Iraganeko Andoaingo emakume langileak, argitan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ots. 24a, 01:00

Itxaso Mendiluze Andoaingo atzoko emakume langileen inguruko argazki bilduma osatzen ari da, Basteron erakusgai jartzeko, Martxoak 8ko ekitaldien baitan.

Zer erakutsiko digu prestatzen ari zaren erakusketak?

Iraganeko Andoaingo emakume langileei aurpegia eta izen abizenak jarriko dizkien argazki bilduma izango da. Argazki bakoitzaren ondoan azalpen txiki bat joango da, zehaztuz zeintzuk ziren euren ogibideak, zein lantoki edo komertzioetan egiten zuten lan, zein kaletan kokatzen ziren… Azken batean, emakume horiei protagonismoa emanez, omenaldia modu grafikoan eskainiko zaie.

Oraingo erakusketan 35 bat emakumeren istorioak bilduko dira. Izan ere, berez, hiru erakusketa izango dira, urtean bat.

Nola sortu zitzaizun erakusketaren ideia?

Artista lagun batek eta biok egitasmo bat darabilgu eskuartean aspalditxoan, kultura ezberdinetan emakumeek otorduetan mahaiaren inguruan dauzkaten jokabide eta ohituren inguruan. Zertan nenbilen aipatu nion Garbiñe Arregi kultura teknikariari, eta berak tentatu ninduen proiekturen bat aurkez nezan Martxoak 8rako. Burua lanean jarri, eta Andoaingo emakume langileen inguruko erakusketa osatzea otu zitzaidan. Argi neukan Andoaingoak behar zutela izan protagonistek, ez edonongoak. Planteamendua erakargarria egin zitzaien bai Agirreri eta baita Ana Sanz Gizarte Zerbitzuetako teknikariari, eta horretara jarri nintzen lanean, buru-belarri. Azken hilabeteetan, karpeta besapean hartu, eta Andoaingo kaleetan nabil hara eta hona. Jende heldua pixka bat aztoratzen ari naiz: honi herriko historiari buruzko galderak egin, hari argazki zahar bat eskatu… Hari-mutur ugari sortu zaizkit, eta guztiei tiraka nabil.

Jendearekin harremanetan jartzea eragin dizu egitasmoak...

Bai, eta bizipen zoragarria suertatzen ari zait. Urtetan aurrera doazen herritarrekin jarri naiz harremanetan, eta Andoaingo iraganeko kontu ugari jakinarazi dizkidate; oso eskertuta nago guztiekin. Konturatu naiz erakusketa Andoaingo historia hurbila kontatzeko eta agertzeko modu egokia, polita izan litekeela. Artxiboetan oso gutxitan ageri ohi den informazioa izan arren, gure aurreko emakumeen egunerokotasuna islatzen du.

 Emakume langilearen errealitatea ezkutatua izan da…

Esaterako, tabernetan zerbitzatzen edo sukaldean aritu zirenen errealitatea. Izan ere, maiz, etxeko gizonaren izena hartu izan dute tabernek, nahiz eta emakume bat edo gehiago izan negozioak aurrera eramaten zituztenak.

Erakusketa hiru fasetan banatuko duzula esan duzu...

Hala da, eta aurtengoa lehenbizikoa izango da. Batik bat herrigunean eta zerbitzuen arloan lan egiten zuten emakumeak (tabernariak, salmentara herrira jaisten ziren baserritarrak, jostunak…) bistaratuko dira bertan. Hurrengo bi urtetan jarraipena izango du erakusketak. Kronologikoki joango dira, garairik zaharrenetik hasi eta gerturatuz. Materiala (argazkiak, testigantzak...) dezente ari naiz biltzen, eta hiru bat erakustaldi egiteko ematen du erraz. Gainera, ziur naiz erakusketak jendearen interesa piztuko duela, eta hortik aurrera informazio gehiagorekin hasiko zaidala gerturatzen.

 Arte komisarioa zara ogibidez. Zure egitekoa artisten eta galerien arduradunen arteko bitartekari izatera mugatzen dela pentsa dezake baten baino gehiagok. Hala al da?

Lan prozesu luzea da komisarioak egiten duena. Ideia bat hartu, landu, ikertu... Imajinatu ezazu eskua gaitzat hartuta erakusketa bat muntatu nahi dela. Aspektu ugari jorra litezke eskuaren inguruan: nola erabiltzen diren, nortzuk, zertarako... Hari mutur batetik eta bestetik tiraka-tiraka zoazela, historian atzera ere joan zaitezke, eta lapurretak egiteagatik eskuak mozten zituzten garaietara iritsi. Planteamentua lotu eta gero, transmititu nahi duzuna egoki irudika dezaketen arte piezak (eskulturak, argazkiak, margolanak...) eta bere egileak hautatu behar dituzu; horretarako arte mundua zertan dabilen ondo jakin behar duzu, noski. Ondoren, katalogoko testuak osatzea dator. Eta behin proiektua biribildu duzunean, kultura programatzaileei edo galerien jabeei aurkeztearen eginkizuna dator. Finantzaketaren arloa ere ez pentsa pagotxa denik, artelanen garraiotik eta seguruetatik hasita.    

Sekula ez al zaitu tentatu arte sortzailearen bidetik jotzeak?

Sekula ez sormenaren zentzu konbentzional horrek. Baina komisario gisa egiten dudana sormena dela esango nuke. Martxoak 8ko argazki erakusketa ere nahiko lan sortzailea da. Sormen ildo hori maite dut nik.

Zer gertatzen da arte erakustokiek publiko askorik ez erakartzeko? Basteroko erakusgela dugu adibiderik gertukoena...

Argi dago kontzientziazio falta dagoela gizartean, heziketa puntu baten beharrean gaudela denok ere. Nik jarrera askea eduki dezagun aldarrikatzen dut: sar gaitezen arte erakustoki batera, eta zintzilikatuta ikusten dugunak pizten digun edozer galdera luzatu diezaiogun artistari, nahiz txorakeria iruditu; lotsa edo beldurrik gabe galdetu. Inor ez da jaiotzen dena jakinda, eta ikasteko oso modu eraginkorra da galdetzea. Azalpen on batek, gure jakinduria handitzeaz gain, iritzia ere alda dezake. Nik, Gabonetan, jendeari artelan bat erosteko edo oparitzeko gomendatzen diot. Zenbaitetan topatzen dira oso garestiak ez direnak. Munduan dagoen objetu bakarra izango da opari hori, beste inork izango ez duena.

Basterori dagokionez, bertan komisario gisa aritu nintzen boladaren gainean mintza naiteke. Orduan lortu zen arte munduko zenbait zirkulu Basterora hurbiltzea, kalitate handiko artistak ekartzea, lekua arte zirkuituetan murgiltzea, bertan jartzen ziren erakusketek aldizkari espezializatuen arreta eragitea... Baina halaber, egia da askotan, ikusle gehiago hurbiltzen zirela erakusgelara kanpotik, Andoaindik baino. Nik uste kale egin genuela, edo behintzat ez genuela asmatu, publizitatearen aldetik; ez genuela jakin Bastero saltzen, ikastetxeekin eta gizarteko beste hainbat taldeekin bisita gidatu erakargarriak egiten...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!