Zanpatuz mendi taldeak urteroko eski irteera antolatu du. Martxoaren 10ean izango da aurtengoa, larunbatarekin, eta egun bakarrekoa. Luz Ardiden aukeratu du Xabier Irastorza antolatzaileak, pasa den urtean bezala, Luz Saint-Sauveur herrian materiala alokatzeko aukera oparoa eta azkarra baita. Eski alpinoa, snow-a eta erraketak egiteko materiala alokatzeko aukera izanen da, hala nahi izanez gero.
Izena emateko azken eguna, igande honetan
Izen emateko epea martxoaren 4an bukatuko da, igande honetan, eta Xauxar tabernan eta Ikasmin akademian egin daiteke. Izena ematerakoan, ordaintzeaz gain zein aukera egiten den zehaztu beharko da derrigor, antolatzaileek alokatu behar den material zerrenda eskaera garaiz egiteko.
Autobusaren ordainsaria 10 eurokoa izango da, heldu eta haurrentzat. Forfaita eta autobuseko joan etorria ere prezio berean denentzat, 45 euro. Materiala behar duenak, 60 euro gehiago ordaindu beharko ditu eski alpinoa edo snow egiteko hautua egiten badu (55 euro haurrak), eta erraketakin buelta eman nahi duenak, 25 euro. Irteera goizeko 6retan izango da Matxo taberna ondoko autobus geltokitik, eta itzulera iluntzeko 20:00ak alderako espero da. Mendi elkartetik ordutegia errespetatzeko eskaera egin nahi zaie irteerara joaten direnei, iragarritako orduan Urnietara bueltatu ahal izateko.
Mendi Film, datorren apirilaren 13an Urnietan
MendiFilm Mendi pelikulen festibalak Urnietan eginen du geltokia bigarren urtez jarraian. Iaz udazkenean izan zen, baina aurten udaberri betean izanen da, apirilaren 13an, hain zuzen ere (ostirala). Urnietako Udalak antolatzen du ekimena, eta bere nahia zen mendiko pelikula horiek ikusteko aukera hilabete batzuk aurreratzea, udazkena iristerako Urnieta eta inguruko herrietako jende askok saritutako filmak ikusita dituelako, dagoeneko. Apirilera aurreratuta, Urnietan baino lehenago, eta Gipuzkoan, Eibarren, Tolosan, Eskoriatzan eta Hondarribian bakarrik ikusi ahalko dira 2017ko ekitaldiko film onenak, eta udaletxean horrek jendea Urnietara erakartzeko itxaropena dute.
Lau film ikusi ahal izango dira ilunabar horretan Saroben. 'Mama', epaimahaiaren saria jaso zuen filma. Eskalada egiten duen ama baten esperientzia du ardatz, Kinga Ociepka-Grzegulska emakume poloniarrarena, hain zuzen ere. 'The Frozen Road', bizikletan eta negu betean Kanadako Artikoa zeharkatzen duen gizasemearen abentura (Ben Page). Brad Gobright da 'Safety Third' pelikulako protagonista, librean eskalatzen duen munduko eskalatzaile onenetakoa. Laugarren pelikula 'Song for the nomad' izanen da, eta Kirgizistango Tienshan mendietako nomaden bizitza eta mendi eskia uztartzen ditu.
Pelikula horien guztien trailer-ak dagoeneko ikusgai daude Bilbao Mendi Film Festival webgunean. Mendiaz pantaila handian gozatzeko aukera berria, beraz.