarituaren izena apirilaren azkenean emango dute ezagutzera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!