Pianoaren topagunea izan da Andoain asteburu osoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 26a, 01:00

Euskal Herri osoko 733 piano jotzaile bildu dira Basteron atzo hasi eta gaur ilunabarrean amaitu den 13. Piano Jaialdian. Modalitate eta maila ugaritan hartu dute parte piano jotzaile gazteek larunbatean eta igandean, bakarka, lau eskuatara eta sei eskutara. Gaur, arratsaldean, amaiera ekitaldia ospatu da Basteron. Sariak banatu zaizkie epaimahaiak jotzaile trebatuenak izendatu dituztenei, Ainhoa Asiertzak aurkeztu duen ekitaldian.

[Argazkiak] [Bideo sorta]

Arratsaldean zehar antolatzaileek bi “sorpresa” iragarri dituzte amaiera ekitaldirako. Bata, Ana Carrere alkateak eta Esti Mujika Kultura zinegotziak mintzaldia egiteko erabili duten formula izan da. Sarien banaketan ostean, Mujika pianoaren aurrean jarri eta Mikel Laboaren abesti bat (Martxa baten lehen notak) interpretatzen hasi da; bien bitartean, Carrerek testu bat errezitatu du, eta besteak beste, eskerrak eman dizkiete Piano jaialdia posible egin duten guztiei, piano jotzaileei, euren irakasleei eta antolatzaileei.

“Operacion Triunfo” telebista saioko irabazle eta Eurovisionen kantatzeko txartela lortu berri duen Amaia Romero iruñearra izan da bigarren ezustekoa. Gaztetan, hiru txandetan hurbildu zen Andoaingo jaialdira, eta 2011an urrezko domina irabazi zuen. Bada, berak egindako grabazio txikia bidali du Basterora, eta piano jotzaile gazteei animuzko mezua luzatu nahi izan die, ez dezaten amore eman eta jarrai dezaten musika zaletasunean sakonduz entseguz entsegu.  

Paregabea izan da Piano Jaialdiaren antolaketa, urtero ohi den bezala. Deidar elkarteko Txitxu Castro, Ainhoa Aiertza eta Miryam Ulangaren ezinbesteko ahaleginaz gain, azpimarratzekoa izan da laguntzaileen parte hartzea, horietako asko Udal Musika Eskolako ikasleak edo ikasle ohiak.

Jada 14. Edizioari begira jarri dira guztiak ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!