Euskara, zaintza arloan indartzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 24a, 01:00

Hiru urtetako proiektua da Combi, eta zaintza arloan lan egiten dutenei euskara erakustea du helburu. Praktika errealetan oinarritutako ikastaroa da, eta bertan adinduekin izango dituzten zenbait egoera antzeztu dituzte, euskara praktikatuz.

Zaintza arloan lan egiten dutenei hizkuntza gutxitua erakusteko metodologiak garatzea da Combi proiektuaren helburua. Sei emakumek hartu dute parte, eta praktika errealetan oinarrituz, lanerako behar duten euskararen gutxieneko ezagutza jaso dute bi astetan, orotara hogei ordu. Sari gisa diploma bana jaso zuten Maripi Sarasola Urnietako Euskara zinegotziaren eskutik.

Petra Elser, Banaiz Bagara Elkarteko kidea izan dute euskara irakasle, eta azaldu duenez, "lehen aldiz etortzen direnean euskara ez dakitela esaten dute, baina kasu gehienetan beti dakite hitzen bat edo beste".

Ikasleen garapena ikastaroan zehar

Combi proiektuko teknikaria den Ana Labakak ikasleek eduki duten eboluzioa aztertu du. Ikastaroaren lehen egunean praktika erreal bat egiten jarri zituen, eta zuten maila idatzi zuen orrialde batean. Azken egunean, praktika berdina errepikatuarazi zien eta izan duten eboluzioa aztertu ahal izan du.  "Gramatika eraskusteaz harago doan proiektua da. Beste zenbait alderdi ere lantzen ditugu, hala nola, soziologikoa, sozio-linguistikoa edota zaintzari lotutakoak", azaldu du Combi proiektuko teknikariak. Eboluzioa oso handia izan dela adierazi dute bai Labakak eta bai Elserrek.

Euskara mailaz gain, adineko pertsonengana hurbiltzeko duten gertutasuna ere hartu dute aintzat Combi proiektuan; baita adindua animatzeko duten gaitasuna edota zenbateraino bultzatzen duten adinduaren autonomia ere.

Ikastaroa proba pilotu gisa erabiliko da hizkuntza gutxitua duten Europako beste herrialde batzuetarako baliogarria izan dadin. Gainera, metodologia horretan oinarritutako gidaliburua prestatzen ari dira; eta aldi berean, Internet bidezko ikastaroak ere ematen dituzte.

Jatorri anitzeko ikasle taldea

Marlene, Liset, Lali, Angela, Mary eta Juani dira Combi proiektuan parte hartu duten ikasleak. Kubatik, Nikaraguatik, Perutik, Nigeriatik eta Badajoztik etorri dira Urnietara nahiz inguruko herrietara bizitzera. Zaintza arloan egiten dute lan, batzuk zaharren egoitzetan eta beste batzuek etxez etxeko zaintzan. Euskara ikasteko beharra sentitu dute lanean, eta horregatik hartu dute parte Combi proiektuan."Aiton-amonak oso pozik jarriko dira euskaraz entzuten nautenean", adierazi du irribarre batez Juanik.

Bi asteren ostean adinduekin elkarrizketa txikiak mantentzeko gai ikusten direla adierazi dute, eta pozik daude egin duten ahaleginagatik. "Hasieran euskaraz hitz egitea asko kostatzen da, baina pixkanaka zure buruarekiko konfidantza hartu, eta nahastuagatik ere jendeak euskaraz hitz egitera animatzen gaitu", azaldu du Lalik.

Lanerako bakarrik ez, bilobekin komunikatzeko ere euskara baliagarri zaiola azaldu du Juanik: "Orain nire bilobekin euskaraz hitz egingo dut".

Petra Elserri eskerrak eman nahi izan dizkie bi astez euskara erakusteagatik, eta eurengan konfidantza jartzeagatik. Euskara ikasten jarraitzeko gogoz daudela ziurtatu dute.

Banaiz Bagararen ekimena Urnietaz harago doa. Duela bi aste Andoaingo San Juan Bataiatzailean egitasmo honi lotutako bideo grabaketak egin zituzten, aktore eta zuzendari profesionalen parte hartzearekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!