Planto egiteko deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 8a, 01:00

Andoaingo Asanblada Feminista Martxoak 8ko greba deialdiaren sentsibilizazio lanetan murgildu da, buru-belarri. Abiatu berriak badira ere, geratzeko asmoa etorri dira. Erronka berria dute buruan: sentsibilizazio kanpaina Santakrutzetan.

Elkarrizketa:

Sentsibilizazio kanpaina handia egiten ari zarete. Kide asko zarete Asanblada Feministan, ala gutxiren artean egiten duzue lana?

Bakoitzak ahal duguna egiten dugu. Ikasleak edota langileak gara gehienak, eta ahal dugunean biltzen gara, normalean bi astetik behin. Martxoak 8ko ekintzak prestatzeko gehiagotan bildu behar izan gara, pankartak, kartelak prestatu eta jartzeko. Guztira , orain arte, 15-20 lagun bildu izan gara asanbladatan. 

Aurten, mobilizaziorako ekimen handiagoa ikusten da. Zer dela eta izan daiteke?

Antolaketa da gakoa. Orain arte asanblada antolaturik egon ez izana izan daiteke arrazoietako bat. Udalak antolatu izan ditu ekintzak, baina positiboa da herritarrek euren kabuz antolatutako ekimenak aurrera eramatea. Parte-hartzea eta autogestioa dira gure asanbladaren oinarrietako batzuk. 

Grebak zentzu oso ezberdinak izan ditzake. Zuek zer nolako greba egin nahiko zenukete?

Jendartearentzat ikusezin diren lanak ikustaraztea da greba honen helburu nagusietako bat. Zaintza lanak –bai ordainduak eta baita doakoak ere– egiten dituztenen gehiengoa emakumezkoak dira, eta lan prekarioak izaten dira gehienetan. Emakumeok bizi dugun lanaldi bikoitza salatu nahi da, grebaren bitartez. Egun batez mundua geratzea da helburua, emakumeok geratzen bagara, mundua geratzen delako. 

Aldarrikapenak ere asko izan daitezke. Aurten zer nabarmendu nahi duzue?

Zaintza lanen ikusezintasuna eta emakumeon lanaldi bikoitza. Lan mundura irten ginen, baina horrek lan bikoitza egitea ekarri digu. Burujabetza ekonomikoa lortu dugula saldu digute, eta hein batean hala da, baina egoera prekarioak dira nagusi eta lanaldi bukaezinen ondorioz, bizitza duina izatea zaila da. Bestalde, gizonen soldatekin alderatuta dagoen arrakala kontuan hartu behar da; feminizatutako lanak okerrago ordaintzen dira, eta gutxiago baloratzen dira. Sistema ekonomiko hau salatzea da grebaren helburuetako bat, bizitza eta zaintza lanak erdigunean jarri behar direla uste dugu, eta benetan duten balioa eman.

Nola uste duzue ikusten duela gizarteak, oro har, Martxoak 8ko aldarrikapen eguna?

Urtez urte indarra hartzen ari dela ematen du. Feminismoak gero eta espazio nabarmenagoa du jendartean, komunikabideetan…, guztion ahotan dagoen hitza da. Betaurreko moreak gero eta jende gehiagok jarri dituela dirudi. 

Hori positiboa da, baina garrantzitsua da arazoen erroak bistatik ez galtzea.

Andoaingo Udaleko Berdintasun Saila berri samarra da. Azaroaren 25aren, LGTBI kolektiboaren egunaren edota Jabekuntza Eskolaren bitartez ekimen ezberdinak prestatzen dituzte. Zein balorazio egiten duzue?

Erakunde publikoak borroka horretan inplikatuta ikustea pozgarria da, noski. Baina erakundeek euren espazioa duten bezala, herritar antolatuek ere gure espazioa behar dugu. Andoainen denen arteko lankidetzan sinisten dugu. 

Hartuko al duzue parte larunbat honetako "Martxoak 8, 8 emakume' kalejiran?

Ahal dugunok joango gara. Ez diegu muzin egiten Udalak antolatutako ekimenei, gutako batzuk ere inplikatuta gaude bertako antolakuntzan. Udalak herritarren parte-hartzea kontuan hartzen du ekimen horien antolakuntzan, eta hori eskertzekoa da. 

Egun Andoainen nabarmentzen ari den aldarrikapena pentsiodun eta jubilatuena da. Bitxia bada ere, aldarrikapen horretan lehen lerroan daudenak emakumezkoak dira.

Emakumeak jendartearen erdia bagara, normala izan beharko luke edozein motatako aldarrikapenetan egotea. Gainera, pentsioei dagokienez, emakumeok gara prekarietatea gehien sufritzen dugunak, izan ere emakumeen pentsioak baxuagoak dira gizonenak baino, oro har. Beraz, normala da emakumeak egotea lehen lerroan. Poztekoa da, baita ere, adin guztietako emakumeak plazan elkarrekin ikustea. 

Martxoaren 9tik aurrera talde bezala jarraitzeko asmoa al duzue? Hala bada, zein alorretan zehazki?

Bai, asanbladaren hasiera baino ez da hau, eta aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu. Santakrutzak gertu daude, eta, besteak beste, jai-eremutan ematen diren eraso sexisten inguruko lanketa egitea beharrezkoa dela uste dugu. 

Bestalde, Berdintasun Sailak antolatutako ikastaroetan parte-hartzera ere animatu nahi ditugu herriko emakumeak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!