Herriko premia ezberdinei erantzuteko egokituko dute Txantxaneko etxabea. Plazan bertan kokatua, eta haur parkea aldamenean duela, hainbat zerbitzu eskaintzeko gune egokia dela iritzi dio Udalak. Josu Amilibia alkateak azaldu duenez, “aukera ezberdinak eskaintzen zituela ikusita, 2016 urte amaieran erosi genuen Txantxaneko lokala. Oso toki egokian dago, eta aukera sortu zenean, Udalak aurrera egitea erabaki zuen”. Proiektua lantzen ari dira orain, eta dagoeneko nahiko finkatuta dago zein erabilera emango zaion.
Liburutegia
Txantxanen eskainiko dituzten zerbitzuen artean egongo da liburutegi berria: “Aspalditik genuen premia hori Adunan. Egun, udaletxeko bigarren solairuan dago liburutegia eta hori ez da batere egokia. Batetik, liburutegia ireki ahal izateko, udaletxe osoa ireki behar da, eta bestetik, jendea eskaileratan gora eta behera ibili beharra ere ez da erosoa”. Txantxane etxean jarriko dute liburutegi berria. “Plazan bertan, haur parkearen ondoan…, oso toki egokia da. Eskailerarik igo eta jaitsi beharrik gabe liburutegira joan eta denbora tarte bat bertan igarotzeko aproposa da”.
Eremua biziberritu
Toki aldaketarekin, liburutegiari bizi gehiago eman nahi diote Adunan. Josu Amilibiak azpimarratu duenez, “askoz ere erosoagoa izango da liburutegi berrira joatea eta jende gehiago ibiliko dela uste dugu. Liburutegia bera biziberritzeaz gain, herriko ingurune hori ere bizitu egingo dela iruditzen zaigu gainera”.
Tamainaz, egun dagoen liburutegiaren antzekoa izango da Txantxanekoa, baina guztiz berritua. “Egoitza bera moldatu ondoren, altzari berriak jarri eta liburuak bertara ekarriko ditugu. Gune goxoa izango da, berri-berria”. Apustua egiten hasita, beste berrikuntza bat ere iragarri du Josu Amilibia alkateak. “Orain arte asteartetan goiz eta arratsaldez irekitzen zen eta baita ostiral arratsaldetan ere. Liburutegi berria, ordea, arratsaldero irekiko dugu”. Horretarako, kultur teknikaria kontratatuko dute lanaldi erdian. Hark izango du liburutegi berria kudeatzeko ardura.
Udaletxean ere aldaketak
Aurrez aipatu bezala, udaletxe barruan dago egun liburutegia. Txantxanera eramanda, udaletxean egokitzapen lanak egiteko aprobetxatuko dute: “Aldaketak egingo ditugu. Idazkaritzak bere bulegoa izango du eta artxiboa ere egokitu egingo dugu. Orain gela ezberdinetan banatuta daude artxiboak eta lanak amaitzen ditugunean, guztia bateratuta egongo da, eta artxibozainak ere lanerako toki egokia izango du”. Artxibategia egokitzeko egingo diren lan horiek aprobetxatuz, suteetatik babesteko sistema berezia ere jarriko dutela iragarri du Josuk: “Sua pizten bada, hori jakinaraziko duen gailua jartzeaz gain, garrak itzaltzeko gas berezi bat isurtzeko sistema ere jarriko dute. Izan ere, paperezko dokumentuak dira artxibategikoak eta ezin da ura erabili itzaltzeko, dokumentuak hondatu egingo liratekeelako. Sistema berri horrekin suteak saihestuko genituzke, dokumentu historikoei kalterik eragin gabe”.
Haurren txokoa
Liburutegiaz gain, Txantxane etxeak zerbitzu gehiago ere hartuko du bere baitan. Herrian lehendik ere bada haurren aisialdirako egokitutako egoitza, “baina gurasoek aspaldidanik aipatzen digute oso txiki geratu dela. Eskaera horri erantzuteko, Txantxaneko sotoa egokitu, eta haurrentzako txokoa prestatutako dugu”.
Liburutegia irekita dagoen orduetan, bertatik sartzeko aukera izango dute erabiltzaileek, baina Josu Amilibiak azaldu duenez, “beste sarrera bat ere izango du. Gaur egun ere, erabiltzaile bakoitzak bere giltza dauka eta premia suertatzen zaionean joateko aukera izaten du. Txantxane etxean ere aukera hori mantendu nahi dugu eta eraikinaren atzealdean dagoen atea erabili ahal izango dute horretarako”. Aukera bikoitza beraz; liburutegian irakurtzen tartetxo bat egin ondoren, haurren txokora joan ahal izango dute txikiek, eraikinetik atera gabe eta, liburutegiko ordutegitik kanpo, atzealdeko atetik sartu ahal izango dute haurren txokora.
Denda-taberna
Hirugarren zerbitzu bat ere pentsatu dute Txantxane etxerako. Izan ere, etxearen saihets batean terraza handi bat dago, eta hori aprobetxatuz, denda-taberna zerbitzua eskaintzeko asmoa du Udalak. “Terrazak aukera polita eskaintzen du eta tabernatxo bat jartzeko asmoa dugu. Oso xumea izango da, sukalderik gabekoa, Uztartzari konpetentzia handiegirik ez egiteko. Lehiaketan aterako dugu taberna horren ustiaketa ere”. Herritarren beste eskaera bati ere erantzungo dio tabernak: “Dendatxo bat jarriko dugu bertan. Herrigunean denda baten premia aipatzen digu zenbait adunarrek. Argi dugu, ordea, denda batek ez duela ekonomikoki errentagarri izateko aukera handiegirik. Izan ere, Adunatik oso gertu erosketak egiteko aukera asko baitago. Apururen bati erantzuteko dendatxoa izango da hortaz. Herritarren momentuko premiak asetzeko balioko duena, eta tabernarekin bateratuta, ekonomikoki bideragarria izan daitekeena”. Indargune handi bat ikusten dio Josuk taberna-dendari: “Terraza handia dauka, eta haur-parkearen ondoan. Aisialdirako aukera berria emango dio herriari”.
Jubilatuen egoitza
Adunako jubilatuak ere kontuan hartu dituzte Udaleko kideek. “Terrazaren alde batean haientzako txoko bat egokituko genuke. Haien aisialdirako aukera polita izan daiteke; elkarrekin egoteko, kartetan jolasteko…, aldamenean taberna izango dutenez, kafetxoa bat hartu eta lasai egoteko tokia egokia izan daitekeela uste dugu”. Nola eta zer egin erabakitzeko, ordea, Adunako jubilatuekin elkartu nahi dute Udaleko kideek. “Haien iritziak entzun nahi ditugu lehendabizi. Zer nahi duten, erabilerarik emango ote lioketen edo ez…”.
Lanen hasiera, aurten
Txantxaneko proiektua lantzen ari da orain Udala eta alkateak jakinarazi duenez, 2018an egokitze lanak hastea da asmoa. “Uda pasata obrak hastea gustatuko litzaiguke, baina oraindik ez dakigu urtean bertan amaitzerik izango dugun”, azpimarratu du Josuk.