"Emakumezko futbolariak bildu ditugu erakusketan"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 4a, 01:00

“Andoaingo emakumeak Euskalduna Futbol Elkartean” izenburuko erakusketa ikusi ahal izango da martxoaren 8tik 11ra, Juanita Alkain plazan. Ixiar Olano Kirol teknikariak hartu du erakusketa antolatzeko ardura.

Zer ikusi ahal izango da Juanita Alkain plazako erakusketan?

Euskalduna futbol taldean emakumeek izan duten parte hartzea islatzen duen argazkien bilduma izango da. Emakume jokalariak, ia 80, ikusgarri bihurtuko ditugu, 2004tik gaur arteko irudien bitartez. Ofizialki, Euskaldunak emakumeen mailan 2004ko irailaren 18an jokatu zuen lehen partida Zumaiaren aurka; Leire Oterminek sartu zuen lehen gola. Zoritxarrez, ezin izan dugu lortu denboraldi hartako irudirik.

Zenbat argazki jarriko dira, eta nortzuk utzi dizkizute?

22 izango dira denera. Argazkiak, batez ere, Javier Zatarain argazkilariak utzi dizkigu, eta bakar batzuk Beñat Erkiziak eta Aiurri aldizkariak. Bestalde, esan beharra dago erakusketa Andoaingo Udaleko Berdintasun Sailak eta Jarduera Fisiko eta Kirola Sailak elkarlanean antolatu badugu ere, Euskaldunaren, jokalari ohien eta Zatarainen laguntza jaso dugula.

Nori aholkatuko zenioke erakusketa ikustea?

Herrian ezagunak ditugun bizilagunak azalduko dira izen abizenekin, eta iruditzen zait futbolzaleez gain, geure herriko historia hurbilaren zati batekin interesa duen edonorentzat izan daitekeela interesgarria. Azken batean, ehun urte betetzera doan klub baten historian, mugarritzat jo behar da emakumeak ere parte aktibo bilakatu izana.

Andoaingo emakumeeentzat, beste zenbait herriekin alderatuta, ez da futbola hain erakargarri bilakatu. Zergatik dela uste duzu?

Hala da, baina ez dakigu zehazki zergatik izan litekeen. Kontrako faktoreen artean, bata orokorra izan liteke: egun, oraindik, emakume gazteei mutilei baino gehiago kostatzen zaie kirola egitea. Andoainera etorrita, Euskaldunako aurreko zuzendaritzak ahaleginak egin zituen emakumeen artean futbola sustatzeko, eta baita egungoak ere. Lanean jarraitu beharko da, formula egokia topatu arte.

Futbol partida batekin amaiera emango diozue erakusketari.

Jokalari ohien eta egungoen arteko partida izango da, Ubitarten, 12:00etatik aurrera. Eta hurbiltzen direnen artean zozketa egingo da: Basteroko sarrerak, Realeko jokalariek sinatutako kamiseta,...

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!