"Guztioi eragiten digun arazoa da"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mar. 2a, 01:00

Euskadin eta espainiar estatu osoan zehar koordinadora bat lanean ari da, pentsioen duintasuna aldarrikatzeko asmoz. Astez aste hazten ari den mugimendua da. Bilbon, esaterako, bilkura jendetsuak irudi ikusgarriak utzi ditu. Andoainen ere borrokan ari dira.

Valeria Viguera Andoaingo pentsiodunen elkarretaratzeak sustatu dituen mugimenduko kideetakoa da.

Aste batzuk badaramatzazu Andoaingo elkarretaratzeetan parte hartzen...
Bai. Nire alderdiaren bitartez izan nuen protestaren berri, orain hiru bat aste edo. Hiruzpalau pertsona bildu ginen udaletxearen aurrean, pankatari ozta-ozta eusteko moduan. Gure artean genion: “Hau zabaldu beharra dago. Ez da posible guztioi eragiten digun arazoa izanda, lau katu biltzea”. Era horretan, sare sozialetan mezua zabaltzen hasi ginen, eta batez ere, ahoz ahoko kanpainari ekin genion.

Lau zineten lehenbiziko txandan. Aurreko astean hogeita hamar, astelehen honetan ia 200 lagun...
Haziz doan mugimendua da. Bapatekotasunetik dauka asko, eta ahoz aho zabaltzen ari da. Eguraldi kaskarra eduki dugu aurreko asteetan eta jendea ez da animatu, baina ikusiko duzue, hurrengo asteetan gehiago izango gara! Asteleheneroko mobilizazio honek ez dauka iraungoitze datarik. Pentsio duinak lortu arte, ez da etenik izango.

Kanpaina egiten zabiltza. Zer nolako egoerak topatu dituzu?
Izugarria da zenbaitek bizi duten prekarietatea. Badago jendea hilabetea 300 edo 400 euroekin pasa behar duena. Ezinezkoa zaio etxean, esaterako, berogailua piztea. Eta, ondorioz, manta bat gainean duela bizi beharra dauka. Ez dago eskubiderik!
Errealitate horren aurrean, batzuek batzuk animatzen ari dira kalera atera eta protesta egitera. Baina beste batzuk, oso jarrera pasiboa daukate; “alferrik da kalera ateratzea, nahi dutena egingo dute” esaten dizute. Nik erantzuten diet, alferrikako kontua, benetan, etxean gaizki esaka jardutea dela, orduan bai inork ez digula kasu izpirik egingo!

Zer eskatzen da elkarretaratzeetan?  
Gobernuak entzun egin behar gaitu: Jende asko bizi da oso egoera prekarioan.
Pentsio duin batekin bizi nahi dugula aldarrikatzen ari gara. Mezua goiko esferatan soldata potoloarekin bizi diren politikoei luzatu nahi diegu. Horiek ederki asko dakite euren etorkizun pertsonala ziurtatzen. Bigarren soldata galanta jasotzen dute aurretik gobernuan karguak eduki dituztelako; eta ez hori bakarrik, Endesa eta antzeko enpresa handietan administrazio kontseiluetan sartzeko modua aurkitzen dute. Klase politiko horri ahaztu egin zaio iraganean kaleko jantziekin boto eske ibili zela, herritar xumeak zirela aldarrikatuz...

Beraz, Rajoyren gobernuak 2018rako agindu duen %0.25eko igoera ez duzue inolaz ere onartzen. Suminduta agertu zarete.
Lotsagarria izan da! Euro baten igoera esan nahi du, kasu gehienetan. Gobernuari gehiago kosta zaio gutuna bidaltzea, euroaren igoera bera baino. Pentsiodun askok gutuna sutara bota dute, edota gobernuari bueltan itzuli. Jendea suminduta kalera atera da.

Pentsiodunak zarete ia denak gaur bilkuran. Gizarte osoari dagokion arazoa dela adierazi duzue, ostera. Iritsi al da zuen mezua?
Oraingoz, ez. Goiz ala berandu, belaunaldi gazteei ere eragingo die. Eroso eta ezeren faltarik izan gabe bizitzera ohitu ditugu. Ez dezatela pentsa hori betiko izango denik. Francoren diktadura bizi izan genuen; egoera gogorra zen, baina borroka latza eginez hainbat eskubide lortu ziren. Bada, eskubide horietako batzuk galdu egin ditugu azken urteotan. Eta beste batzuk galzorian daude. Gainera, greba eskubidea murrizteko Mozal legea asmatu dute ere. Belaunaldi guztiak ez bagara biltzen kausa honen alde, denon kalterako izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!