Xabier Pellejero omenduko dute Txapela egunean

Ezustean iritsi zaio Xabierri omenaldirako gonbita. Inola ere espero ez bazuen ere, gustura ageri da. Urtetan zehar egindako lana aitortuko diote herritarrek martxoaren 10ean

XXV. Txapela eguneko protagonista nagusia izango zara. Nola hartu zenuen berria?

Herriko jaiak prestatzeko lehen bilera urtarrilean egin ohi dugu. Egun horretan hasten gara, baita ere, txapela nori eman erabakitzen. Aurten, ordea, aurrez eginak zituzten lanak. Bileran bertan esan zidaten nigan pentsatu zutela. Sekula ez zitzaidan horrelakorik burutik pasa ere egin. Sorpresa handia izan zen, eta baita poza ere. Eskertzekoa da nirekin gogoratu izana eta urteurren borobila izanda, oraindik eta gehiago.

 

Zizurkilen bizi zara azken hamarkadatan, baina izatez nafarra zara. Nolaz iritsi zinen Zizurkilera?

38 urte dira Zizurkilera etorri nintzela. Albaitari ikasketak amaitu berri nituen Zaragozan eta lagun batek esan zidan Zizurkilen albaitari bila zebiltzala. Arrasateko Jexux Murgiondo zen garai hartan inguru honetako albaitari, eta bere jaioterrira itzultzeko aukera suertatu zitzaion. Berarekin hitz egin ondoren bere asmoa baieztatu zidan, eta erreleboa lehenbailehen nahi zuela, gainera. Herriko baserritarrekin bilera egin genuen, lanerako prest nengoela azaltzeko. Haien baiezkoa jaso, eta halaxe etorri nintzen.

 

Nola oroitzen dituzu lehendabiziko urte haiek?

Jexux Murgiondorekin batera aritu nintzen lanean bizpahiru hilabetez, Zizurkil eta inguruko baserriak eta baserritarrak ezagutuz, eta baita ofizioa pixka bat ikasten ere. Izan ere, fakultatean, teoria bai, baina praktika gutxi egin genuen. Abantaila txikia banuen, artzain familian jaioa naizelako, eta etxean beti izan ditugu ardiak, oiloak, behiren bat, txerriak…, horrek ere eman zidan animaliekin aritzeko aukera, noski. Baserritarrek oso ondo hartu ninduten, eta erraz moldatu nintzen.  Pantxikane izan zen nire lehendabiziko bizilekua. Jone Otegi zizurkildarrarekin ezkondu eta Arripitxira joan ginen ondoren, eta urte asko egin genituen bertan. Orain, Epergain kalean bizi gara, gustura.

 

Gaztea zinen jaiotetxea utzi eta Zizurkilera etorri zinenean. Herriminik sentitu izan al duzu?

Oso gaztetandik etxetik kanpora bizitzen ohituta nengoen. 12 urte inguru nituela, Iruñeara joan nintzen ikasketak egitera eta gero Zaragozara, albaitaritza ikastera. Zizurkildik Gaintzara, gainera, ez dago bide luze-luzea ere, eta nahiko maiz joateko aukera izaten nuen. Gainera, hemen lagunak egin nituen, bai baserritarren artean, baita herriko gazteen artean ere. Segituan moldatu nuen nire bizimodua Zizurkilera. Alde horretatik, zorte handia izan nuela esango nuke. Gainera, Zizurkilera etorri aurretik ere, oso garbi nuen nire lanbidean lan egin behar banuen, etxetik mugitu beharko nuela.

 

Urte asko daramazu albaitaritzan. Aldaketa handiak nabarituko zenituen zure lanbidean ere…

Bai, erabat aldatu da. Ganadutegiak asko aldatu dira eta baita lanerako modua ere. Behi kopurua ziur aski garai batekoaren paretsu ibiliko da, baina esne-behiak oso ukuilu gutxitan kontzentratuta daude. Larreko ganadu asko dago, ardiak ere garai batean baino gehiago… Gure lan mota oso ezberdina da.

Gure belaunaldian albaitaritza ikasketak egin genituenok, nahiko erraz bilatu genuen lana. Garai hartan, baserri guztietan egoten ziren esne-behiak eta gure aurretik lanean ari ziren asko erretiratzen joan ziren. Aldaketa garaia izan zen hura. Baserria profesionalizaten joan zen. Baserri bakoitzeko behi kopurua igotzen hasi zen eta genetikoki ere hobeak ziren behiak jartzen joan ziren. Urte batzuetan lanketa handia egin genuen denen artean; baserritarrek eta albaitariek elkar lagundu genuen eta administrazioak ere jarri zuen bere aletxoa.

Nire lanbidea izateaz gain, afizio nagusia ere animaliak dira. Baserri koskor bat erosi genuen Asteasun eta hantxe ditut ganaduak: Behiak, abereak, ardiak..., denbora-pasakoak. Uda gozatu hutsa izaten da, haiek ikusiz egoteko. Neguan, eta aurtengoa bezalako neguetan are eta gehiago, ukuiluan eduki beharra daude eta lan handia ematen dute. Nolanahi ere, gustuko lotura da hori niretzat, gozamenerako bide. Denbora jaten dizute, baina norberak aukeratzen du zertan pasa denbora, eta nik horretantxe pasatzen ditut orduak.

 

Herrigintzan egindako lanagatik omenduko zaituzte martxoaren 10ean.

Bai, Zizurkilera iritsi, eta luze gabe hasi nintzen herrigintzako ekimen ezberdinetan parte hartzen. Herriko giroan murgiltzen joan nintzen bezala, modu naturalean hasi nintzen lan ezberdinetan parte hartzen. Ezkertiarra izan naiz beti, eta politika arloko lanketa ezberdinetan aritu ginen garai hartan. Udaleko zinegotzi ere izan nintzen eta, horrekin batera, festa batzordean ere parte hartzen hasi nintzen.

Urte luzez aritu izan naiz festa batzordean, ekitaldi ezberdinak antolatzen. Garai batean, oilasko-jokoa antolatzen aritzen nintzen, eta idi-froga ere neronek antolatzen dut. Txapela ere bide horretatik etorriko zen noski; nonbait iraupenak ere balio du eta. Festa batzordetik kanpo zebilen talde batek abiarazi zuen Txapela eguna. XX. urteurrenean haiei eman zitzaien txapela, gainera. Festa batzordeak du orain Txapela eguna antolatzeko ardura, eta nirekin gogoratu dira.

 

Herrigintzan egindako lanagatik herritarren eskerrona jasotzea ez da ohikoa izaten…

Ez da erraza denen gustua egitea, eta batzuetan ez da asmatzen. Ikuspuntu ezberdinak ikusitakoan, erdibidea bilatzeko saiakera egin ohi da, baina hala ere, ez da erraza asmatzea. Nolanahi ere, ez nuke esango herrigintza esker txarreko lana denik. Lanak egiteko jendea biltzen denean, normalean ondo ematen da. Lanketa potoloa egiteko jende gutxi dagoenean okertzen dira gauzak. Lan karga handiegiak zapaldu egiten zaitu eta herrigintzan, horixe da zailtasunik handiena; jendea lanera erakartzea. Gure gazte garaitan ere ez zen erraza herrigintzarako jendea biltzea. Garaiak ere ezberdinak ziren, borroka politikoa askoz ere gogorragoa zen…, jendea gerturatzen zen, baina burrundarik gabe.

 

Udalean, zinegotzi lanetan aritu zinela aipatu duzu. Kontaiguzu…

Bi legealdi egin nituen Udaleko lanetan, bat agintean eta beste bat oposizioan. Udalean aritzeak beste ikuspegi bat ematen dizu. Nekazaritza gaien ardura nuen, eta gauza askoz jabetzeko balio izan zidan. Bestela ikusiko ez nituzkeen arazoen berri izan, jendearen iritzi ezberdinak jaso…, aberasgarria izan zen.

Geroztik, Udaleko ardurarik ez dut hartu izan. Tarteka, ordea, Udaleko alkate eta zinegotziekin bildu eta herriko kontuez aritzen gara zenbait herritar. Mahai gainean ikuspuntu ezberdinak jartzen ditugu, herriko gora-beherei irtenbide egokiak bilatu nahian.

 

Martxoaren 10a nola joango den pentsatu al duzu?

Momentuz ez dut gehiegi pentsatu nahi izan. Momentua iristean ikusiko dugu. Txapela jartzean, hitzen bat edo beste esan nahi nuke, baina gidoirik guztiz zehaztu gabe. Ez naiz oso hizlari bizkorra, baina eskerrik asko gutxienez esan nahi nuke, eta beste zerbait gehiago ateratzen bada, ongietorri.

 

Jaietako txupinazoa botatzea ere egokituko zaizu aurten.

Azken urtetan nik prestatu izan dut txupina, txapeldunak bota dezan. Aurten bi lanak egitea egokituko zait. Oso gustura ikusi izan dut txupinazoa botatzeko momentu hori, baina ez dakit neroni nola sentituko naizen. Urduritasun puntua izango dut, ziur.

Dagoeneko hasita gaude festak prestatzen. Abuztuaren 14tik 18ra luzatuko dira aurtengoak, ohi baino egun bat gehiago. Normalean lau eguneko formatoa izaten da, baina aurten Amabirjin eguna asteazkenarekin egokitzen da, eta asteburua harrapatzeko, egun bat gehiago luzatzea erabaki du jai batzordeak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!