Bidegileak, berdintasunaren bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 8a, 01:00

“Andoaingo emakumeen aztarnak. Gure ekarpena herriko historiari” izeneko solasaldia egin zuten Basteron, joan zen asteartean. Otamendi, Lizarribar eta Lasartek euren bizipenak eta gogoetak kontatu zituzten.

Hirurak ere emakume langileak izan diren aldetik, memoria ariketa egiteko eskatu zien Jone Larrañaga moderatzaileak. Andoaingo belaunaldi berezi-berezi bateko kideak dira, hirurak ere. Bestela esanda, bi aro oso ezberdinen arteko kate-begiak izatea egokitu zaie: etxean umeen zaintzan geratzen ziren emakumeen eta lan merkatuan murgiltzea gauzarik normalena gisa bizitu duten emakumeen artekoa.

Inmakulada Lasarte 1940an jaio zen, eta 12 urterekin eskola utzi behar izan zuen, gaixo zeukan ama zaintzeko. Oso gazte hasi zen lanean lantoki batean, baina ezkontzerakoan lana utzi zuen, bere garaiko beste hainbat emakumeren antzera. Gerora, etxeko negozioari heldu zion. Harakina izan da urte luzez; herrian pertsona aski ezaguna da.

Arantxa Lizarribar 1945ean jaio zen eta lantegi askotan egin zuen lan, oso gaztetatik hasita. Frankismoaren aurkako eta euskararen eta langileen eskubideen aldeko borrokan inplikatu zen, eta horrek klandestinitateko bizimodua eramatea eragin zion. Andoni Urbietarekin ezkondu eta egun berean, ihes egin behar izan zuen; maiz sufritu zituen kartzela egonaldiak. Galardi haurtzaindegian 32 urte egin zituen hezitzaile gisa, bertako zuzendari izanik.

Maria Jesus Otamendi 1950 jaio zen eta 18 urterekin irakasle titulua lortu zuen. Andoaingo ikastolan aritu zen urtebetez, baina ikasketa laikoagoak eskatzeagatik kanporatu zituzten zazpi irakasleetako bat izan zen. Usurbilgo ikastolan, 35 urte egin zituen.

Hirurak ama dira, eta horietako bi, Maria Luisa eta Inmakulada, amonak ere bai. Udalak antolatutako solasaldian zehar, gaur egungo ikuspegitik xelebreak diruditen hainbat konturen berri eman zuten. Hala nola, iraganean etxetik kanpo lantoki batean lan egiteagatik emakumeek sufritzen zuten presio soziala, soldaten diskriminazioa...

Eskubide eta eskabide asko mugatuta, 1978ra arte

Espainian, 1978ko Konstituzioa heldu zen arte, eguneroko bizitzan zenbait zeregin eta eskubide sozial ez zeuden emakumeen esku. Are gehiago, hainbat prozedura administratiborako aitaren edo senarraren baimena beharrezkoa zen: besteak beste, banketxean kontu korrontea irekitzea, gidatzeko baimena edo pasaportea ateratzea, denda edo merkatalgune baten titularitatea edukitzea, familia planifikazioan sar zitezkeen hainbat erabaki hartzea (abortoa, tronpen lotura...). Berrogei urte pasata, deigarri egiten da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!