Emakumeen eta gizonezkoen arteko desorekak azaleratzen dituen kanpaina martxan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 9a, 01:00

Gipuzkoako Foru aldundiak emakumeen nazioarteko eguna dela eta kanpaina bat aurkeztu du. Markel Olano diputatu nagusiak aurkezpenean azaldu duenez, “aurtengoa ez da ohiko kanpaina bat izango”. Bertan emakumeak eta gizonak banantzen dituzten desberdintasunak agerian uzteko ahaleginak egingo dira eta horretarako hori baieztatzen duten datuak ere erabiliko dira.

[ALBISTE BEREZIA]

Har dezagun parte kanpainan

Kanpaina informatibo berria martxan da eta Gipuzkoa.eus web orrian osagarriak publikatzeko atal bat jarriko da martxan martxoaren 20an. Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasuneko Organoaren zuzendariak, Miren Elgarrestak, hiritar guztiak animatu ditu beren ikuspuntua eta datuetan oinarritutako esperientziak kontatzera, ondoren sare sozialetan partekatzeko. Elgarrestaren esanetan, "kanpainak ez du nahi mezuak paisaiaren parte izaten gelditzerik, horregatik azpimarratzen da desberdintasunaren gaia, gizonen eta emakumeen arteko desoreka, badaudelako hori erakusteko adibideak eta erakusgaiak nonahi". Gutxika datu gehiago bilduko dira sare sozialetan publikatzeko, #future5050 traolarekin.

Martxoaren 20tik aurrera desoreka horren datuak eman ahalko dira sare sozialetan partekatzeko. Kanpaina guztia Gipuzkoa.eus/future5050helbidean egongo da.

 

Soldata-arrakala eta kontziliazioa

Kanpaina, mota guztietako datu ezberdinetan oinarritzen da. Hain zuzen, datuak erabilita diputatu nagusiak berak lan eremuko eta kontziliazioaren esparruko datuetan oinarrituz, Gipuzkoako egoera desorekatuaren lehen erretratua eman nahi izan du. Hain zuzen bi arlo horietan eragin nahi da berdintasunari dagokionez, Aldundiak Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko estrategian. 2016ko Euskadi mailako txostenaren datuak eskuan eta Iazko errenta kanpaina prestatzeko batutako datuekin, mahaiaren gainen jarri nahi izan du soldaten arrakalaren gaia. Hala, 2016 urtean emakumeen bataz besteko urteko soldata 21.019 eurokoa zen eta 28.194 eurokoa gizonena. Diputatu nagusiaren esanetan "soldata-arrakalarena da desberdintasuna nabarien erakusten duen datuetako bat". 2005 eta 2016 urteen artean 5,4 puntutan murriztu da arrakala, hau da, 2005 urteko % 30,8tik, 2016 urtean diferentziaren ehunekoa 24,5 da. Olanorentzat, "argi dago arrakala murrizten jarraitzeko lanean jarraitu" behar dela. Kanpainak gaia ikuspegirik irekienarekin lantzen du, gizarte osoari begira. Izan ere, diputatu nagusiaren hitzetan, "aldaketa kultural baten aurrean aurkitzen gara, ohituren aldaketa bat, lanean, familian eta gizartean; aldaketa bat etorkizuneko Gipuzkoaren ekonomiaren eta gizartearen oinarrietako bat izango dena".

Olanok azaldu duenez, aldaketarako puntu garrantzitsuenetako bat, kontziliazio erantzunkidea da. Hain zuzen, Etorkizuna Eraikiz dinamikaren ardatzetako bat da hori, bizitza laboral eta familiarraren arteko orekan eragin nahi duena, lanaren antolaketan eta kultura aldaketan eragiteko. Euskadin emakumeen %45ak murriztu ditu lan orduak seme-alabak izan dituenean eta soilik gizonen %5ak egin du. 2016ko datuen arabera, emakumeen %93k eskatu dituzte haurren zaintza burutzeko eszedentziak eta %83,2ak familia-kideak zaintzeko. Etorkizunera begira, diputatu nagusiak garrantzi handia eman die bi aspektu hauei. "Aldundian gure indarrak batu ditugu etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko eta legealdi honetan 30 esperientzia pilotu jarriko dira martxan enpresetan kontziliazio erantzunkidea bultzatzeko". Aldi berean, Berdintasun Organoak martxan jarri du jada Kontziliazio Erantzukideko plana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!