Egunerokoan eredu dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 9a, 01:00

Zazpigarren kalejirari ekingo diote larunbat honetan, pausoz pauso, berdintasunerantz egiten dena. Pertsona arruntak dira, itzaletik argira ekarri nahi dituztenak. Herrikideen aitortza jasoko dute, egunerokoan eredu baitira.

[Argazkiak]    [Bideoa]

“Mezu sinbolikoa eman nahi dugu, emakumeek urtetan izan ez duten errekonozimendua argitara ateratzea”, horixe izan zen aurtengo omenduen aurkezpenean Jone Larrañaga kazetariak adierazitakoa. Basteroko ekitaldia egunerokoan eredu diren herrikide anonimoak ezagutzeko aukera polita izaten da. Autengoan, hauexek izango dira omenduko dituztenak: Rosi Arregi, Susana Cencillo, Marta Diez, Miren Erkizia, Marisol Fernandez, Nora Mendizabal, Maite Olmeño, Izorne Tena, Miren Dominguez, Ainhoa Zabala eta Ihintza Oiartzabal alaba eta Goyita Zubillaga.

Eredu diren herrikide anonimo horietako batzuren lekukotza hunkigarria izan ohi da. Iaz, esaterako, bertaratu zen jendea aho bete hortz geratu zen Miren Etxezarretaren lekukotzarekin. Ezintasun fisikoak eraginda, egunerokotasunean gurpildun aulkia behar-beharrezkoa izaten du. Txundigarria izan zen gainerakoei erakutsi zien barne indarra eta umorea. Txalo zaparrada jaso zuen. Aurtengo omenduen artetik biren lekukotzak nabarmendu behar dira, Marta Diezena eta Maite Olmeñorena. Emozioa, indarra eta poza: Sentimendu horiek azalerazi zituzten, maitasunez eta minez, bakoitzak bere bizipenetatik abiatuta.

Maite Olmeño erizain laguntzailea pozarren zegoen herrikideek bere hautagaitza proposatu zutelako: “Oso hunkituta nago, ez nuen horrelakorik espero. Eta aurten jubilatzen naizenez, hauxe da jasoko dudan oparirik onena. Ilusio handiz jaso dut aitortza, emakume normaltzat hartzen dut nire burua, eta neu hona ekarri nauten emakumeak ere halakoxeak dira: arruntak. Urteak eta urteak dira kontsultan elkar ikusi dugula, geure bizitza eta arazoak partekatuz, beraz zer hobea aitortza hau jasotzea baino. Zoriontsua naiz”. Eta, segidan, emakumeen eskubideen aldeko aitortza sutsua egin zuen: “Ginekologia zerbitzua Andoaingo emakumeen garaipena izan zen, emakumeek zerbitzu hori ezartzeko borroka egin zutelako. Uste bat badut: Emakumeen lorpenak, borrokatu gabe, ez direla inoiz lortuko. Aurrera egin eta honakoa edo bestelakoa behar dugu, aldarrikatu behar da. Ez badugu borroka egiten, hainbat lorpen galtzeko arriskua dugu. Ia oharkabean joango gara eskubide horiek galtzen..., borroka egiten jarraitzea dagokigu. Gazteak zaretenok behar asko dituzue, eta adinean gora goazenok, ikusten duzue pentsiodunak kalean nola dauden! Akaso Espainiako Gobernua aldatzea lortuko dugu”. Azken esaldi horrekin ikuslegoaren algarak eragin zituen. Pertsona arrunten boteretzearen aldeko adierazpen sutsua izan zen, zalantzarik gabe, Maite Olmeñorena. Bere adierazpenak, ikusleen aldetik, txalo zaparrada jaso zuen.

Maite ondo eta gertutik ezagutzen duen horietakoa Marta Diez da. Hunkituta zegoen, negar malkotan, eta hainbat unetan hitza hartzea ezinezko egiten zitzaion: “2015ean bularreko minbizia nuela esan zidaten, eta lau hilabetera gaixotasunean berriro erori nintzen. Urtebeteko alaba eta lau urteko mutikoa nituela, bizitza bitan hautsi zitzaidan. Minbizia nuela jakitean, lehenengo eta behin eurengan pentsatu nuen. Ezin ditut utzi, izan zen nire lehen pentsamendua. Eurengandik egon behar dut hemen, nioen. Urtebete da bigarren tratamendua amaitu nuela, eta dena ondo doa. Dagoeneko alabak 4 urte ditu, eta semeak 7. Sekulako indarra eman didate, aurrera egiteko. Bidean emakumezko indartsu ugari ezagutu ditut, eta euren indar eta animoei esker ere atera naiz aurrera. Gogorra, baina prozesua betegarria izan da, pertsona bikainak ezagutu ditudalako. Txikikeriekin tematzen gara, baina bizitza da handiena”. Ezinezkoa zen emozioari eustea, ekitaldiko unerik hunkigarrienak Diezen lekukotzarekin iritsi ziren.

Gainerako omenduak
Gizarte mailan Rosi Arregi, Goyita Zubillaga eta Marisol Fernandez duela 50 urte Agustin Leitza kalean zabaldu zuten Centro de mujeres heziketa guneko kideak omenduko dituzte. Eskola modukoa izan zen, emakumeen garapenerako garrantzia handikoa. Gizarte mailan ere, Miren Erkizia emakume nekaezina da. Ikastolako udalekuetan, Andoaingo Guduko jostungintzan edota Sahararen aldeko elikagaien bilketan lan eskerga egin ohi du. Ehiza gizonezkoen mundua izaten da eta hortxe eroso dabiltzala aitortu zuten Izorne Tenak eta Miren Dominguezek: “Oso babestuta gaude”. Kulturan, Susana Cencillo ekintzailea nabarmendu zuten. 18 urte dira akademia ireki zuenetik, eta geroztik hamaika kalejiratan ikusi dugu. Ainhoa Zabala ere ekintzailea da. Denda baten arduraduna da, eta Ihintzaren ama. Biek ere bizitza erabat baldintzatuta daukate, Asier bikotea eta aita ehunka kilometrora espetxean dutelako. Kirol mailan, Nora Mendizabal omenduko dute. Ez dira asko pilota munduan dabiltzanak, baina horiexek gogotsu daudela erakutsi dute. Larunbat honetan, Goikoplazan jasoko dute herrikideen omenaldia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!