Mendiluzek zuzendutako argazki erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 9a, 01:00

Greba deialdia dela eta, martxoaren 9an egingo dute erakusketaren irekiera ekitaldia. "Herria herri bilakatu zuten Andoaingo emakumeak" izenburupean, historian zehar emakumeek izan duten garrantzia aldarrikatu nahi du Basteroko erakusketak.

“Andre zirenez eta etxeko lanak egiten zituztenez, ahantzi egin dugu parte hori”, Jon Abril Neskatoak dokumentalaren zuzendariaren hitzak dira horiek. 2016an aurkeztu zuen dokumentala, Baztan-Bidasoa aldeko emakumeak gogoan hartzen dituena. Orduko emakume haiek, han eta hemen, funtzio sozial garrantzitsua bete zuten. Familiak handiak izaten ziren, gerra ondoko egoera iluna zen, eta emakume horien ekarpena berebizikoa izan zen. Etxe barruko ekonomia bideratzeko ezinbestekoa. Jon Abrilek mugaz bestaldera lanera joan behar zutenen lekukotzak bildu zituen bezalaxe, Itxaso Mendiluzek andoaindarren herri barruko historian arakatu du.

Gaur, ostirala, zabalduko dituzte erakusketaren ateak
Lan horren lehen emaitza ostiral honetan zabalduko den argazki erakusketan ikusi ahal izango da, Basteroko erakusketa gelan. Emakume langilegoari erreparatu dio, bata eta bestea bereiztea ezinezkoa baita. Iraganeko Andoaingo emakume haiei aurpegia eta izen-abizenak jarri dizkie. Argazki bakoitzaren ondoan azalpen txiki bat joango da, ogibidea zehaztuz, lantoki edo merkatalgunearen izena aipatuz, zein kaletan kokatzen zen erantsiz…

Izan ere, maiz, etxeko gizonaren izena hartu izan dute tabernek, nahiz eta emakume bat edo gehiago izan negozioak aurrera eramaten zituztenak. Tabernetan zerbitzatzen edo sukaldean aritu zirenen errealitatea iluntasunetik argitara ateratzea justiziazkoa da.

Andoaingo garai hartako neskatoak dira –gaurko amak, amonak, birramonak izango direnak– erakusketaren protagonistak. Aiurri hamaboskariari aitortu zionez, Mendiluzerentzat erakusketaren ekoizpen prozesua ezusteko atsegina izan da: "Bizipen zoragarria suertatzen ari zait. Urtetan aurrera doazen herritarrekin jarri naiz harremanetan, eta Andoaingo iraganeko kontu ugari jakinarazi dizkidate; oso eskertuta nago guztiekin. Konturatu naiz erakusketa Andoaingo historia hurbila kontatzeko eta agertzeko modu egokia izan litekeela. Artxiboetan oso gutxitan ageri ohi den informazioa izan arren, gure aurreko emakumeen egunerokotasuna islatzen du".

Trilogiaren lehen zatia
Arakatuz eta informazioa bilduz, oraingo honetan 35 emakumeren istorioak ikusgai ipiniko ditu. Beste bi erakusketa gehiago egiteko materiala ere pilatu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!