Zubimusun agertutako pintada gaitzetsi dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 9a, 01:00

Ikastolen Elkarteak gogor gaitzetsi nahi du Zizurkil eta Amasa-Villabonako Zubimusu ikastolako ate batean egin duten pintaketa morea, zeinetan ikastola hau “segregatzaile” dela leporatu dioten, eta elkartasun osoa adierazi nahi dio ikastola horretako komunitateari. Honako mezua igorri dute Ikastolen elkartetik:

Erasoa bera gaitzesteaz gain, Zubimusu ikastolari leporatzen diotena guztiz faltsua dela ere salatu nahi du Ikastolen Elkarteak.

Era berean, pintaketa egiteko erabilitako kolorea Martxoak  8arekin erraz lotu daitekeen arren, Ikastolen Elkarteari ezinezko egiten zaio lotura hori egitea.

Aitzitik, zenbait sektoreren aldetik ikastolen aurka erabiltzen ari diren gezurrezko salaketen kanpainarekin lotzen dugu Zubimusu ikastolak jasan duen erasoa. Kanpaina deitoragarri hori areagotu egin da Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berri bat onartzeko martxan den prozesua abian jarri zenetik.

Horregatik, exijitzen dugu gaur bertatik hasita kanpaina hori amaitzeko. Ikastolok gure eredua garatzen, hobetzen eta eraldatzen dihardugu, eta defendatzen, noski. Baina ez dugu beste inoren ereduaren aurka jotzen. Aitzitik, euskal hezkuntza sistema osatzen dugun eredu desberdinen artean euskal hezkuntza etorkizunari begira jartzeko ahaleginean dihardugu, eta bide horretan denok gara garrantzitsu, denok ezinbesteko.

Gure helburua, Zubimusu ikastolaren helburua, gizartea eraldatzea da; gizarte justuago, parekideago, euskaldunago eta zoriontsuago bat eraikitzea. Hori da gure seme-alabentzat nahi duguna. Guk ezagutu duguna baino Euskal Herri hobe batean bizi daitezen lortzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!