Hamar milatik gora elikagai bildu dira Sahara aldera bidaltzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 26a, 01:00

Hurria-Sahara elkarteak 10.448 kilo elikagai bildu ditu Tindufeko kanpamenduetara bidaltzeko. Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie elikagaiak eman dituzten andoaindar guztiei, Udalari eskainitako laguntzagatik eta Andoaingo denda handi zein txikiri izan duten jarrera eredugarriagatik.

Bi hilabete iraun duen lan saioan Hurria-Sahara elkarteak 10.448 kilo elikagai bildu ditu Saharako kanpamenduetara eramateko. Giza laguntza hau Elikatu Esperantza kanpainaren baitan kokatzen da eta Tindufen bizi diren familia sahararren pobrezia egoera leuntzeko egin ohi da. Elikagaiez gain, haur eta helduentzako pixa-oihalak jaso dira, baita eskolarako materiala eta botikak ere.

Hurria-Sahara elkarteak eskerrak eman nahi dizkie elikagaiak eman dituzten andoaindar guztiei, Udalari eskainitako laguntzagatik eta Andoaingo denda handi zein txikiri izan duten jarrera eredugarriagatik. “Hurria-Saharak berriro zoriondu nahi ditu andoaindarrak erakutsi duten eskuzabaltasun eta elkartasunagatik. Urtero laguntza eskatzen dugun bakoitzean jendea erruz hurbiltzen zaigu saltokietan eta aurten ere arrakastatsua izan da elikagai bilketa”.

Sei kamioiz osatutako karabana larunbatean irtengo da Bilbotik eta 200 tona elikagai eramango ditu.

Hurria-Saharak gogorarazi nahi du familia sahararren egoera penagarria dela, Tindufeko basamortu zati batean botata daudela Marokoren politikaren errepresioaren eta nazioarteko erakundeen utzikeriaren erruz. Hurria-Saharak salatu nahi du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela 42 urte pasatu badira ere, 1976ko otsailaren 27an, hain zuzen ere, Sahara libre izateko oraindik irteera politikorik ez dela gauzatu. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!