Txapela eguna iristear da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 8a, 01:00

Datorren larunbata ekitaldiz betetako eguna izango da Zizurkilen, XXV. urtez Txapel Eguna ospatuko baita. Aurtengoa, jakina denez,  berezia da gainera, urteurren borobilarekin bat Xabier Pellejero herritar nekaezinari herri omenaldia egingo baitzaio. Festa Batzordeko kideek, egunak emango duenaren inguruko berri zabaldu dute:

"Festa batzordetik poza adierazi behar dugu jendearen erantzuna bikaina izan baita orain artean eta ia agortzear daude afarirako txartel guztiak. Azkenak lortu nahi dituenak larunbatean erabat beteko den Plaza Etxeberrira joan beharko du.

Eguna lehenago hasiko da, ordea. Eguerdian, 12:00etan Bukalai dantza taldeak emanaldia eskainiko du Intxaur frontoian.  Zizurkilgo 100 umetik gora izango dira dantzak eskaintzen eta gero guztiei hamaiketakoa eskainiko zaie.

Arratsaldeko 16:00etan hasita, egun honetan tradizioa den txapeldunen musa izango da zentroan. Izen ematea 15 eurokoa izango da eta lehen lau postuek sariak izango dituzte.

17:30etan Plazaberri dema plazan dugu hitzordua. Orain artean plazaratu gabeko idiekin nor baino nor ariko dira Larraulgo Pedro Joxe eta Orioko Oliden, 20 minutuko txandan. Horren ondoren iluntzea jan edanez eta trikitixaz ondo osatuko da, Euskal Herriko gazta ezberdinen dastaketa izango da zimiterioan, Euskal herri osoko 9 gazta ezberdin izango dira dastagai ardoaz eta sagardoaz lagunduta. Giroa jartzen berriz, Irati Irurtzun eta Leire Lasa herriko trikitilariak ariko dira.  

Eta 21:00etan txapeldunen afariak eta omenaldiak emango dio amaiera egunari Plaza Etxeberri jatetxean. Bertan jasoko du aurtengo txapela Xabier Pellejerok iaz txapela eskuratu zuten Teodoro Hernandorena elkarteko kideen eskutik. Amaia Agirre eta Iker Zubeldia bertsolariak ere izango dira eta baita beste ezusteko ugari ere.

Larunbatean Zizurkilgo herrigunera hurbiltzeko deia egiten diegu festa batzordetik herritar eta kanpokoei, eta ahal bada egunarekin bat, txapela jantzita etortzeko ere eskatu nahiko genuke, jai honen ikurra izan delako hasieratik.

Goza dezagula herri giroaz!"

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!