Urnietako Udalak M8ko adierazpen instituzionala onartu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 8a, 01:00

"Zer gertatzen da emakumeek ez badute zaintzen, ez kontsumitzen, ez lan egiten, ezta parte hartzen ere?" galderari erantzunez onartu du martxoaren 8ko adierazpen instituzionala.

Adierazpena osorik:

2018ko MARTXOAREN 8-rako ADIERAZPENA

Zer gertatzen da emakumeek ez badute zaintzen, ez kontsumitzen, ez lan egiten, ezta parte hartzen ere?

Hausnarketa horrexek eraginda, iaz mugimendu feministak emakumeen nazioarteko greba-deialdia egitea erabaki zuen, non eta 70 herrialdetan baino gehiagotan; aurten, 2018an, “Emakumeok planto. Nosotras paramos” leloaren pean errepikatuko da. Grebaren xedea da emakumeen lanak gure gizartean duen inpaktua ikusaraztea eta lan hori aintzat har dadila eskatzea.

Gure gizartearen ongizatea ezinezkoa litzateke bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egingo ez balira, hala nola, pertsonak zaindu (haurrak, adinekoak, mendekoak...) edo etxeko lanak egin. Lan horietako gehienek ez dute ordainsaririk, eta batez ere emakumeek egiten dituzte. Emakumeen ekarpenik gabe, gizartea geratu egingo litzateke.

Emakumeen lanaren zatirik handiena ez da ikusten eta ez da kontabilizatzen. Horrek esan nahi du etxeetan ekoitzitako ondasunen eta aberastasunaren balioa gutxietsi egiten dela, nagusiki emakumeek egiten dituzten zeregin hauen orduak eta ekarpen ekonomikoa ukatu eta ikusezin bihurtzen direla, eta zeregin horiek zaintza, osasun, giza eta babes arloari egiten dioten aurrezpen sozial handia ere ikusezin bihurtzen dela.

Lan-merkatuaren barruan eta kanpoan eskainitako orduak kontuan izanez gero, emakumeek gure gizarteko lanaren %56 egiten dute, baina baita ordainsaririk gabeko lanaren %74 ere. Gainera, feminizatutako lan asko, batez ere emakumeek egiten dituzten lan asko, enplegu prekarizatukoak dira edo lan-merkatuko ezkutuko ekonomiakoak. Sektore horretan, gainera, migratutako emakume ugari enplegatzen dira, eta beroriek jatorrizko inguruneetan beren haurrak beste emakume batzuen zaintzapean utzi behar izan dituzte; hala, zaintza-kate globalak sortzen dira.

Eta egiten dituzten zereginez harantzagoko kontua da; izan ere, emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan igarotzen duten denboraren ondorioz, gizonek denbora gehiago dute beren karrera profesionala eta lan-munduko karrera garatzeko, edo aisiako edozein jarduera sozial egiteko, emakumeek jarduera horietan sartzeko zailtasunak izan arren. 

Denboraren erabilera desberdin hau traba handia da berdintasuna lortzeko, eta gizon eta emakumeei buruzko estereotipoak betikotzeaz gain, generoaren ondoriozko erantzukizunak uztartzeko egiturazko oztopo ere bada, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da gizarteak aitortzea zaintza-lana ezinbestekoa dela bizitzaren iraunkortasunerako; zaintzen inguruko jendarte mailako antolakuntza berri bat babestu beharra dago zeregin hori beste modu batera hornitzeko, gizonen erantzunkidetasuna sustatu beharra dago, gizartea antolatzeko modu honen ondorioz erabakimen- eta botere-guneetan emakumeen talentuaren galera dagoela ikusarazi behar da, antolakuntza- eta enpresa-kultura berdintasunarekin lerrokatu behar dira, eta bizitza pertsonalaren eta laneko bizitzaren kontziliazioa sustatuko duten zerbitzu publikoak indartu behar dira.

Gainera, Urnietako Udalak lanaren, hezkuntzaren, zaintzaren eta kontsumoaren arloan Martxoaren 8aren, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira mugimendu feministak antolaturiko eta deituriko greba deialdiak babesten ditu. Baita, bi edo lau orduko lanuzteak eta elkarretaratzeak ere, betiere emakume bakoitzaren aukera errespetatuz.

Urnietako Udalak urnietarrak deitzen ditu mugimendu feministak martxoaren 8aren inguruan antolaturiko ekintzetan parte hartzera, erraztasunak emanez egun horretarako deituriko alternatiba desberdinei.

Eta azkenik, Urnietako Udalak martxoaren 8an, 18.00etan San Joan plazan antolaturiko elkarretaratzean parte-hartzera animatzen ditu herritarrak.

PSE-k egun horretarako aurkezturiko mozioa berriz, bertan behera geratu zen. EH Bilduko bozeramaile den Mikel Izagirrek lastima agertu zuen adierazpen instituzionalean bat egin ostean, sozialistek mozioa ez erretiratu izanagatik. Gainera, mozio hori onartzea ezinezkoa dela aipatu zuen: “sozialistek planteaturiko mozioan Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote berak konpetentziarik ez dituen arlo batzuetan gauzak martxan jartzea, eta beraz, hori Madrilgo Gobernuari eskatu behar zaio. Jaurlaritzak legedia betearazteko modua du gai honetan, baina ez legedia hori aldatzekoa”. Zentzu berean mintzatu zen Maribel Vaquero EAJ-ko bozeramailea ere: “mozioko lehen bi puntuek ez dute eremu konpetentziala errespetatzen. Bestalde, iruditzen zait guk esfortzu berezi bat egin dugula beste alderdiekin posizioak gerturatzeko, eta adierazpen instituzionalak alderdi guztien babesarekin onartzen direnez, normalean ez dira paraleloki gai beraren inguruko mozioak aurkezten”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!