Kale-altzari berriak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 27a, 01:00

Amasa-Villabonako Udalak jakinarazi duenez, hiri altzari berriak jartzen ari dira herrigunean barrena. Prentsa oharra igorri du, horren berri emateko:

Herriguneko hiri-altzariak berritzen ari gara

Oria ibaia bideratzeko eta Zubimusu zubi berria eraikitzeko obren azkeneko lanetan Udalak eta Eusko Jaurlaritzak garatutako negoziaketen ondorioz sortu den "Ula" atze aldeko pasealeku berriak itxura aldatu du apaingarri berriak eta hainbat eserleku ipini ondoren.

OSATUZ Herrigintza (hilabete honetan amaitzen da) programaren lehenengo fase barruan dauden hobekuntza horiek espazio berri honi hiri-pasealeku bati dagokion ekipamendua ematea suposatu dute. "Inguru berri hau herritarrek sarri erabiliko duten gune atsegin bat bihurtu nahi genuen" adierazi du Maite Izagirrek, erantsiz, zuhaitzak hazten diren heinean espazioa are eta ikusgarriagoa izango dela.

Bestalde, OSATUZ programaren emaitzak beste tokietan ere ikus daitezke. Amalur Plazan (parrokiako elizaren ondoan) eserleku guztiak aldatu dira, eta datozen asteetan gune horretako farolak eta bestelako hiri-elementuak margotzeari ekingo zaio. Hiri-altzarien aldaketa (eserlekuak) jadanik gauzatu da beste guneetan, Etxeondo auzoan (jolasgunea eta parkea), Altzin kalean, Erniobea kalean eta kale Berrian esaterako.

Datozen egunetan eliza alboko fatxada batetan eserleku berriak ipiniko dira eta Larrea auzoko hiri-altzari batzuk berrituko dira (errepiderantz). Eta hemendik aste batzuetara, Larrea eta Arroa auzoetako eserleku guztiak aldatzearekin plan honi amaiera ematea espero da. "Aspektu honetan herriak erakusten zuen itxura narriatua aldatzea da ideia; hiri-paisaia berritua eta kalitatezkoa edukitzea", azaldu du alkateak.

Autobus geltokiak argiztatu dira

Udala herriko autobus geltokietan argia jartzen hasi da. Helburua bikoitza da. Alde batetik, gauez inolako ikuspenik ez dutelako gune arriskutsu bihur daitezkeen puntuak argiztatzea, eta bestetik, Lurraldebus zerbitzuaren erabiltzaileei erosotasun handiagoko eremua eskaintzea. Momentuz, argi-puntu horiek Kale Berriko (Donostiarantz) eta eliza ondoko geltokietan ipini dira, eta datozen egunetan, gainerako geltokiak argiztatzen jarraituko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!