Indarkeriaz hildakoak gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 4a, 01:00

Indarkeriak eraildako herritarrak omendu dituzte Zizurkilen, Pello Mari Otaño plazan landatu berri duten Gernikako haritzaren inguruan. 36ko estatu kolpean eraildakoak, ETAren biktima, zein indar polizialek eraildako herritarrak izan dituzte gogoan, ekitaldi hunkigarrian. 

[Argazkiak]

Leire Zubeldia herritarrak sortu eta irakurritako olerki batek eman dio hasiera ekitaldiari. Ekitaldi xume eta hunkigarria izan da, etorkizunera begira jarri dena, eta haritz landatu berriaren inguruan gauzatutakoa. Gernikako arbolaren kimua da, hain zuzen, Zizurkilgo plazan jarri berri dutena, Teodoro Hernandorena taldeko Joxin Azkue herritarrak azaldu duenez, gaur egun Gernikako Juntetxean dagoen haritzaren anaia da, 18 urteko haritz gaztea.

Memoria, eta biktima guztiei zor zaien aitortza izan da ekitaldiko muina. Udalak aitortza egin die biktima horiei eta baita barkamena eskatu ere: "Guztiok errazago begiratu diogu gertuko sufrimenduari urruneko jotzen genuenari baino. 2015ean udalbatzak Galarza aitortzeko onartu zuen idatziak dioen bezala, barkamenak eskatzen dizkizuegu guztioi inoiz ahaztuak edo baztertuak sentitu bazarete eta elkarlana eskaintzen dizuegu aitortza, egia eta justizia lortzeko bidean". 

Etorkizunera begira ere jarri nahi izan dute martxoaren 3ko ekitaldian: "ETA gaur, hemen, oinarri horien gainean aurrera begiratu nahi dugu. Belaunaldi berriak eraikitako herri hobe bat ikustea opa diogu haritz honi, memorian ongarrituta haziko den herri bat. Hala izan dadila". 

Oroigarri bana jaso dute indarkeriaren biktima izan direnen senideek eta Alaitz Ormazabalek abestutako agurra dantzatu diete Janire San Sebastian eta Irantzu Urkola dantzariek. Ondoren, zuhaitz landatu berriari lurra botatzeko aukera izan dute senideek. 

Gernikako arbolari Iparragirrek eskainitako abestia abestu ondoren, bertaratutako guztiek izan dute zuhaitzari lurra emateko aukera. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!