Leire Galarraga, lehorreko arraunlari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 11a, 01:00

Arraunak erakarrita, Tolosara joan eta kirol horretan trebatzen hastea erabaki zuen Leire Galarraga zizurkildarrak. Buru-belarri ari da geroztik.

Lagunartean sortutako hizketaldi batetik sortu zen Leire Galarragaren zaletasuna. “Behin baino gehiagotan aipatzen genuen arrauna erakargarri egiten zitzaigula, eta froga egin behar genukeela. Tolosara joan eta bertako taldearen inguruko informazioa lortzea erabaki genuen”. 2016ko iraila zen, eta TAK Oria Tolosa taldeko kideengana hurbildu ziren zizurkildar gazteak. Entrenamendu saioren bat ikusi, beharrezko informazioa lortu, eta froga egitea erabaki zuen Leirek.


Lagun artean

Koadrilako beste lagun batekin batera joaten da Leire Tolosara, entrenatzera. “Itsaso Aizpurua zizurkildarra eta biok animatu ginen. Elkarrekin egiten ditugu Tolosarako bidaiak eta, adin berekoak izanda, taldekideak ere bagara”. Ainhoa Manterola andoaindarra ere taldekide dute eta gehienetan, trenean egiten dute topo hiru gazte kirolariek. Kirola egiteaz gain, lagunak egiteko ere balio izan dio Leireri arraunak eta irribarrez azaltzen du oso giro ederrean aritzen direla. 

Kirol gogorra da arrauna, baina oso gustura dabil Leire. “Entrenamenduak nola ziren azaldu zigutenean, gehitxo izango zela iruditu zitzaigun. Behin martxa hartuta ordea, oso gustura gabiltza. Denboraldi aurretik alderdi fisikoa lantzen dugu gehienbat; gimnasioko lana egiten dugu eta baita korrika saioak ere, fondoa edo iraupena handitzeko”. Denboraldia hasita, asteburutako estropadak gehitu behar zaizkie entrenamenduei. “Jubenil mailan ari naiz, eta momentuz, Gipuzkoako kostaldean izaten ditugu saio gehienak. 2000 metroko distantzian egiten dugu arraun, senior mailako distantzia berean. Leher eginda amaitzen dugu, dena emanda”. 

Arraunean hasi denetik, kirol hori gertuagotik ezagutzen ari da Leire. “Egia esan, aurrez ez nion jarraipen handiegirik egiten. Orain, ordea, estropadak ikustea gustatzen zait. Barrutik ezagutzen dut kirol hau, eta horrek hobeto ulertzen laguntzen dit, noski”. 

 

Teknika

Indarra eta teknika bateratzen ditu arraunak eta Leirek azaldu duenez, “hasieran ez da erraza. Arraunean ondo egiteko teknika menperatu behar duzu eta hori, arituaren poderioz lortzen da. Gorputza postura egokian jartzen ikasi behar da. Ordu asko pasatzen ditugu entrenatzen, eta pixkanaka, entrenatzaileak erakutsi egiten digu postura guztiak zuzentzen”. Arraunak ekartzen dio lotura handia izanda ere, Leirek garbi dauka oso kirol polita dela. Erronkei aurre egitea gustatzen zaio zizurkildarrari eta gozatu egiten du arraunean. 

Estriborrean aritzen da gazte zizurkildarra. “Erosoago sentitzen naiz ezkerraldean arraun egiten, nahiz eta gainerakoan ez naizen ezkerra. Traineran aurreraxeago edo atzeraxeago jarri izan naute, baina beti ezkerrean”. Entrenatzaileak erabaki ohi du bakoitzaren posizioa, ezaugarrien arabera. 

 

Lotura

Aste egunetan, egunero egiten dute entrenamendua, astean behin izan ezik. “Asteazken arratsaldea bakarrik izaten dugu libre. Arratsaldeko 18:00etan hasten ditugu entrenamenduak eta ordu eta erdiko saioak egiten ditugu, gutxi gorabehera”. 

 

Batela eta trainera

Batelean lehiatzen dira Leire eta taldekideak, baina trainera ere osatu dute aurten. “Jubenil mailako nesken taldean 13 pertsona gara. Senior mailako neskekin batera, traineran lehiatzeko aukera izango dugu aurten. Mutilen taldean, adibidez, gutxiago dira eta batelean bakarrik aritzen dira”. Zarautzko trainerarekin arituko dira Tolosako neskak, uda aldean. “Beste erronka bat gehiago suposatuko du guretzat, baina baita jende gehiago ezagutzeko aukera ere”. Horri lotuta, gainera, urteko arraun-hitzordurik berezienean ere izango dira, lehenengoz. “Kontxako estropadako sailkatze proban izango da gure trainera. Gogotsu gaude bertan izateko. Lehen aldia da, eta ez dakigu nolako emaitza izango dugun, baina ilusioz joango gara”, azaldu du Leirek. 

 

Itsasoa gustuko

Lehorrekoa da Leire, baina gustuko du itsasoan arraun egitea: “Ibaietan baino gehiago aritzen gara itsasoan eta oso polita da. Normalean Gipuzkoako kostaldean izaten ditugu estropadak, baina tarteka egokitzen zaigu Iparraldera edo Bizkaia aldera joatea ere”.

Batxillergoko bigarren maila ari da ikasten Leire, eta ez da beti erraza ikasketak eta arrauna bateratzea. “Bi gauza horietan joaten dira nire ordu gehienak. Iazko ikasturtera arte, Bukalai dantza taldeko kide ere banintzen, baina uztea erabaki nuen. Oso gustuko nuen dantza ere, baina zerbaiti uko egin beharra nion eta iaz hartu nuen erabakia”.

 

Etxekoen babesa

Gustura daude Leireren etxekoak, “ni gustura ikusten nautelako. Kirola egiten ari naizela ikusteak poza ematen die”. Estropadetan animatzera ere joaten zaizkio. “Gustatzen zaie mundu hori, eta nik ere eskertzen dut etortzea”, dio irribarretsu. Gainera, Leirek badu aurrekari bat etxean, izan ere, aita arraunean ibilitakoa baita. “Hari ere asko gustatzen zaio eta gaztetan ibili zen. Proba egiteko gogoa nuela esatean, animatu egin ninduen”. 

 

Seniorrekin ere bai

Senior mailako batelean jokatutako estropada du bereziki gogoan Leirek. Jubenil nesken mailan bi batel atera ohi dituzte baina egun hartan, “taldekide batzuk EGA-ko azterketa zuten, eta batel bakarra osatu genuen. Taldeko batzuk senior mailako batelean atera ginen eta oso esperientzia polita izan zen. Asko gozatu nuen egun hartan”. 

Lesiorik ez du izan Leirek arraunean dabilen denbora honetan. “Zortea izan dut. Beharturen bat edo giharretako arazoren bat izatea ez da harritzekoa izaten, baina ni, momentuz, horretatik libre nabil”.

 

Ligan, bete-betean

Batelen Liga jokatzen ari dira orain Leire eta taldekideak. Ikasturte amaiera arte ariko dira horretan eta Euskal Herriko nahiz Espainiako txapelketak ere iritsiko dira. Pasai Donibane dute aurkaririk gogorrena. “Iaz irabazi egiten genien, baina aurten, jende berri asko dugu taldean eta lehiari tamaina hartzen ari gara oraindik. Donibanetarrek dute gure mailako talderik indartsuena, zalantzarik gabe. Aurreko jardunaldian, adibidez, beraiek izan ziren garaile eta guk bigarren postuarekin konformatu behar izan genuen”. 

Zaleen animoak asko eskertzen dituzte arraunlari gazteek, eta Leirek zaletuen babes hori sentitu izan du: “Neska zein mutil, berdin-berdin animatzen gaituzte. Alde horretatik, ez dugu ezberdintasunik nabaritu”, azpimarratu du. Arraunean proba egitera animatu nahi du jendea Leirek. “Lagunei, ezagunei…, askotan esaten diet arraunera gerturatzeko. Proba egin dezatela. Entrenamenduetan oso giro ona dugu eta lehia ere polita da”. Etorkizunari begira, arraunean jarraitzeko gogoz da gazte zizurkildarra. “Ikasketekin bateratzeko moduan naizen bitartean, eutsi egingo diot, oso gustura nabil eta”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!